EUSKAL HERRIKO DEMOGRAFIAREN LARRIALDIAZ (2. ZATIA)

Argazkia: Expansión

Publikatu genuen artikuluaren lehenengo zatia, hemen: https://www.naziogintza.eus/euskal-herriko-demografiaren-larrialdiaz-1-zatia/

MIGRAZIO-FLUXUAK EUSKAL HERRIAN

Gizarteko desberdintasunak areagotzen ari diren mundu bidegabe honetan, migrazio-fluxuak ondorio logikoak dira. Urtero milioika pertsona herrialde aberatsetara abiatzen dira gerretatik, gosetetik edo miseriatik ihesi, eta joera hori ez da  aldatuko epe laburrean. Giza tragedia izugarri horren aurrean ezin gaitezke bihozgabeak izan, eta bizitza hobe baten bila gure atea jotzen dutenekin enpatia izan beharrean gaude, iraganean, guk kanpora joan behar izan genuenean, beste batzuek gurekin egin zuten modu berean.

Hala ere, eskaini beharreko elkartasun horrek ezin du ezkutatu txanponaren beste aldea: alegia, zer eragin duten migrazio-fluxuek harrerako gizartean, hizkuntza-, kultura- eta soziologia-arloan. Batez ere, delako harrera-gizartea gurea bezalako nazio txiki batekoa baldin bada, burujabetasunik gabea, mendekoa, ukatua eta hizkuntza gutxitua duena. Guk ez ditugu, orokorrean, Estatu batek dituen baliabideak etorkinak gure hizkuntzan eta kulturan behar bezala integratzeko, eta horrenbestez Euskal Herrira etortzen direnak Espainian eta Frantzian integratzen dira, eta ez gurean. Horrek izugarri higatzen ditu gure gutxitutako hizkuntza eta berezko kultura.

 

1.- POPULAZIO MUGIMENDUAK, KOLONIZAZIOAREN TRESNA ERAGINKORRAK

Ondo baino hobeto dakite mundu osoko inperialistek mendeko nazioak asimilatzeko eta irensteko demografia-aldaketak  tresna oso eraginkorrak direla. Ondo baino hobeto dakite demografia zein garrantzizkoa den nazio txiki baten bilakaeran, eta horregatik populazio-mugimenduak eta biztanleriaren leku-aldaketak ere erabili ohi dituzte mendeko nazioak suntsitu eta desagerrarazteko.

Demografia da kolonizazioaren baliabide garrantzitsuenetako bat. Funtsean, kolonoen bitartez inperialistek demografia-aldaketak sustatzen dituzte haien mendeko Herriak hobeto kontrolatzeko. Kolonizazioa, Herri batek, ideia inperialista bati lotuta, beste Herri baten ondasun materialaz jabetu eta tokiko herritarren hizkuntzaz, kulturaz eta identitate kolektiboaz desjabetzeko prozesua da, alienazio edo arrozte-prozesu baten bidez. Kolonizazioaren funtsa, Herri bat azpiratzea da, atzerriko kontrola bere gainean ezarrita. Giza jardueraren arlo guztietara zabaltzen da kolonizazioa: ekonomiara, demografiara, gizartera, kulturara eta politikara. Eta kolonizazioaren funtsezko ezaugarri bat, beti aplikatzen dena, biztanleriaren masa-emigrazioa da, nazio menderatzailetik mendean hartutako naziora.

Demografia-kolonizazioaren adibideak ugariak dira, eta historian zehar patroi berari jarraitu diote beti. Batzuk aipatzearren, hona hemen zerrenda labur bat:

1.- Mussolini faxistak Hego Tirol eta Aosta Harana “italiartzeko” egindako saioak. Italiako kolonoak bidali zituen masiboki italiar kultura eta hizkuntza ez zituzten bi lurralde horietara.

2.- Sionistak, kolono judutarrak etengabe hara bidaliz, Palestinako lurralde okupatuetan garatzen ari diren politikak, NBEren irizpideen aurka.

3.- Txinak Tibeten aplikatzen duen politika etnozida. Gaur egun, Tibeten, jatorrizko tibetarrak baino askoz ugariagoak dira txinatar kolonoak, eta Tibeteko hizkuntzaren eta kulturaren gutxiagotze-prozesua azkartzen ari da.

4.- Turkiarrak Siriako Kurdistanen 2019tik bultzatzen ari diren populazio-mugimenduak.

