Aurkezpena

Ongi etorri, irakurle, NAZIOGINTZAren web orrialde honetara.

Zer da NAZIOGINTZA?

Euskara eta euskal kultura bere jardueraren erdigunean kokatzen dituen independentziaren aldeko Elkartea. Uste osoa dugu euskara dela gure Nazioaren zutabea. Horrenbestez, koherenteak gara eta euskarari merezi duen garrantzia ematen diogu. Euskararen Herria da gure Nazioa. Ildo horretan, unibertsoa ikusi nahi dugu euskaratik eta euskaraz eta euskara heltzen ez den tokietara iristeko, gaur egun nazioartean zabalduta dagoen ingelesa hartzen dugu bidelagun.

Zertarako abiatu dugu ekimen hau?

Ikuspegi abertzaletik Euskal Herriko kultura eta jarduera politikoan dagoen hutsune ideologiko handi bat betetzeko; alderdi politikoek eta herri-mugimenduek axolagabe betetzeke duten eremua: euskara oinarritzat hartuta eta etnikotasunetik harago, naziogintza eta estatugintza biltzen dituen eremua da gurea. Zergatik bikoiztasun hori? Estaturik gabeko Nazio izan nahi ez dugulako, baina Naziorik gabeko Estatu ere izan nahi ez dugulako. Euskal Herriak biak elkarrekin behar dituelakoan gaude.

Gauden egoeran egonda, Euskal Herriak aurrera egin dezan orain ez duen neurriko kontzientzia nazionala behar da. Horregatik, euskararekin lotutako kontzientzia nazionala hedatzea da gure xedea: Euskal Nazio egiten gaituzten ezaugarriak indartzea, hain zuzen ere. Eta horrekin batera euskal estatuaren aldeko argudioak gizarteratzea da gure jardueraren beste atala. Laburbilduta, independentismoa ikuspuntu abertzaletik lantzea da gure erronka.

Euskal Herriaren kokapen geopolitiko naturala Europa da. Hori dela-eta, Naziogintza eta Estatugintza jorratzeko unean Europan dagoen egoera hartzen dugu gogoan; batez ere gurea bezalako estaturik gabeko europar nazioen egoerak aztertzen ditugu eta lan-arlo horretan Nazio bidelagun horien mugimenduen ordezkariekin harremanak izaten ditugu. Webgune honetan, estaturik gabeko europar nazioei buruzko informazioa topa dezake irakurleak (https://www.naziogintza.eus/nazioartea/)