ZER DA ETA ZER EGITEN DU KATALAN ERREPUBLIKARAKO KONTSEILUAK? HAMAR GALDERA ETA ERANTZUN

    Argazkia: ACN Natalia Segura

    Vilaweb webgunea, 2018-12-9an.

     

    Kataluniako egoera politikoa pil-pilean dago. Katalan gobernuaren presidentea eta kontseilari batzuk erbestean, beste batzuk espetxean, Kataluniako gobernu berria Espainiako etengabeko mehatxuen pean, eta kalea suminduta. Egoera honetan, abenduaren hasieran “Consell per la República” aurkeztu zen Bruselan, Errepublika katalana gauzatu ahal izateko ekimen interesgarria bezain orijinala, Estoniako aurrekarian inspiratuta. Kontseiluak hauteskundeak deituko ditu Ordezkari Errepublikanoen Batzarra osatzeko. VILAWEB egunkari digital katalanak Errepublikarako Kontseilu honen ezaugarri nagusiak aipatzen ditu artikulu honetan, NAZIOGINTZAk euskaratu dituenak:

    BAT.- Zer da Errepublikarako Kontseilua? Errepublikarako Kontseilua (Consell per la República) erakunde pribatua da, Belgikako legearen arabera eratua. Helburua Kataluniako Errepublikaren instituzionalizazioren bidean lehen urratsa ematea da. Hiritargo errepublikanoak ordezkatzeko guraria du eta, Generalitatearekin batera, 2017ko urriaren 27an Kataluniako Parlamentuak legalki aldarrikatu zuen errepublika egikaritzea da bere asmoa. Bruselan, erakundearen eratze ekitaldian Clara Ponsatik adierazi zuen moduan, “gaur munduari esaten diogu kataluniarrok hasi garela geure burua antolatzen Espainiako legalitatetik kanpo”.

    BI.- Zer zilegitasun dauka Errepublikarako Kontseiluak? Errepublikarako Kontseiluak hiritarrek eman nahi izango dioten zilegitasuna izango du. Dagoeneko hiritargoaren errolda-sistema ireki du eta hor edozein hiritarrek eman ahal izango du bere izena. Azkenean ehun mila pertsona apuntatzea lortzen badugu, proiektua interesgarria izango da, baina kontseiluak ezin izango du Katalunia osoa ordezkatu. Aldiz, miloi bat pertsonek izena ematen badute, Puigdemont Presidenteak eskatzen zuen bezala, edo independentziaren aldeko botoa eman zuten bi miloi baino gehiago pertsonek izena ematen badute, Kontseiluak adierazi ahal izango du Kataluniako parte garrantzitsu bat edo Kataluniako gehiengoa ordezkatzen duela eta hori azaldu ahalko du munduan. Hala bada, zilegitasuna erroldan izena ematen duen jende kopuruaren araberakoa izango da. Oraintxe bertan Kontseiluak hiru zilegitasun mota aldarrikatzen ditu:

    1. Lehenengo eta behin, Quim Torra 131. Presidente izendatzeko indar independentisten artean lortutako akordioa dago. 2018ko martxoaren 8an aurkeztutako akordio horrek Ordezkarien Biltzar bat eta exilioan jardungo duen Errepublikaren Kontseilu bat sortzea aurreikusten zuen eta Junts per Catalunyak, ERCk eta CUPek sinatu zuten.
    2. Bigarren zilegitasuna urriaren batean burutu zen erreferendumetik eta ondoren aldarrikatutako independentziatik datorkigu. Errepublikaren Kontseilua boto-kutxetatik, plebiszitutik, eratortzen den erakundea da.
    3. Eta badago hirugarren zilegitasun-iturri bat ere, aurkezpenean aipatu zen beste legitimitatea, 1931ko apirilaren 14an aldarrikatutako errepublika, hain zuen ere. Espainiako konstituzioa idatzi baino lehenagokoa eta Espainiako Estatuak inplizituki onartu zuena1954az geroztik Generalitateko presidentea zen Josep Tarradellasen maila instituzionala onartu zuenean. Horrela onartu egin zen 1931ko hauteskundeek ahalbidetu zuten Generalitatearen berreskurapena. Horregatik, hain zuen, Generalitatearen eta Kontseiluaren zilegitasuna ez dator Francok emandako estatu kolpetik sortutako erakunde eta instituzioetatik eta ondoren horretan egin diren aldaketetatik; legitimitatea hiritarren boto askeetatik sortu da, berezko erakundeei eusteko egindako borroketatik, 1939. eta 1977. urteetako exilioetatik eta, berrogei urte beranduago, 2017an hasi zen beste exilio-aldiagatik.

