AZPEITIKO UDALA, EUSKAL ERREPUBLIKAREN ALDE

Euskal Errepublikaren aldeko pedagogia egiten ari da NAZIOGINTZA Taldea sortu zenetik. Euskal Errepublika ezinbestekoa baita Euskal Herriak, Nazio bezala, bizirik irauteko, gure hizkuntza eta kultura ez desagertzeko, gure identitate kolektiboari eusteko, espainiar eta frantziar egitasmo asimilazionistetan ez urtzeko. Euskal Errepublika, halaber, funtsezkoa da gizarte justuagoa eta demokratikoagoa lortzeko, Espainiako monarkia ustel eta bananeroa atzean betiko uzteko.

Behin baino gehiagotan aipatu dugu Euskal Errepublikaren gogoa ez dela berria Euskal Herrian. Ekimen aitzindari bat egon zela duela 90 urte, Bizkaiko eta Gipuzkoako hainbat udalek mozio bat onartu zutenean Euskal Errepublika bat eskatuz gure nazioarentzat. Gertaera historiko hori ezkutatu egin digute, eta gaur egun, gutxi dira gure historiako pasarte garrantzitsu hori ezagutzen dutenak. Ezjakintasun horri buelta emateko, duela hiru urte editorial bat idatzi genuen gai honetaz: https://www.naziogintza.eus/editoriala-apirilaren-14an-gora-euskal-errepublika/

Azpeitiko Udala izan zen 1931ko apirilean Euskal Errepublika eskatu zuen udal aitzindari horietako bat. Aho batez onartu zuten data hartan udaletxean ordezkaritza zuten alderdi politiko guztiek Euskal Errepublikaren aldeko mozioa. NAZIOGINTZA Taldeak, gertaera horren 90. urtemugan, ekimen berezi bat prestatu nahi zuen, Euskal Errepublikaren Eguna Azpeitian antolatuz. Tamalez, pandemiaren bilakaerak zapuztu egin digu hasierako asmo hori, ondo bidean 2022an ospatuko duguna.

Horren aurrean Euskal Errepublikaren aldeko mozioa udaletxean sartzea erabaki dugu, gaurko zinegotziek duela 90 urteko mozio hura berresteko, Euskal Errepublika eskatzen zuena alegia. Funtsean, gaur egun ere Euskal Errepublikaren gogoa ez dela itzali adierazteko eta, are gehiago, aldarrikapen horrek gaurkotasun osoa duelako.

Pozgarria da guretzat egiaztatzea guk aurkeztutako mozioa aho batez onartu dela, duela 90 urte gertatu zen bezala. Horregatik, eskerrak eman nahi dizkiegu EH BILDU eta EAJ-PNV talde politikoei, oraingo honetan haien lehia politikoa baztertu dutelako eta gai izan direlako arlo nazionalari lehentasuna emateko, alderdia baino gehiago Aberria aintzakotzat hartuz.

Hona hemen onartutako mozioaren testua:

1931ko apirilaren 17an Azpeitiko Udalak, osoko bilkura batean eta aho batez, Euskal Errepublikaren aldeko mozioa onartu zuen. Espainiako monarkia erori berria zen, eta behin-behineko egoera hartan Azpeitiko ordezkari politikoek garbi azaldu zuten Euskal Errepublika bat nahi zutela Euskal Herriarentzat, autodeterminazio-eskubidea ere aldarrikatuz. Erabaki horren berri eman zioten gero Espainiako Gobernuari.

Gure historia hurbileko pasarte ahaztu hori gogoratzeko eta gure memoria historikoa berreskuratzeko, Azpeitiko Udaleko gaurko ordezkari politikook, aho batez, gure aurrekoek duela 90 urte egin zuten eskaera hura berresten dugu gaur, eta Euskal Errepublika aldarrikatzen dugu Euskal Herriarentzat. Izan zirelako gara, garelako izango dira”

Behean duzue gure ekimenaren albistea euskal prentsan (BERRIAn):

https://www.berria.eus/paperekoa/2108/008/001/2021-04-28/azpeitiko-udalak-euskal-errepublikaren-aldeko-1931ko-mozioa-berretsi-du.htm