5.- Marokok 1975etik Saharan jarraitzen duen politika, okupatutako lurralde hartara milaka kolono bidaliz. Marokok behin eta berriz uko egin dio Saharan autodeterminazio-erreferenduma egiteari, baina badaezpada ere, 1975etik demografia-aldaketa etengabe burutzen ari da bertan, aipatutako erreferenduma azkenean antolatuko balitz ere bere aldeko emaitza bermatzeko

6.- Gauza bera egin du Frantziak Kaledonia Berrian, autodeterminazio-erreferendumean frantses kolonoek Frantziako interesak defenda ditzaten.

7.- Stalin genozidak Baltikoko errepublikak (Letonia, Lituania eta Estonia) ehunka mila errusiarrekin birpopulatu zituen. Estonian eta Letonian, bereziki, errusiarrak eta haien ondorengoak biztanleriaren zati garrantzitsua dira oraindik ere, eta horrek hizkuntza-gatazka bortitzak eragiten ditu noizbehinka (ikusi: https://www.naziogintza.eus/estonia-eta-irlanda-bi-eredu-linguistiko-antagonikoak/)

8.- Kosovoko errepublikaren kasua ere paradigmatikoa da: bertan, duela 150 urte, populazioaren gehiengoa serbiarra zen. Albaniatik lekualdatutako migrazio handiek bertako demografiaren egoera aldatu egin zuten, eta duela 70 urte albaniarrak (serbiarrek baino jaiotza-tasa handiagoa izaki) gehiengoa ziren bertan.

Ezin dugu aipatu gabe utzi Euskal Herriak Francoren diktadurapean bizi izan zuen demografia-aldaketa itzela. Ez da kasualitatea Hego Euskal Herria eta Katalunia izatea frankismopean etorkin espainiar gehien jaso zituzten bi lurraldeak, 1955 eta 1975 urteen artean. Mussoliniren demografia-politikak ondo ezagutzen zituen Francok. Eskulan merkea behar zuten euskal enpresaburu handien konplizitatearekin, Francoren erregimenak Gaztelatik, Galiziatik, Andaluziatik edo Extremaduratik populazio-olde handiak lekualdatu zituen, Hego Euskal Herrira eta Kataluniara bereziki. Aipatutako urteen artean, ia 500.000 etorkin espainiar iritsi ziren EAEko lurraldeetara, biztanleriaren %30 osatuz.

Ez dugu ukatzen, inondik inora, migrazioen eta ekonomiaren arteko lotura estua. Logikoa eta normala denez, migrazio-fluxuak lurralde txiroetatik lurralde aberatsetara bideratzen dira. Baina gure kasuan, frankismopean, immigrazio fenomenoak osagai politiko nabarmena ere bazuen: erregimen frankista ez zen inozoa, eta inperialista guztiek historian zehar egin dutena gurean errepikatu zuen, hots, demografia-aldaketa eragin eta sustatu, euskal kontzientzia nazionala amatatu nahian. Saiakera, ordea,  ez zitzaion guztiz ondo atera, ez baitira gutxi izan euskal kausa nazionalaren alde konprometitu ziren etorkinen seme-alabak.

2.- IMMIGRAZIOAREN FENOMENOA EUSKAL HERRIAN

Hego Euskal Herriak hiru migrazio-olatu handi ezagutu ditu azken 150 urteotan: lehena, XIX. mendearen bukaeran hasitakoa, Gaztelatik -batez ere- etorri zen, eta Bizkaia izan zuen helmuga. Bigarrena, eta handiena, XX. mendeko 1960ko eta 1970eko hamarkadetan, Espainiatik Hego Euskal Herri osora zabaldu zena. Eta azkena, XXI. mendearen hasierakoa, bereziki Afrikatik eta Hego Amerikatik etorri dena. Hego Euskal Herriak ehunka mila etorkin jaso ditu hiru olatu handi horietan, eta horietako gehienak, orokorrean, ezin izan dira gure hizkuntzan eta kulturan integratu gure Herriko eremu euskaldunetan. Batzuek herri txiki euskaldunenetan soilik lortu dute integrazioa.

Gaur egun, Euskal Herri osoan, kanpoan jaiotako pertsonen ehunekoa  Europako handienetakoa da: %29. Aldiz, Espainian (%13), Alemanian (%13), Frantzian (%12) edo Italian (%10) ehuneko horiek askoz apalagoak dira.

Beste datu honek ere ondo islatzen du gure nazioak izan duen migrazio-fluxu handia: Trebiñu gabeko Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan biztanleen %35 soilik da bertan jaiotakoa eta bi gurasoak bertakoak dituena.

Europako nazioen artean, Kataluniak bakarrik du etorkinen ehuneko altuagoa: %37.

