GALESTAR INDEPENDENTISMOA, ABIAN

    Argazkia: nation.cymru

    Ez dago zalantzarik Brexit-ak Erresuma Batuko batasun politikoa kolokan jarri duela, estatu hori osatzen duten lau naziok modu desberdinean bozkatu zutelako Brexitari buruzko erreferendumean: Ingalaterra izan zen “brexiteers” gehien izan zuen nazioa, Eskoziak eta Ipar Irlandak (azken hau irlandar nazioaren zatia) Europako Batasunean jarraitzearen alde bozkatu zuten bitartean. Galesek, bere aldetik, Brexitaren alde ere bozkatu zuen, baina ez Ingalaterrak bezain sutsuki. Eskozia eta Ipar Irlandakoek bezalaxe, Galesko alderdi abertzaleek (Plaid Cymru da nagusia) Brexitaren aurkako botoa eskatu zuten, nazionalismo ingeles eurofobotik aldendu nahian. Eskoziako edo Ipar Irlandako nazionalismoarekin alderatuta, ordea, Galeskoak ez du hainbeste indar, eta hori Brexitaren emaitzetan islatu zen.

    Baina emaitzetatik harago ez dago zalantzarik Europako Batasunetik irteteak ezinegon sakona sortu duela galestar askoren artean. Eta ezinegon horri Galesko mugimendu independentistak etekina atera nahi dio, Eskozian gertatzen ari denaren antzera.

    Urte luzeetan Plaid Cymru izan da Galesko alderdi abertzale nagusia. Botoen %20 inguru jasotzen du herrialdean. Alderdi independentista izanik, Erresuma Batutik irtetea eta Europako Batasunean berriz sartzea da haren xedea.

    Haatik, 2014an independentismo galestarrak estrategia berri bat jarri zuen abian, Plaid Cymruren betiko hautesleria gainditzeko eta sektore berri batzuetara iristeko. Horretarako jaio zen YES CYMRU (Gales Bai, izen elebidunetik itzulia), Kataluniako ANCren eta Eskoziako YES SCOTLANDen antzeko herri mugimendu independentista zabala, ezein alderdi politikoren menpe ez dagoena. Erakunde horrek, gaur egun, 2.500 kide ditu eta Galesko geografia ia osoan hedatua da.

    Eskozian eta Ipar Irlandan bezala, Brexitak Galesko independentismoa hauspotu egin du: urte luzeetan, inkestek agerian uzten zuten independentisten kopurua beti %20tik behera zegoela nazio zeltiko horretan…., baina arestian egindako inkesta berriek, independentisten kopurua biziki emendatu egin dela eta %40tik gertu dagoela erakutsi dute. Gazteen artean, bereziki, sostengu handia du independentziaren asmoak.

    “Brexitak krisi konstituzional sakona ireki du Erresuma Batuan” esan dio NAZIOGINTZAri Alan Sandry Swansea-ko (Gales) unibertsitateko irakasleak. “Erresuma Batua poliki-poliki hiltzen ari da, eta YES CYMRU horretaz ohartu da. Askoz pertsona gehiago ari dira orain Galesen independentziari buruz hitz egiten, eta YES CYMRUren hazkundeak lagundu egin du jendeari helarazten Gales nazio independente bihur daitekeela”, gehitu du Sandry irakasleak.

    2019ko uztailaren 27an independentziaren aldeko inoizko manifestaziorik jendetsuena burutu zen Galesen, Caernarfon herrian. Ia 10.000 pertsonek parte hartu zuten. Euskal Herritik ikusita kopuru hori txikia iruditu arren, aintzat hartu behar da Galesko herritarrak inoiz ez direla kalera irten independentzia eske, edo oso kopuru txikietan irten izan direla. YES CYMRUk txinparta independentista piztea lortu du biztanleriaren sektore zabal batean, britainiar politikarekin oso haserre zegoena hain zuzen ere.

    Galesko herensuge gorriak orro egiten du berriz ere, harro. Datorren urtean Galesko parlamenturako hauteskundeak izango dira, aukera ona kaleko independentismoaren gorakada hori neurtu ahal izateko. Eskoziako eta Ipar Irlandako gertaerek bultzada handia eman diezaiokete, zalantza barik, independentismo galestarrari. Ikusiko dugu.