MUSIKA ETA NAZIOGINTZA

Argazkia: Naiz

JOSE INAZIO LOPEZ DE LUZURIAGA

Musikologoa. Donostiako kontserbatorioko irakasle jubilatua.

Artikulu honetan autorea musikaz ari bada ere, argi dago azterketa bera erabilgarria dela kulturaren gainerako kultur-alorren analisietan, kirola izan, margolaritza izan ala poesia izan.

KULTURA ETA MUSIKAREN DEFINIZIOA

Definizio orok asmo metodologiko baten berri ematen du, programatikoa da, nolabait, eta, gure kasuan ere, horrela izan behar du. Musika ezin da ulertu kulturatik at, kultura adierazpidea baita. Beraz, musika eta kultura, eraikuntza nazionalean txertatzeko abiapuntua Edward Burnett Tylor-ek egiten duen definizioa izan daiteke, alderdi batzuk azpimarratuz eta interesatzen zaizkigun  beste batzuk gehituz gure egoerari egokitzeko: “Kultura-ezagupenak, sinesmenak, artea, morala, legeak, ohiturak eta gizarte bateko kide den aldetik pertsonak bereganatzen duen beste edozein aztura edo jarrera­‑multzo da, eta baita bizitza soziala antolatzeko, behar komunikatiboak asetzeko, gizarte-harremanei trinkotasuna emateko eta gizataldearen identifikazioa eta biziraupena ziurtatzeko beharrezkoak diren bestelako erreferentzia edota adierazpen eredugarriak lortzeko ere”.

Politikoki adierazita eta laburbilduta: “Kultura komunitate politiko baten kideek, orokorrean, partekatzen dituzten erreferentzien multzoa da”. Eta hala bada, sektore sozial baten pentsamendu politikoaren adierazle gisa plazaratzen diren hainbat eta hainbat definiziok ez du balio; Komunitate-, Herri- edo Nazio-zentzua adierazi beharrean, jarrera politiko alderdikoien erakusle delako eta akordio soziala adierazi beharrean, gizarte barneko konfrontazio soziala adierazten duelako. Beraz, gure kultura­‑kontzeptuak komunitate politiko baten marko erreferentzial nagusiari, naziotasunari, dagozkion oinarrizko markak besterik ez ditu biltzen; komunistek eta neoliberalek partekatuko dituztenak.

KOMUNIKAZIO SOZIALAREN MEKANISMOAK

Kultura edo musika nazionala baldin bada, konbentzionalki finkatua eta sozialki onartua izango da eta bere izaera, indarra eta eragina komunikazio­‑mekanismoen eraginkortasunaren arabera eta onarpen sozialaren arabera izango dira, ez ustezko balio intrintsekoen poderioz.

Ildo honetan, ez dago errepresentazio sozial alorrean aparteko mekanismorik euskaldunontzat; erabiltzen ditugun komunikazio sinbolikoaren mekanismoak, alegia, Mendebaldeko kulturan historikoki finkatutako komunikazio-mekanismo berberak dira; kasu honetan, jakina, sinbologiak indar berezia bereganatzen duen testuinguru liskartsuan kokatuta.

Musika-sentipenak eragiteko indar handia du, baina, identitatearen adierazle gisa, haren eraginkortasuna komunikazio sozialaren menpe dago eta hori aztertzeko, derrigorrezkoa da semiotika soziala eta teoriaren komunikazioa aztertzea (idatzi honen tamainak baimentzen ez duena). Labur esanda:

1.-) Etsai edo asimilatzailearen lehenengo zeregina denok komunitate kultural eta politiko bat eta bera osatzen dugula adieraztea da (“Historia partekatua dugula sinetsaraztea alegia”) eta gure le­henengo eginkizuna aldiz, geurezko izaera duen komunitate bereizia osatzen dugula aldarrikatzea eta proposamen hori e uzten dugu praktikara eramatea. Hala izanik, eraikuntza nazionalean, gure kasuan, jadanik etsaiaren errepresentazio legez identifikatzen den kultur edo musika-objektua ukatu egin behar dugu. Kultur objektu adierazle hori, geure egiten baldin badugu, haien kultur komunitatearen zati gisa agertu eta geure xede politikoa zilegitasunik gabe uzten dugu. Hizkuntza da komunitate politiko baten errepresentazio nagusia.

