Iñaki Lopez de Luzuriaga
2018-08-20an, ZUZEU.
778ko Gudua birsortu egin zen 1871ko Prusiako gerraren lorratzean, frantses herriarentzako eredugarri. Gudutik sortutako narrazioak, Errolanen kantuak, gerra eta heriotzaren inguruan harilkatu zituen estatuaren menpeko herriak, haiek estatuaren asmo zibilizatzaile mesianikoarekin lerrokatuz.
Halaxe sortu zituen ere Espainiako estatuak Afrikako Gerrak (lehenengoa, 1859-1860). Euskal agintariek beren eskuak lotuta ikusi zituzten, elkartasun nazionalerabehartuak, eta txintxo bete zuten beren partea: Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko foru-aldundiek ad hoc hitzartu zuten estatuarekin euskal tertzioak bidaltzea (ordurako, izan ere, jatorrizko nafar egiturak asimilatuak zeuden, 1841ean), eta gerrarako diru-ekarpen berezia egin zuten, handia. Bertako semeak gerraren gurpilean eta espainiar dinamikan sartu zituzten, Afrikako hilketara igorriz. Estatuarentzako nazio-identitate baten faltan, Espainia berea umotzen hasi zen, gurutzea, gurutzada eta nazioa uztartuz, ikono nazional-katoliko zentralizatzaile berriak sortuz: Kristo Errege, Jesusen Bihotza, Donejakue Matamoros biziberritua (Mataindios ere izandakoa)
XI. mende bukaeran, “mairuen” kontrako gurutzada kanpainak hasi ziren (lehendabizikoa Barbastron, artean segur aski euskaldunen bizileku, egundoko sarraskiaren lekuko). Bada, nazioa lotzeko ideia erraz baten bila, XIX-XX. mende hasierako historialari eta aditu nazionalistek, tartean zela Ramon Menendez Pidal (bere dualismo eraginkorraz), kontzientzia osoko fenomeno historiko etengabe bat deskribatu zuten, Erromako Inperioaz geroztik. Pidalen iritziko, historiako gorabeherak gorabehera, Espainiaren batasun nazionalaren sentimendua indarrean zen “espainiarren artean” Bisigodoen Erresumaren garaitik…
Teorialariok “Errekonkista” famatua sortu zuten hor, etsai arrotzaren kontrako espainiarren epopeia handia, Espainiaren menpeko herrien katalizatzaile. Erraza eta eraginkorra. Kontzientzia nazional osoz jantzitako Pelaio delako noble batek piztu omen zuen, gainera (gerora Francorekin parekatua), 718an (edo 722an), nahiz eta VIII. mendeko kronikari sinesgarrienak, 754ko mozarabiar kronika interesgarri eta ia garaikideak, Pelaio eta Covadongako Gudua aipatu ere egiten ez dituen; bai, ordea, Alfontso III.aren kronika propagandistak, IX. mende amaieran. Nahikoa horrekin.
Gezurra txiklea bailitzan luzatuz, IX. mende hasierako Hispaniako Marka hezkuntzan nahitaez sartu zuten eta, handik gutxira, “Errekonkista”rekin batera, arrakastaz nazioarteratu. Nominalismoak teorialari nazionalisten alde jokatu zuen (hispaniko > Espainia, nahikoa horrekin), eta estatuko herrien oroimenean eraginkortasun handiz iltzatu zen kontzeptua, akademizismoz mozorrotua; artean ere, periodizaziotik haraindi (711-1491), euskal historialari batzuek noizbehinka darabilten kategoria da “Errekonkista”, tamalez.
Akademiak estatuaren mesedetan jokatzen zuen/du Beñi Agirrek ondo adierazi izan duen bezala; aldiz, Auguste Longnon aditu frantsesak 1876an jada ezarrita zuen zorroztasun handiz Hispaniako Marka egungo Katalunia zela funtsean (nominalismo hori segur aski katalanen oso atsegingarri izango ez den arren!). Halarik ere, egungo Espainia-Frantzia mugari hertsiki atxikia ikusten jarraitu dugu Hispaniako Marka hamarkada luzez, nahiz eta mendebaldetik gehienez ere Ribagorzaraino heltzen zen. Ingelesezko Wikipedian, azken hiru urteotan aldatu da kontzeptua, Euskarazkoan antzeko. Ongi etorria da, berandu etorri arren.