Inon ez dago kanpoko jendea hartzeko eta integratzeko mugagabeko gaitasuna duen gizarterik. Euskal Herrian ere ez. Euskararen arloan, esaterako, argi dago gure hizkuntza ahulegi dagoela migrazio-olatu handi bati aurre egiteko. Eta hor egundoko arazoa dugu. Gure politikariak, egoera horren aurrean, axolagabekeria itzela erakusten ari dira. Beste alde batera begiratzen dute. Ezin da honetaz hitz egin, politikoki zuzentzat jotzen ez duten gai bihurtu dutelako.

Guk uste dugu premiazkoa dela immigrazioaren gaia aurre-iritzirik gabe aztertzea, eta eztabaida sortzea. Eta jarrera xenofoboetatik aldenduta, etorkinentzat eta euskal hizkuntzarentzat eta kulturarentzat kaltegarria ez den konponbide bat aurkitzea.

Gure iritziz, ekologian “garapen jasangarriaz” hitz egiten den moduan, demografian ere “immigrazio eramangarriaz” hitz egiten hasi beharko genuke. Kontzeptu honekin gizartean, hizkuntzan eta kulturan integratzeko gaitasunari lotuta egongo litzatekeen migrazioaz ari gara, eta ez demografia-ordezkapena bultzatzen duenaz. Horretarako giza eskubideak eta elkartasuna iparrorratz gisa hartu behar ditugu, bai, baina gure Herria izan dena, orain dena eta etorkizunean izatea nahiko genukeena erabat desitxuratu gabe.

Azken urteotan beste migrazio-fluxu handi baten lekuko izaten ari gara, XX. mendeko immigrazioarekin zer ikusirik ez duena: 2005etik 400.000 etorkin berri iritsi dira Euskal Herrira, horietako gehienak (Hegoaldeko kasuan) Hirugarren Munduko herrialdeetatik. 400.000 erdaldun gehiago, euskararekin inongo harremanik ez dutenak, eta gure hizkuntza-desoreka areagotzen dutenak. Argi utzi nahi dugu hemen euskararen diglosia-egoeraren errudunak ez direla etorri berriak, inondik inora ere. Baina begi-bistakoa da, era berean, gure hizkuntzaren egoera txarra, nahi ala ez, areagotu egiten dutela, espainieraz edo frantsesez gizarteratzen direlako, eta ez euskaraz (salbuespenak salbuespen).

Ez litzateke bidezkoa izango immigrazioari soilik egoztea euskararen diglosia-egoeraren errua. Euskal herritarren artean migratzaileak eta bertako “baskoak” daudelako, “basko” hauek seguru asko migratzaileak baino gehiago izaki. Beraz, gure hizkuntzaren egoera hobetzeko hizkuntza-politikaren ildoak errotik aldatu behar dira: migratzaileak  ez ezik, bertako “baskoak” ere euskarara erakarri behar dira, zaila baita etorri berriei gurean integratzeko euskara ikastea eskatzea, bertako batzuek euren hizkuntza aintzakotzat hartzen ez dutenean.

Hori esanda, begi-bistakoa da, era berean, gure herri-erakundeen utzikeria etorri berriak euskal gizartean integratzeko. Hizkuntza berreskuratzeko beharrezko baliabideak eta politikak ez dituzte martxan ezartzen oro har, eta are gutxiago etorkinen hizkuntza-talka arintzeko tresnak. Zilegi zaigu galdetzea: zer egiten du Eusko Jaurlaritzak (Nafarroako Gobernuari edo Ipar Euskal Herriko Hirigune Elkargoari gai honetaz galdera bera egin diezaiekegu) gure eremu euskaldunetara etortzen ari diren migratzaileak euskalduntzeko? Ezer ez. Eusko Jaurlaritzaren kasuan, esaterako, espainierazko klaseak eskaintzen zaizkie etorri berriei, baita herri euskaldunenetan ere. Era horretan, euskara guztiz bazterrekoa dela esaten ari zaie. Gure hizkuntza salbatu nahi badugu funtsezkoa da hori aldatzea eta gurera etorri berri diren horiei harrera ikastaroak ematea, gurean integra daitezen euskaraz eta euskal kulturaz jabetzeko bideak eskainiz. Ez gara ezer berririk asmatzen ari, Europako beste herrialde batzuetan ohikoa baita horrelako ikastaroak antolatzea. Esan gabe doa burujabetza osoa izango bagenu tresna gehiago izango genituzkeela, estatu-tresnak, etorkinak integratzeko, baina une hori iritsi arte Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, gutxienez,  immigrazio-politikaren eskumenak lehenbailehen beren gain hartu beharko lituzkete. Politika horiek Espainiako Gobernuaren esku dauden bitartean, aitzakia ezin hobea izango dute gure agintariek arlo honetan ezer ez mugitzeko.