    HIRU.- Kontseiluak Katalunia ordezka al dezake erakunde pribatua izanda? Inbestidurako akordioan esaten da Ordezkarien Biltzarrak eta Errepublikarako Kontseiluak zuzenbide pribatuko izaera juridikoa izango dutela; era horretan bermatzen da erakundearen independentzia eta saihesten da estatu espainiarraren interbentzioa. Une jakin batean nazio bat ordezkatu duten erakunde pribatuen kasuak ugari dira historian. Estoniako Kongresua 1989 eta 1992 urte bitartean Estoniako Sobiet Gorenaren paralelo jarduten zuen parlamentu paraleloa zen, izaera pribatukoa zen eta hiritarren % 60a biltzera iritsi zen. Behin Estoniako independentzia munduko toki guztietan ezagututa eta parlamentu berriak konstituzio berria idatzi ondoren, disolbatu egin zen.

    Nazioarteko politikan onar daiteke alderdi, elkarte edo erakunde bat herri oso baten ordezkari gisa oraindik, diplomatikoki estatu horren izaera aitortua ez izan arren. Horregatik onartu zen 1993. urtean PAM erakundea palestinar guztien ordezkari legitimoa zela eta azken urteotan asko dira Indar Iraultzaileen Koalizio Nazionala eta Oposizioa Siriako herriaren ordezkari legez onartu dituztenak. NBEk, Estatu Afrikarren Organizazioak eta Arabiar Ligak, besteak beste, onartzen dute exilioan diharduten hainbat gobernuri dagozkien herrien ordezkariak direla. Gobernu horiek elkarte pribatuak izan ohi dira. Biafrako gobernua, Fronte Polisarioko eta Tibeteko Administrazio Zentralak, adibidez, nolabaiteko onarpen internazionala dute nahiz eta formalki erakunde pribatuak izan.

    LAU.- Espainiako Estatuak baldintza al dezake Errepublikarako Kontseilua? Inola ere ez. Horregatik antolatzen da zuzenbide pribatuko erakunde bezala eta Europako espazio librean. Estatu Espainiarrak ezin du jazarri legalki, ezta bere jarduera eragotzi ere, inola ere ez. Espainiako Gobernuak erabakiko balu gobernua eta Generalitateko parlamentua deuseztatzea, Errepublikarako Kontseiluak jarraitu egingo luke bere jarduerarekin eta Katalunia barruko instituzioek burutu ezin izango lituzketen zereginak eta errepresentazioa bereganatuko lituzke.

    BOST.- Nola antolatzen da Errepublikarako Kontseilua? 2019. urtean Kontseiluko Ordezkarien Biltzarra osatzeko hauteskundeak deituko dira. Kontseiluko ordezkarien Biltzarrak 100 eta 150 arteko ordezkari kopurua izango du  eta Hiritartasun Erroldan izena ematean lortzen den hiritartasun errepublikanoa lortu duten pertsona guztien artean hautatuko dute. Ordezkarien Biltzarra, nagusiki hauteskunde horietara zerrenda irekietan, beren burua aurkeztu nahi duten hiritarrek osatuko dute. Biltzarkide-kopuru txiki bat Kataluniako parlamentariak edo Printzerriko udaletako alkateak edo ordezkariak izango dira. Azkenean, ordezkari kopuru bat gainerako Lurralde Katalanetako (Països Catalans) eta munduko hiritarrentzat gordeko da; azken hauek eskubide horretaz gozatuko dute baldin eta aldez aurretik hiritartasun erroldan beren izena ematen badute.

    Ordezkarien Biltzarrak hamar eta hogei kide artean izango dituen Gobernu Kontseilua sortuko du, horiek presidentea izendatuko dute eta presidenteak izendatuko ditu gainerakoak.

    2018ko abenduaren 8an sortu da Bruselan Biltzar Eratzailea, Kataluniako 130. presidentea zuzendari dela. Erakunde horren izaera probisionala da eta ematen zaion lehen enkargua da baldintzak sortzea lehen hauteskundeak burutu ahal izateko.

    SEI.- Eta lan horiek guztiak sakelako telefonoen bidez egingo al dira? Bai. Errepublikarako Kontseiluaren jarduerak Estonian sortutako administrazio elektronikoa kopiatzen du; horrek ahalbidetzen du hiritarren jarduera guztiak sakelako telefonoen bidez egitea. Eta horrek barnebiltzen ditu deitu ahal izango diren hauteskunde eta erreferendum guztiak. Estonian gobernuari dagozkio zeregin guzti-guztiak, zergen ordainketak barne, era guztietako administrazioekiko harremanak eta baita bozketak ere, sakelako telefonoen bidez egiten dira dagoeneko.