2.-) Kultur eta musika-errepresentazioen alorrean, semiotika soziala aintzakotzat hartu behar dugu. Horren arabera jakin behar dugu kultur eta musika-adierazpen  guztien oinarrian albokotasun-fenomenoa dagoela, hasieran (fandangoa eta arin-arina dantzatzen den tokian euskaldunak izaten dira, alegia); gero, albokotasun hori galtzen denean, kultur adierazpen horiek sinbolo bilakatzen dira aldez aurretik musikaren eta gizartearen elkarketa horretaz ohartzeko aukera izan dutenentzat. Mekanismo hori baliagarria da adierazpen historikoak sailkatzeko eta baita eguneroko kultur adierazpenak bere testuinguru soziologikoan kokatzeko ere. Beraz, kulturaren mamia ez dugu horrenbeste kultur objektuan bilatu behar, komunikazio sozialaren mekanismoetan baizik.

3.-) Kultura zentzu nazionalean hartu behar dugu eta horrek zera esan nahi du: boterearen inguruko adierazpenak zein kontraboterearen ingurukoak aintzakotzat hartu behar ditugula marjinalismo sozialean ez erortzeko. Bide batez, euskal adierazpen historiko legez ezagutzen diren (eta ezagutuko diren) adierazpen klasiko edo tradizionalak hartuko ditugu aintzakotzat, baina, baita adierazpen garaikideak ere.

KULTUR ADIERAZPENEN BEREZKO BALOREAK

Gauza jakina da kultur objektuak berezko gizartearen baloreak islatzen dituela; kulturgileak, gizarte baten kumea den aldetik, neurri handian edo txikian, bere egiten ditu berezko gizataldearen balore eta bizipenak, askotan bera jaio aurretik historikoki ezarriak.

Baina benetako balioak gizartearentzat eredugarriak diren adierazpenak dira, eta horien artean kulturgilea bera, alegia, bere jokamolde soziala eta bere jarrera politikoa (hizkuntzaren garrantzia begi-bistakoa da gure testuinguruan eta orain ez naiz horretan sartuko). Ordezkatutako komunitatearen adierazpen sinbolikoak finkatzeko orduan aktore, egile edo eragilearen jarrera pertsonala funtsezkoa da. Kulturgile batek bere burua komunitate baten kidetzat jotzen baldin badu edota egindako kultur objektua bere kultur komunitateak “duen” sentimenaren adierazpidetzat jotzen baldin badu, identifikazio edo bereganatze horiek konbentzioen sortzaile bihurtzen dira eta, hala bada, so egileek erreibindikazio horiek beren oroimenean gordetzen dituzte, eta aurrerantzean  halako adierazpen sinbolikoren bat badela ohartzean, komunitate horren sentiberatasuna edo nortasuna islatzen duela pentsatuko dute. Eta horrela definitutako musika entzuterakoan, alegia, lotura imajinario bat ezarriko da entzulearen gogoan, musikaren eta aurretik erreferentziaz ezagutzen duen kulturaren edo komunitatearen artean. Beraz, kultur adierazpenen ezaugarri teknikoak, estilokoak, etab. garrantzitsuak badira ere, ez dira inolaz ere mugatzaileak eta ezinbestekoak; kulturgilearen jarrera pertsonala, ordea, oso mugatzailea da; kultur objektu baten adieraze-izaera finkatzen duen alderdi eraginkorrena noski. Zentzu horretan, balio iraultzaileak direla edo beste arrazoiak medio, agerian ala ezkutuan, pasiboki ala aktiboki, gure etsaiekin bat datozen kulturgileak goratzea, haien jarrera legitimatzea edota sostengu mediatikoa ematea, nazio eraikuntzaren aurka jotzea da, umekeria politikoa izateaz gain.