Gogora dezagun immigrazioa, bakarkakoa denean, harrerako gizartean integratu ohi dela, baina jende-olde handietakoa denean ez, etorkinek beren arteko harremanak lehenesten dituztelako. Horrenbestez, talde itxiak sortzeko joera handia dute, gure herrietan sarritan ikusten dugunez. Hori saihesteko, bide bakarra dago: etorkinen integrazioa bultzatzea euskal gizartean

3.- IPAR EUSKAL HERRIKO EGOERA

Euskal demografiari buruzko lan honetan ezin falta Ipar Euskal Herriari buruzko aipamen berezirik. Izan ere, Frantziaren mendeko Euskal Herriak demografia-arazo itzela badu halaber. Arazo horren muina ez da, Hegoaldean bezala, jaiotza-tasa apala, Iparraldean (frantziar estatuan bezala) jaiotza-tasaren aldeko politika eraginkorrak indarrean daudenez. Arazoa bestelakoa da: 300.000 biztanle inguruko lurralde batera urtero 4.000 etorkin berri iristen direla. Etorkin horien profilak, Hegoaldekoarekin alderatuta, ez dauka zer ikusirik: ez dira Hirugarren Munduko herritarrak, frantses jubilatuak baizik, erosteko ahalmen handikoak. Eta jubilatuez gain, ez dira gutxi Iparraldeak erakartzen dituen frantses bikote gazteak ere.

Hori gutxi ez, eta, iraganean bezala, bertako gazte asko Frantziako hirietara joaten dira ikasketak egitera edota etorkizun profesional hobearen bila. Arazoa egiturazkoa da: alde batetik, Ipar Euskal Herrian ez dago erakartzeko ahalmena duen hiri handirik eta, bestetik, turismoan oinarritutako ekonomia batek lanbide-aukera gutxi eskaintzen dizkie bertakoei. Ekoizpen-ereduaren aldaketa premiazkoa da, turismo-arloaren nagusitasunak etxebizitzen garestitzea ekartzeaz gain, ez baititu asetzen Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoako gazte askoren lan-helburuak. Industriaren aldeko politikak garatu behar dira, turismoaren mendekotasuna gutxitzeko eta kalitatezko lanpostuak bertako gazteei eskaintzeko. Ipar Euskal Herriko ekonomia-eragileek Frantziako turistei begiratu beharrean, hobe lukete Hego Euskal Herriko ekonomia-sarearekin harremanak estutu eta proiektu komun eta osagarri bat ehuntzen joatea.

Eta gazteen exodoak jarraitzen duen bitartean, gero eta frantses jubilatu gehiagok urrezko erretiroa bizi dute Ipar Euskal Herrian. GAINDEGIAk emandako datuen arabera, 2000 eta 2007 arteko epean, Lapurdiko biztanleria %18 hazi zen: 40.000 biztanle berri, gehienak frantsesak. 1999ko biztanleak 262.370 ziren Ipar Euskal Herrian, eta 2015ean 302.980. Zer esanik ez dago biztanle-multzo handi horren gehiengoak euskararekin eta euskal kulturarekin ez duela inongo harremanik, eta haiei bizkarra emanda bizi direla.

Horren guztiaren ondorioz, 2016an Ipar Euskal Herriko biztanleriaren %53 kanpoan jaiotakoa zen.

Arazoaren tamainaren berri ematen digu Eneko Gorrik ARGIA aldizkarian argitaratutako elkarrizketa batean (ARGIA, 2.577 zenbakia):

Jendeak, euskaltzaleek, aski barneratuta ez dutena da euskararen egoeran administrazio publikoan garatzen dituzten beste politika publikoek eragin askoz handiago dutela hizkuntza politikak baino. Adibidez, konbentzituta naiz gaur egun Biarritzek biderkatzen badu hamarrez euskarari ematen dion aurrekontua eta beste hogei langile hartzen baditu lan egiteko, hala ere, ez luke eragin handia izango euskararen egoeran hemendik 50 edo 100 urtera. Zergatik? Hirigintza ereduak, turismo ereduak, etxebizitza politikak, hizkuntza politikak baino askoz eragin handiagoa izanen duelako. Hirigintza hemen ez da batere aipatzen eta auzi (linguistiko) horretaz gogoetatzea premiazkoa da”.