    Kataluniaren kasuan, horrek esan nahi du Espainiako gobernuak ezin duela, inondik inola ere, Ordezkarien Biltzarra edo Errepublikaren Kontseiluaren jarduera eragotzi, ez eta urriaren batean erabili zuen indarkeria erabili ere.

    ZAZPI.- Zer egin behar da Kontseiluko kide izateko? Hamasei urte baino gehiagoko adina duen edozein pertsonak eman dezake bere izena hiritartasun erroldan eta horrek ematen dio automatikoki hiritartasun errepublikanoaren izaera.

    Kontseiluko kide izateko ados egon behar da errepublikaren printzipioekin. Printzipio horiek erregistroaren lehen pantailan agertzen den galdetegi batean adierazten dira; ondoren, behin bakarrik egin behar den hamar euroko diru-sarrera egin behar da. Horrek balio du datuak errealak direla ziurtatzeko eta Kontseilua saboteatzeko asmoz sar daitezkeen pertsonen sarrera eragozteko. Hamazortzi urte baino gutxiagoko pertsonek ez dute diru-sarrera hori ordaindu behar.

    ZORTZI.- Kontseilua Printzerrikoa bakarrik da ala Lurralde Katalan guztietakoa? Kontseilua Printzerrian sortu da eta Kataluniako Generalitat errepublikanoaren legitimitatea dauka, baina ez du muga geografikorik. Lurralde Katalanetako (Països Catalans) edozein hiritar izan daiteke Kontseiluko kide eta, hiritartasun fisikoa alde batera utzita, Kataluniako Errepublikaren printzipioetan sinesten duen munduko edozein hiritar izan daiteke Kontseiluko kide.

    Kontseiluaren aurkezpenean Comin kontseilu-kideak adierazi zuen bezala, “XXI. mendean hiritartasunak ezin du inposatua izan, desiratua (nahita egindakoa) eta barneratua (balore bezala zure eginda) izan behar da”. Jarrera hori ere Estoniako ereduan inspiratuta dago. Estoniako errepublikaren printzipioak onartzen dituen edozein pertsonak lor dezake “bizileku digital” (residència digital) izenekoa eta horrek ematen dio legezko kategoria estatu barruan. Horrela, bai Estoniak eta baita Kataluniak ere, beren gizarteak hobetzea bilatzen duten pertsona konprometituak erakartzen saiatzen dira.

    BEDERATZI.- Zeintzuk dira Errepublikarako Kontseiluaren jardueraren ardatzak? Kontseiluaren aurkezpenean aipatu den bezala, Kontseiluaren jarduera bost eremutan gauzatzen da, bideoan ikus daitekeen bezala. Eremu bakoitzaren jarduera Kontseiluaren kontrolaren pean egingo da.

    Lehenengo eremua jarduera politikoari dagokio. Kataluniako Parlamentuan dagoen ekimen politikorako eskubideari esker, eremu honek ahalbidetuko ditu legeak egitea (Kataluniako Parlamentuaren bidez) eta konstituzio katalana idaztea prozedura bera jarraituz.

    Bigarren eremua nazioartekoa da. Kontseiluak ekimen diplomatikoak burutuko ditu eta estatuekin eta nazioarteko interlokutoreekin harremanak izango ditu.

    Hirugarren eremua juridikoa da eta jazarpena pairatzen duten presoen, exiliatuen eta gainerako pertsonen eskubideen eta autodeterminazio eskubidearen defentsan arituko da.

    Laugarren eremua kulturari eta zabalkuntzari dagokien esparrua da eta batez ere nazioartean katalan kultura sustatzen arituko da.

    Bosgarren eta azken eremua ikasketen eta ezagutzaren alorra da eta Kataluniako Errepublika zabaltzeko eta promozionatzeko beharrezkoak diren ikasketak bultzatuko ditu.

    HAMAR.- Zeintzuk dira Kontseiluari sostengua ematen dioten alderdiak eta zeintzuk ez? Inbestidura itunean Kataluniako Parlamentuan ordezkaritza duten hiru alderdi independentistek eman zioten sostengua Kontseiluari, baina ondoren CUPek bertan behera utzi du bere sostengua. Hala ere, (CUP barruan dagoen) Poble Lliure Kontseiluaren alde agertu da.

    Bruselan egindako aurkezpena ikusteko lotura:

    https://www.dailymotion.com/video/x6ym1gd