ULERTZEN EZ GAITUZTENEAN ULERTUKO GAIZTUZTE!

Pako Sudupe

2018-07-21ean, ZUZEU.

Hala idatzi zuen Telesforo Monzonek F. Krutwigen Vasconia liburuari eginiko iruzkinean, Baionako Enbata astekarian (“Ego-aize golpea…”) argitaratutako artikuluan. Liburu-idazleari eskainitako zenbait laudoriorekin batean, eta gauza batzuetan bat ez zetorrela aditzera emanik, liburu haren egiazko hutsa honako hau iruditzen zitzaion: “Erderaz idatzia dugu, ori ere. Erderaz eta beti erderaz. Euskararen alde… erderaz. Betiko lelo bera. Argatik ez nuke ezarriko liburu ori <dans la nouvelle vague>”. Eta kritika horrek bide emanik, adierazi zuen izenburuan paratu dugun esaldia. Zer esan nahi du esaldi horrek?, bai baitu paradoxa kutsurik! Erantzun baino lehen, labur-zurrean Telesforo Monzonek euskarari ematen zion balioaz arituko naiz.

Aita Bizentek eta aitaren aldeko arbasoek eman zioten euskara poxi bat txikitan Telesforo haurrari –ama Sevillakoa zuen, eta haren aita Guatemalakoa; beraz, ama-hizkuntza gaztelania–; euskara aita-hizkuntza izan zuen hein apal batean, baina zinez euskara menderatzeari bere borondatez Madrilen ekin zion, Ateneoan, J. Ruiz de la Escalera Maidagan irakasle zuela, eta ondotik Tolosako Urkizu auzoan, eta berehala hasi zen II. Errepublikaldian hitzaldiak euskaraz egiten. Baina zer eginkizun esleitzen zion Telesforok gure hizkuntzari abertzaletasunean?, zer balio politiko? Gaztelania eta frantsesa aski ongi jakinda, euskara ikasiko ote zuen aski ongi, ahoz nahiz idatziz, hari baliorik eman izan ez balio?

Nire iritzirako, jada heldua zela, gaztea baina aldi berean heldua (25 urtetik aurrera hortxe nonbait), hausnarketa sakona egin zuen, eta lehenbizi bere guraso eta arbasoen hizkuntza-praktikari erreparatu zion, eta ikusi zuen Euskal Herriko goi klaseek, ukandunek, euskara gutxietsi eta jende apal-xumearekin hitz egiteko hizkuntzatzat zutela, eta hizkuntza-jokabide horrek espainolen mendeko bihurtu zituela haiek, kulturalki bezala politikoki, eta hori iraultzeko borondate irmoa hartu zuen. II. Errepublikaldian hitzaldiak euskaraz soilik ez zituen egiten, baina sarri askotan bai, eta okasio batean behinik behin egiaztatua dago Zumarragan 1934ko irailean, euskal parlamentariak udaletako ordezkariekin batean egindako batzarrean, gobernadore zibila buru zela: han ere euskaraz egin zuela; hobeki esanik, han euskaraz egin zuen bakarra bera izan zela. Zergatik? Garbi uzteko beste nazio batekoak zirela, eta beste estatu bat eratzea zegokiela.

1931tik 1936ra egindako hitzaldietan maiz errepikatzen zuen autonomi estatutua ona zela espainiarrentzat, baina euskotarrentzat axola handiena zuena euskal nazioa eraikitzea zela, eta hor gure hizkuntzak leku giltzarria zuela.

