EGITASMO BERRIA EUSKARAREN ERABILERA SUSTATZEKO

     

    Euskal Herriko biztanleriaren %28 euskalduna da. Baina portzentaje hori ez da homogeneoa: Euskal Herriko eskualde batzuetan euskaldunak populazioaren %80 baino gehiago diren bitartean, beste lurralde batzuetan ozta-ozta %10era iristen dira.

    Azken 40 urteotan euskaldunen kopurua igo egin da toki gehienetan, batez ere gazteen artean. Egun, gazteen erdia baino gehiago euskalduna da Euskal Herrian, eskolak egindako lanari esker. Baina euskararen ezagutza igotzen ari den bitartean (batez ere Hego Euskal Herrian) ez da gauza bera gertatzen erabilerarekin. Kale-erabileraren neurketek agerian jartzen dute euskararen erabilera ez dela igotzen ari, ezagutza handitu arren.

    Aho batez onartzen da euskal hizkuntzaren erronka nagusia, egun, bere erabilera dela, batik bat oso euskaldunak ez diren tokietan, non biztanleriaren zati esanguratsu batek hizkuntza ezagutzen duen baina inertzia linguistikoak espainiera edo frantsesaren alde jokatzen duen.

    Erdararen aldeko dinamika horri buelta emateko duela urtebete inguru ekimen berritzaile bezain apurtzaile bat jarri zuten martxan Donostiako auzo batean (Egian): bertan auzokideek euskara hutsez bizi behar zuten 3 astetan zehar. Ehunka lagunek parte hartu zuten saio esperimental horretan, eta emaitza bikaina izan zen, jarrera linguistiko ugari aldatu zirelako eta aldaketa horrek iraun egin zuelako 3 aste horietatik haratago.

    Egiako ekimen arrakastatsuak lekukoa pasatu zien beste herri batzuetakoei. Añorgan, Lasarten, Agurainen, Hernanin, Lizarran…. antzeko saioak burutu ziren ehunka boluntarioekin. Emaitza: euskararen kale-erabilera nabarmen igo zen, ordura arte erdaraz funtzionatzen zuten euskaldun askoren ohiturak aldatu egin ziren eta aldaketa horiek denboran zehar finkatu egin ziren, egun gutxi horietatik haratago. Kontzientziazio linguistikoak funtzionatu egiten zuen.

    Datu onek hauspotuta, 2017ko azaroan anbizio handiko ekimena plazaratu zen Bilbon: Euskaraldia. Hizkuntzaren aldeko herri-eragileek (Kontseilua, Topagunea, UEMA, … besteak beste) erakunde publikoekin elkarlanean aurrera atera dute egitasmo hau, Euskal Herri osoko ehunka herritara hedatu nahi dena. Pozgarria zen oso aurkezpenaren argazkietan EAEko, Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko arduradun politikoak elkarrekin ikustea, euskararen aldeko ekimen batean. Eta herriko eragileak eta Administrazioa batera agertzea ere, sinergia berriak eratzeko asmotan. Hizkuntzak ez duela banatzen, batzen baizik, agerian geratu zen.

    Euskaraldiaren xedea euskararen erabilera sustatzean datza. Ekimena 2018ko azaroan abiatuko da, eta parte hartu nahi duten herriek izena eman beharko dute datozen hilabeteetan. 11 egunetan, 2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra arte luzatuko da saioa, Baietz 11 egun euskaraz elkarrekin! lelopean burutuko dena. Kalean, lantokian, lagunartean, merkataritzan, etxean…. toki guztietan euskara hutsez egitea da helburua.

    Euskaraz hitz egiten dutenek (%28) ez ezik, euskaraz ulertzen dutenek ere (%16) funtsezko eginkizuna dute saio hauetan guztietan. Azken hauekin euskaraz aritzeak ere bermatzen du saioaren arrakasta. Lehenengo taldeko boluntarioei Ahobizi deritze, eta ulertzen dutenei Belarriprest. Hizkuntza ohiturak astintzeko euskaraz dakitenek euskaraz egin beharko dute aukera guztietan, eta horretarako oztopoak ez jartzea eskatzen zaie ulertzen dutenei. Ahobizi zein Belarriprest boluntarioek txapa bereziak eramango dituzte identifikatuak izan ahal izateko.

    Euskararen aldeko herri-eragileek eta Administrazio Publikoak ondo ulertu dute politika berriak behar direla euskarari bultzada eraginkorra emateko. Ezagutzan sakontzeaz gain, erabilera ere sustatu behar dela kalea irabazteko. Ongi etorriak izan bitez norabide horretara zuzendutako ekimenak!