EUROPAKO HIZKUNTZA GUTXITUEN WIKIPEDIAK. ANALISI KONPARATIBOA.

JOSU ALBERO.

Euskal Wikilarien Kultura Elkartea.

Hizkuntza baten indarra aztertzeko soziolinguistek indize bat aintzakotzat hartzen dute usu: Calvet barometroa. Barometro horrek hizkuntza baten osasuna neurtzen du hainbat parametroren bitartez: hiztunen kopurua, ofizialtasuna, hizkuntza horrek hezkuntza munduan duen pisua, hizkuntza horretan argitarazten diren liburuen kopurua, bere hiztunen ugalkortasun-tasa.… eta wikipedian duen artikuluen kopurua, besteak beste. Zer esanik ez dago barometro horretan ingelesa lehenengo tokian agertzen dela. Euskara, aldiz, 51. tokian dago azken barometroan (563 hizkuntzen artean).

Hizkuntza batek wikipedian duen presentzia, horrenbestez, adierazle ona da -beste batzuekin batera- hizkuntza horren indarraz jabetzeko. Hizkuntza batzuek hiztun asko dituzte, baina presentzia oso eskasa interneten (kitxua da horietako bat: 10 milioi hiztun, baina ia presentziarik gabe sarean). Esan gabe doa hizkuntza horiek desagertzera kondenatuta daudela epe motz edo ertainean.

Wikipedia munduko 298 hizkuntzetan dago. Europako hizkuntza gutxitu gehienak wikipedian daude. Guk “hizkuntza gutxitutzat” joko dugu bere lurraldean gutxiengoan dagoena (euskara, galesa, korsikera edo irlandera, esaterako), bai eta gehiengoan izan arren estatu propiorik ez duena ere (katalana, kasu).

Europako hizkuntza gutxituetako wikipedia guztiak ikertu ondoren ondorio honetara iritsi gara: euskara da, katalanaren ondoren, wikipedia garatuena duen Europako bigarren hizkuntza gutxitua. Autokonplazentzian erori gabe, euskal komunitatea harro egon daiteke, beraz, bere hizkuntzan duen wikipediaz.

Baieztapen hori hainbat datutan datza:

1.-) Artikulu-kopuruari dagokionez, euskarazko wikipedia da katalanezko wikipediaren ondoren artikulu gehien dituena (360.000), aztertutako hizkuntza gutxituen artean. Urruti geratzen dira beste hizkuntza batzuk: galiziera (164.000 artikulu), galesa (130.000), okzitaniera (85.000), faroera (39.000), irlandera (52.000), etab.

2.-) Artikuluen kopuruaz gain, artikulu horien garapena eta kalitatea ere garrantzi handikoak dira. Wikipedia guztiek eduki behar dituzten funtsezko 1.000 artikulu aztertzerakoan, katalanezko wikipedia da alde handiz funtsezko 1.000 artikulu horiek hobekien garatu dituena. Horren ondoren galizierazko wikipedia dator, eta gero gure wikipedia. Okzitanierazko, asturierazko, galesezko, irlanderazko, frisierazko eta faroerazko wikipediak, ordena horretan, datoz gero.

3.-) Artikulu ugari eta txukunak izateaz gain, irakurleen kopuruak ere wikipedia baten indarra adierazten du. Ez da nahikoa wikipedia batek artikulu asko izatea, artikulu horiek irakurleak izan behar dituzte. Berriz ere katalanezko wikipedia sailkapenaren goiko tokian dago (650.000 bisita ditu egunero wikipedia horrek). Euskarazko wikipedia da irakurle gehien dituen bigarren wikipedia, Europako hizkuntza gutxituen artean (90.000 bisita egunero), eta galizierazkoa hirugarrena (78.000). Irlanderazko wikipediak 16.000 bisita ditu, galesezkoak 25.000, bretoierazkoak 17.000, okzitanierazkoak ere 17.000, frisierazkoak 14.000, korsikerazkoak 4.500, faroerazkoak 9.000, etab.

4.-) Wikipedia auzolanean egindako entziklopedia digitala da, boluntarioek osatua eta hornitua. Euskarazko wikipediaren atzean dagoen komunitatea oso aktiboa eta dinamikoa da. 150 erabiltzaile aktibo daude gure wikipedian, euskarazko wikipedia izanik katalanezko wikipediaren atzetik (530 erabiltzaile) erabiltzaile aktibo gehien dituen bigarren Europako wikipedia, hizkuntza gutxituen taldean. Galizierazko wikipediak 85 erabiltzaile ditu, galesezkoak 41, bretoierazkoak 13, asturierazkoak 29, frisierazkoak 11, okzitanierazkoak 19, Eskoziako gaelerazkoak 4, korsikerazkoak 4, faroerazkoak 7, irlanderazkoak 27, etab.

Azken urteotan Europa mailako hainbat wikipediako kongresutan parte hartzeko aukera izan dugu, eta bertan, beste hizkuntza gutxituetako kideekin mintzatzeko parada izan dugu, galestarrekin, bereziki, harreman estuak eginez. Bada, nazioarteko kongresu horietan egiaztatu ahal izan dugu euskarazko wikipediak Europako beste hizkuntza gutxituetan pizten duen miresmena (bistan denez, katalanezko wikipediak beste kategoria batean jokatzen du). Horrek gure wikipediak eta gure hizkuntzak sarean duten sendotasuna erakusten du. Boluntariook euskal wikipedia garatzen jarraitzeko dugun pizgarririk onena da.