60ko hamarkadatik aurrera, bereziki Iparraldera etar iheslariak heltzen hasi zirenetik, eta Enbata erakunde abertzalea sorturik Aberri Egunak antolatzen hasi zirenetik-eta (1962-1963…), berak zioen bezala, bi mistika jotzen zituen ezinbesteko euskal estatu askatua sortze bidean jartzeko: Nafarroaren mistika eta euskararena. Gaur egun, tamalez, gaztelaniak jarraitzen du izaten gizarte-kohesionatzaile nagusia Donostian, Bilbon, Gasteizen, Iruñean, eta Baiona-Donibane Garazi eta Maulen frantsesak; bada, berak proposatzen zuen, amesten zuen euskara izatea kohesionatzaile, nazio-egile, eta horri mistika deitzen zion, hots, izan zitzakeen balio praktikoez gainera, halako balio transzendental-sakratuz hornitua eta dohatua begitantzen zuen euskal estatu askeari buruz.

1975ean, norbaitek gutun bat bideratu zion Enbata kazetaren bitartez, esanez gaztelaniaz eta frantsesez jakinik zergatik idazten zuen euskaraz, berak ez zekiela euskaraz ez ziotelako erakutsi. Besteak beste, honela erantzun zion: “Luzarora begiratuz, abertzale gisa jokatzekotan, ez dugu beste irteerarik: Adur-etik asi eta Ebro-rainoko haurrideok geure hizkuntza ikasi, eta hartaz balia sehaskatik hil-hobiraino, maila guztietako ikastaroak barne. Baina hartara nola heldu, geure burujabetza lortu artean? Bihar libro izatekotan, ordea, gaur borroka egin behar. Eta geure borroka hori, zentzuz eramatekotan, eskuz esku eraman behar. Eta hartako elkar behar ulertu. Eta elkar ulertzeko, askotan erdara bat ala beste behar erabili. Eta erdera erabiltzean, etsaiaren jokoa egiten…Horra genozidioaren emaitzak! Horra, geure Herria ondatzearren, arrotzek Euskadi erdian eraikitako Babel-Dorrea! Baina… ez! Ez arrotzek soilik! Geu, euskaldunok ere, hobendun baikara! Geronek ere, euskaldunok, arras itxuturik arrotzen mutil bilakaturik, hargintzan ibiliak baikara, Euskadi erdi-erdian, Babel-Dorre bat eraikitzen” (“Gutun bi”).

Eta aurrerago zioen presoen alde gose-grebak egiten genituen bezala, eta lan-errebindikazioen alde grebak, erdara-grebak egin behar genituela: 600.000 euskaldun elizetan, ostatuetan, lantokietan, udaletxeetan, bulegoetan, dendetan, trenetan, diru-etxeetan, prefeturan, gobernu zibilean, antzoki eta zinemategietan. Nonahi euskaraz: “Hori litzake hori, euskara-problema golpez sutan ezartzea!”.

Nago garbi geratu dela artikulu honen hasieran egin dudan galderaren erantzuna: espainiarrek eta frantziarrek ikusten dutenean Euskal Herrian jendeak euskaraz egiten duela; orduan ulertuko dute beste nazio bat garela, espainiar eta frantses naziotik bestelakoa. Eta ulertuko dute gure nahia estatu independentea sortzeko. Ez da erraza hori sinesten!, eta, tokitan gaude egokiera horretan egotetik!, baina hori besterik da, Monzonek euskarari zer balio ematen zion ari ginen azaltzen.

Hala utzi zigun idatzita hiltzeko hilabete eskas falta zitzaiola, testamentu gisa: “Euskal Herriari lokarri bat eman behar diogu. Zein lokarri emango diogu? Arraza? Denok dakigu gure geroko Euskal Herriari ezin diogula arraza eman. Erlijioa? Honetaz ere denok dakigu Euskal Herrian badirela erlijio gabekoak, beraz, ezin diogu erlijioa eman. (…) Beraz, benetako Herri bat sortu nahi baldin badugu eta bere buruaren jabe izan nahi baldin badu oinarri nagusi bat behar dugu eta oinarri hau Euskara da. Hortaz, ez badugu Euskararen gain finkatzen Euskal Herria, ez dugu Euskal Herri bat sortuko” (“Hiru oinarri”, Egin, 1981-II-12).