ESENTZIALISTAK GARA LAINO ARTEAN?

J.J. Agirre Martinez

2018-08-16an, BERRIA.

Hirigintza batzordearen bilera udaletxe abertzale batean: Alkatea, bi zinegotzi abertzale eta idazkaria, elebidunak. Bi zinegotzi unionista eta udalak kontratatutako eraikuntza-enpresako ingeniaria, espainieradun elebakarrak.

Bilera luze doa, eta kafea hartzeko etena egin dute. Tarte horretan, bi zinegotzi abertzaleak euskaraz hasi dira euren artean. Bat-batean, bertan zen ingeniariak zakar: «¡A hablar en vasco a la calle!»… Eta zinegotzi unionistak: Eso! Eso!… Kalapita polita antolatu zen, noski.

Ikasgelako irakaslearen eta gurasoen arteko bilera ikastola batean: Gehienak elebidunak izan arren, bilera espainiera hutsez doa. Halako batean, ama batek galdera egin dio euskaraz irakasleari. Beste ama batek, elebakarra bera, zakar egin du protesta. Guraso gehienek haserre begiratu diote… ama euskaldun sakrilegoari: ez du, ba, bilerako pax hispana hautsi! Akabo bileraren harmonia erdalduna…

Supremazismo erdalduna oso hedatuta dago gurean. Euskaraz bizitzeko ahalegina egiten dugunok, horien antzeko beste hamaika adibide eman ditzakegu, ia egunero izaten baitugu supremazista bat edo batzuekin topo egiteko «zortea».

Zeharkakoa da erdal supremazismoa, klase-artekoa.

Beti inposatuko dizu erdara jendarmeak eta guardia zibilak. Sarri udaltzainak edo ertzainak, medikuak edo erizainak, zuzendariak nola tabernariak… nahi gabe edo ez.

Erdaraz bizi diren elebakar nahiz elebidunek, ostera, ideia arrastorik ere ez dute euskaltzaleok jasaten dugun hizkuntza zapalkuntzaz. Gatazka linguistikoa badenik ere ez dakite. Ezin dute jakin, praktikan erdal komunitatearen parte eginez edota haren arauak erabat onartuta bizi baitira.

Hala, erdaldun gehienek euskara ikasi nahi ez izatea, «normala» edo bidezkoa iruditzen zaio euskaldun askori ere. Aldiz, «anormala» edo muturreko jarrera irizten diote askok beste euskaldun batzuek euskaraz bizi nahi izateari.

Hala, Euskal Herrian bizi diren erdaldun gehientsuenek euskaldunok euren presentzian erdaraz egin behar dugulako uste osoa daukate; egiten dugun oro, erdaraz ere egin behar dugula uste dute, eurek arazo barik uler dezaten dena, inongo ahaleginik egin beharrik gabe.

Hala, euskalerritar gehienek uste dute etorkinak Espainiatik edo Frantziatik kanpoko «atzerritarrak» direla eta ez Espainiatik edo Frantziatik etorritakoak. Horiek «desplazatu» gisa zenbatzen baitira, turisten kategoriatik gertuago, bizi-baldintza hobeen bila jatorrizko herria utzitakoetatik baino…

Eta euskal herritar gehienek, berriro ere, uste dute «atzerritarrei» espainiera edo frantsesa ikastea eskatu behar zaiela, baina soilik erdiek uste dute euskara ikastea eskatu behar zaiela, ostera.

Asimilatuon hiztegia. Kafeari «Baqué» esaten omen zaio inguruotan, publizitateari sinistuz gero…

Aldiz, asimilazioari «elkarbizitza» esan zaiola segurua da, gure nortasun ikur guztien desegiteari eta gure herri izaeraren ukazioari bezala.

Menpekotasun politikoari «autonomia» esaten diogu, gerra-zerga bati «itun ekonomiko», otzankeriari «malgutasun», gure nortasunari eusteko ahaleginari «esentzialismo», eta erantzun bortitzik gabeko okupazio armatuari «bake».

Hizkuntza ordezkapen prozesuari «normalizazio», hizkuntzaren desitxuratze eta pobretze azkarrari «eboluzio», euskaldun elebakarrik gabe geratu izanari «aberastasun», euskaraz bizitzeko eskubidea gauzatu nahi izateari «inposizioa», erdaldun elebakarrek euskara ikasi nahi ez izateari «eskubide», epelkeriari eta erdaltzaletasun amorratuari «malgutasun»…

Menpekotasuna normalizatu egin dugu. Estatu zapaltzaileen mendeetako ekimenaren eraginez, gure elite abertzaleen parte baten nahita edo nahi gabeko laguntzaz gertatu da.

Alderdi eta sindikatu abertzaleak ere espainolez / frantsesez eraiki behar izan ditugu, eta zapaltzaileek inposatzen dizkiguten hizkuntzak «gure» bilakatu ditugu, inposizio eskertu eta gurea gorrotatu, gure arteko askok. Espainiera eta frantsesa «gureak» eta «hemengoak» dira euskara bezainbeste, ez soilik unionisten hitzetan. Abertzale asko eta asko ere berdin mintzatzen dira. Horientzat doa galdera:

Espainiera / frantsesa «gureak eta hemengoak» badira, zergatik mendeetako inposizio erabatekoa eta euskararen debekua? Zergatik dira biak ala biak legez derrigorrezkoak Estatu banatan gaur egun ere?

«Lehen baino hobeto» omen gauden arren, hori da egungo egoera «bikaina», aipatu ere egin ezin dena. Tabua. Alderdi, sindikatu eta bestelako erakunde abertzaleek (unionistak ez du ematen laguntzeko daudenik) berari gogotik heldu eta zintzo aurre egin ezean, herri hau desagertzera doa herri-gizarte-nazio espainiarraren / frantsesaren uretan… «malgutasun osoz» eta gatazka itsusirik agerrarazi barik, hori bai.