HERRI-DIAGNOSTIKOA: SINTOMAK ARINDU ALA GAITZA SENDATU?

Euskal Herria, Nazio bezala, gaixorik dago. Desnazionalizazio-prozesu bortitza ari da sufritzen azken urteotan , gure ustez, kontzientzia nazionala asko ahuldu delako. Abertzaletasunak, orokorrean, ez du jakin gaitz hori     zuzen diagnostikatzen, eta horren ondorioz, gaitzaren sintomak gero eta agerikoagoak dira: mundu globalizatu honetan gure identitate kolektiboa galtzen ari da, eta, okerragoa dena, gero eta espainiarragoak/frantsesagoak gara.

Gaitzaren sintomak begi-bistakoak dira, edozein herritarrek antzemateko modukoak:

1.- Euskararen egoera diglosikoa, okerrera: euskararen ezagutza gora omen doan bitartean (batez ere EAEn), kale-erabilera jaisten ari da. Baita etxe barruko erabilera ere. Dirutza inbertitzen da hezkuntzan, adituetan, ikerketa soziologikoetan, etab., baina emaitzak oso eskasak dira: EHan espainiera eta frantsesa nagusitzen ari dira kaleetan, etxeetan eta toki guztietan. Ikusi besterik ez dago nola jaitsi den azken urteetan euskararen erabilera “arnasgune” izeneko eremurik euskaldunenetan.

Bestalde, eta horri oso kezkagarria deritzogu, euskararen aldeko presio soziala eta militantzia linguistikoa orain dela 25 urte baino askoz ere txikiagoa da. Konformismoa da nagusi, batez ere EAEko eremuan. Kontzientzia linguistikoa oso eskasa da, beste estaturik gabeko nazio batzuen aldean (Katalunia, Flandria, Quebec….). Eta nahiz eta teorian gero eta gazte gehiago euskaldundu eskolan, gazteen arteko erabilera ere behera doa. Motibazioa ez da batere lantzen (euskara, Herri baten hizkuntza, euskara eta Nazioaren arteko lotura…), euskarari balio instrumental hutsa ematen zaiolako .

2.- Eremu sinbolikoen ahultasuna: Ertz asko dituen arloa da hau. Euskal kirol-selekzioena da bat. ESAIT desagertuta, euskal selekzioen aldeko aldarrikapena asko ahuldu da kalean azken urteotan. Urruti daude futbol-partidu haiek, zeinetan Euskal Selekzioak San Mames betetzen zuen giro abertzale eta erreibindikatzailearekin. Orain, aldiz, Euskal Selekzioaren partiduetara gero eta jende gutxiago doa.

Esanguratsua da ere antzematea gure herri euskaldunetan zeintzuk diren umeen futbol-erreferentziak : gero eta ume gehiago ikusten ditugu Barçaren elastikoak edo Real Madrilekoak jantzita, ez Errealaren, Athletic-en, Alavesen, Eibarren edo Osasunaren elastikoekin. Hori ez zen ikusten duela 20-25 urte. Espainiako selekzioaren elastikoak ere, lehen inon ikusten ez zirenak, hasi dira batzuk erabiltzen…..

Ikurrinen presentzia kaleetan ere gutxitu da. Lehen ekitaldi eta manifestazio guztietan, politikoetan, kulturaletan edo kirol-arlokoetan, ikurrinak ikusgai ziren. Gure mendizaleek munduko tontor handienak zapaltzen zituztenean ikurrina bat jartzen zuten; orain, aldiz, marka babeslearen ikurra jartzen dute bertan.

Horrez gain eta ekonomia sustatzeko aitzakiaz, azken urteotan Espainiako ekitaldi nazionalak ugaritu dira Hego Euskal Herrian, Espainiarekiko kidetasuna adierazten dutenak: Espainiako Txirrindularitza-Buelta, era guztietako kongresu, Symposium, kirol-lehiaketak eta abar. Beti ere ahaztu gabe gero eta espainolagoa den Donostiako zinemaldia.

3.- Erreferentzia espainiarrak/frantsesak ugaritu. Garai batean herri euskaldunetan eta abertzaleetan ez zen ohikoa erreferentzia espainiar/frantses asko ikustea. Gaur egun, aldiz, taberna eta jatetxe askotan telebista piztuta dagoenean La Sexta edo Tele 5 kate espainiarrak dira nagusi. Musika-arloan, bestalde, giro abertzaleko tabernetan ere ohikoa da musika espainiarra entzutea, edo bestela amerikarra ingelesez, inongo arazorik gabe. Sintoma deigarriak eta kezkagarriak.

 

 

4.- Independentzia-zaletasuna behera doa. Inkesta soziologikoek agerian jartzen dute sentimendu independentista jaisten ari dela EAEn. Ez da harritzekoa. Euskal kontzientzia nazionala ahultzen denean independentziaren gogoa itzali egiten da. Zuzeneko harremana baitago gure ustez sentimendu abertzale eta sentimendu independentistaren artean, lehenengorik gabe bigarrena ezin baita garatu. Euskal desnazionalizazioa frantses eta espainiar inperialismoaren aliaturik onena da.

