HEGO TIROLEKO HAUTESKUNDEAK: ABERTZALEAK, BEHERA

    Argazkia: NAZIOGINTZA

    2018ko urriko hauteskundeek Hego Tiroleko abertzaleen nagusigoa mantendu dute, baina alderdi politiko italiarrek (beti gutxiengoan egon direnak Italia iparraldeko Herrialde aleman-hiztun horretan) igoera izan dute. Hain zuzen ere, Hego Tiroleko parlamentuan abertzaleek %55eko ordezkaritza dute orain, lehenago %74koa zuten bitartean.

    Südtiroler Volkspartei (SVP) izan da (botoen %42a), ohi bezala, alderdi bozkatuena, baina bi eserleku galdu ditu parlamentuan (17tik 15era jaitsi da). Alderdi abertzale hori bere sorreratik, 1948tik, bozkatuena izan da beti, baina garai batean zuen gehiengo absolutua ez du azken urteotan berreskuratu (18 eserlekuetan dago gehiengo hori). Bere abertzaletasuna “epeltzen” joan ahala (sortu zenean independentista zen) bere emaitzak ere gero eta epelagoak izan dira.

    Die Freiheitlichen eta Süd-Tiroler Freiheit alderdi independentistek ere eserlekuak galdu dituzte parlamentu berrian: lau eserleku eta eserleku bat, hurrenez hurren (bina eserleku lortu dituzte orain).

    Hauteskunde hauetako sorpresarik handiena, Team Köllensperger izeneko alderdi berriak eman du. Paul Köllensperger-ek sortutako alderdi honek abertzale tiroldarren eta unionista italiarren artean kokatu nahi du bere burua: ez du onartzen Hego Tiroleko autodeterminazioa, baina alemaniar hizkuntza eta kulturaren aldekoa da. Buruzagi nagusia, P. Köllensperger Movimento Cinque Stelle alderdi politiko italiarrean parlamentarioa zen duela gutxi arte, baina alderdi horrek Hego Tiroleko nortasun kultural eta linguistikoa behar bezala aintzat hartzen ez zuelako utzi zuen alderdia. Cristian Kollmann buruzagi abertzaleak (Süd-Tiroler Freiheit) NAZIOGINTZAri esan dionez, Team Köllensperger-en arrakasta Hego Tiroleko komunikabideek eman dioten kobertura mediatikoak eta bere buruzagiaren karisma pertsonalak esplikatzen dute, programa politikoak baino gehiago.

    Lega Nord alderdi politiko italiarra indarrez sartu da lehenbizikoz parlamentuan (lau eserleku). Lehenago ez zuen ordezkaritzarik bertan, baina Matteo Salvini buruzagiaren inplikazioak (Hego Tiroleko hauteskunde kanpainan egon zen) eta alderdia Italian bizitzen ari den une goxoak eragina izan dute ezusteko emaitza horietan.

    Hego Tiroleko estatutu politikoaren arabera, gobernu berriaren osaketak aintzat hartu behar du talde aleman-hiztunen eta italiar-hiztunen botoen proportzioa. Horrek esan nahi du alderdi irabazleak (SVPk) gobernu berria derrigorrez alderdi italiar batekin (Lega Nord, Movimento Cinque Stelle, Partito Democratico, Alto Adige Nel Cuore….) osatu beharko duela.

    Bloke politiko bakoitzaren emaitza globalak hemen:

    • Bloke abertzalea: 19 eserleku (%55eko ordezkaritza parlamentuan)
    • Bloke “inter-etnikoa”: 9 eserleku (Berdeak, Team Köllensperger)
    • Bloke italiar unionista: 10 eserleku (%26ko ordezkaritza)

    Gogoratu Hego Tirol Italiak 1918an bereganatu zuen Austriako zati historikoa dela. Aurten bete dira 100 urte anexio horretatik. Benito Mussolini diktadore faxistaren garaian, kultura eta hizkuntza alemaniarrek errepresio latza pairatu zuten: bertako hizkuntza (alemana) debekatu egin zuen, toponimia aldatu eta kolonoen bidez herrialdea italiartzen saiatu zen. Gaur egun autonomia zabala eta parlamentu autonomoa ditu, non alderdi abertzaleak diren gehiengoa. Alderdi horiek autodeterminazio eskubidea defendatzen dute eta baita hizkuntza alemanaren lehentasuna ere toponimian eta eskoletan.