5.- Naziotasunaren aldeko taldeen desagerpena. Presio-taldeak eta Herri-mugimendu abertzaleak desagertu egin dira edo jarduerarik gabe daude. EUSKAL HERRIAN EUSKARAZ-en jarduera, esaterako, hutsaren hurrengoa da. Hizkuntzaren aldeko talde hau, oso aktiboa iraganean, guztiz ikusezin bihurtu da egun. ESAIT euskal kirol-selekzio nazionalen aldeko taldea desagertuta dago. Gauza bera gertatu zaio BAI EUSKAL HERRIARI, euskal elementu sinbolikoen aldeko taldeari. Potentzialitate handiko erakunde batek, euskal lurraldetasuna sendotzeko sortutakoak (UDALBILTZA), ia ez du jarduera publikorik. Labur esanda, arlo nazionala lantzen zuten taldeak (euskararena, kirolarena, sinboloena, lurraldetasunarena….) desagertuta, jardueragabetuta edo lotan daude.

6.- Diskurtso politikoaren aldaketa. EHko alderdi abertzaleen diskurtsoan aldaketa nabarmena egon da azken urteotan. Sektore espainiazaleen botoak erakarri nahian, euskal gai nazionalak baztertu/zokoratu egin dituzte, botoak galduko dituztelakoan. Euskara, euskal kultura eta euskal identitatearen aldeko diskurtso irmoa, hots, euskal abertzaletasunaren mamia, nabarmen moteldu dute, boto-emaile espainiazaleak berenganatzeko. Salbuespenak salbuespen, (erritu edo mitinetan, kasu) eta beste errebindikaziorekin ez bezala, dagoeneko pertsonek eta alderdi politikoek ez dute aldarrikatzen euren izate abertzalea. Buruzagi ustez abertzale batek baino gehiagok esan du, inongo konplexurik gabe, bera independentista dela, baina ez dela abertzalea. “Rufianen eredua” deitzen diogu eredu horri, Gabriel Rufian politikari independentista katalanak hamaika aldiz gauza bera esan duelako. Etsigarria da diskurtso horren arrakasta Euskal Herrian.

Nabarmena da halaber euskal independentismoaren sektore hori “multikulturalismoaren” aldeko diskurtsoa bultzatzen ari dela orain, euskal kultura, hemengoa, ahaztuz eta zokoratuz.

7.- Euskal abeslari berriak. Musika-arlora ere iritsita dago desnazionalizazio-prozesua. Gero eta ohikoagoa baita abeslari euskaldunek ingelesez edo espainieraz (bi erdaretan) kantatzea. Beti egon dira gure artean erdaraz abestu izan duten abeslariak edo taldeak, jakina, baina erdaldunak ziren, ez euskaldunak. Oraingo berritasuna da herri euskaldunetako rock-talde euskaldunek espainieraz , ingelesez edo frantsesez ere abesten dutela. Fenomeno berri hori oso esanguratsua da, agerian jartzen baitu batzuek atxikimendu eskasa diotela euskal identitateari. ETBk eta Euskadi Irratiak berak (zer esanik ez Gazteak) eskaintzen dituzten musika, dantza eta gainerakoak aztertzea nahikoa da hori argi eta garbi ikusteko.

8.- Euskal Dantza taldeak, desagertzear. Bitxia da gure artean (baita eremu euskaldunenetan ere!) gero eta ohikoagoak izatea “sevillanen” eta “saloiko dantzen” dantza-klaseak, “Zumbakoak”, etab. euskal dantza- taldeak dantzaririk gabe geratzen ari diren bitartean. Ez gara ezer asmatzen ari, Joan Antonio Urbeltz etnografo handiak kezka bera agertua baitu arestian ARGIA aldizkarian (“Euskalduntasuna noraezean dago” izeneko artikuluan). Biziki gomendatzen dugu bere iritziak irakurtzea. Hona hemen interneteko lotura: https://www.argia.eus/argia-astekaria/2621/juan-antonio-urbeltz

 

Gure desnazionalizazio-prozesuaren sintoma gutxi batzuk besterik ez ditugu aipatu, zerrenda osoa oso luzea izango litzatekeelako. Gaitzaren sintomak dira, gaitza zuzen diagnostikatu eta tratatu ostean desagertuko direnak. Alferrik da sintomak sendatu nahi izatea sakoneko gaixotasuna ikusi gabe. Euskararen egoera hobetzeko, kirol-selekzioen aldeko borroka irabazteko edo erreferentzia espainiarrak/frantsesak gure herrietan nagusi ez izateko sakoneko gaitza egoki tratatu behar dugu. Eta tratatu aurretik, zuzen diagnostikatu.

Gure diagnostikoa argia da: euskal kontzientzia nazional eskasa eta ahula da desnazionalizazio horren atzean dagoena.

Eta gaitzari aurre egiteko modua logikoa da, era berean: euskal kontzientzia nazionala indartzea. Konplexurik gabeko abertzaletasuna bultzatzea, euskara, euskal kultura eta identitatea inhibiziorik gabe defendatuko dituena. Aniztasun faltsu baten izenean, geurea, etxekoa, ezkuta arazteko joera dago.

Duela bi urte, Naziogintza taldea abian jarri zenean, urratsak emeki-emeki ematea pentsatu genuen, harrabotsik gabeko lan isila egitea, hain zuzen ere. Orain, bi urte pasa eta gero, beste urrats bat ematea erabaki dugu eta horren berri ematera dator komunikazio hau: Elkartearen helburuak posible izan daitezen naziogileak behar ditugu, elkarlana eta laguntza emango dituztenak, eta hori ahalbideratzeko https://www.naziogintza.eus/egin-bazkide/ gure webgunean bazkide egiteko tokia txertatu dugu eta, hala, Elkartean parte hartzeko bideak ireki ditugu. Izan zaitez bazkide, bat egin gurekin!