Turismoa nagusi bilakatzeak kultura- eta hizkuntza-hondamendia ekarri dizkio Ipar Euskal Herriari. Eta bide horri jarraikiz, euskal zantzu guztiak desagertuko dira bertan. Hego Euskal Herriak badu ere zer ikasi esperientzia kaltegarri horretatik akats berean ez erortzeko, Hegoaldeak ere, turismoa kontrolatu ezean, kalte berdinak pairatuko baititu.

4.- EUSKALDUNTASUN IREKIAREN ALDE

Atal honekin bukatzeko, argi utzi nahi dugu euskal nazioaren kontzeptu irekia eta inklusiboa bultzatzearen aldekoak garela. Euskal Herrira bizimodu hobe baten bila etorri direnen gain dago erabakitzea euskal herritar eta euskaldunak izan nahi duten gurean, edota betirako etorkinak izango diren. Erabaki garrantzitsu hori hartzea ez dagokigu guri, haiei baizik. Horrek esan nahi du euskalduntzea erabakitzen duena euskalduna izango dela guretzat, dena delakoak izanik ere beren jatorria, abizenak, ideologia edo azalaren kolorea. Euskara baita tresnarik egokiena etorkinak gure Herrian txertatzeko, eta nekez aurki daiteke beste toki batzuetan irizpide zabalagorik etorri berriak herrikide bihurtzeko. Funtsean, gureak irizpide nazionalak direlako, eta ez etnikoak.

Gauza bera euskal herritar bihurtzeko. Gu ez gaude inondik inora ados garai bateko lelo aldrebes harekin: “Euskal herritarra da Euskal Herrian bizi eta lan egiten duena”. Horren arabera, Galindo jeneral torturatzailea, espainiarra, eta berarekin batera Intxaurrondon bizi ziren pikoleto guztiak ere euskal herritarrak ziratekeen. Astakeria galanta. Guretzat, euskal herritarra, Euskal Herrian bizitzeaz gain, euskal herritar ere sentitzen dena da, euskal herritar izateko gogoa ezinbestekoa baita euskal herritar izateko, dena delakoa izanik ere norberaren jatorria.

Halere, beste aukera bat ere badute Euskal Herrira etorri direnek, alegia,  euskaldun edota euskal herritar izateari uko egitea, beren jatorrizko Herrian izango balira bezala hemen bizitzea, eta gure gizartean ez integratzea. Aukera guztiz errespetagarria, baina ondorio guztiekin hartu behar dutena: haiek dira, eta ez gu, gure nazioan betirako atzerritar bezala bizitzea hautatzen dutenak.

 

GURE PROPOSAMENAK:

1.- Hego Euskal Herriko demografia-krisiari aurre egiteko bi konponbide daude: jaiotza-tasa areagotzea ala etorkin gehiago erakartzea. Une honetan, gure erakundeak bigarrenaren aldeko apustua egiten ari dira. Guk, aldiz, epe laburrean immigrazioaren aukera baztertu gabe, jaiotza-tasaren konponbidea lehenesten dugu.

2.- Premiazkoa da Hego Euskal Herriko herri-erakundeek jaiotza-tasaren aldeko politikak sustatzea. Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak Demografia Saila sortu behar lukete, batez ere jaiotza-tasa emendatzeko. Gaur egun, Eusko Jaurlaritzak hamaika kanpaina egiten ditu, baina bat bera ere ez jaiotza-tasa igotzearen aldekoa. Badaude Europan politika horiek aspalditik garatu dituzten estatuak, arrakasta handiz garatu dituztenak gainera. Gugandik gertu, frantziar estatua. Badugu hor zer ikasi.

3.- Gure Gobernuen aurrekontuetan sail garrantzitsu bat guraso berrientzako diru-laguntzetara bideratu beharko litzateke. Arlo horretan, gizarte-laguntzak ezinbestekoak dira: etxebizitza sozialak gazteentzat, soldata duinak, pizgarriak eta desgrabazio fiskalak umeak edukitzerakoan, kontziliazio-politika ausartak, amatasun eta aitatasun bajen luzapena, doako haurtzaindegiak, lana uzteko zein berriro hartzeko erraztasunak, etab.

4.- Ipar Euskal Herriko demografia-arazoari aurre egiteko funtsezkoa da turismoan oinarritutako ekoizpen-eredua aldatzea eta Hegoaldearekin ekonomia-harremanak sendotzea.

5.- Ingurumena eta ekosistemak babesteko “garapen jasangarriaren” kontzeptua erabiltzen den modu berean, hizkuntza eta kultura gutxituak babesteko “immigrazio eramangarriaren” kontzeptua ere erabili beharko litzateke. Ingurumen-talka aintzat hartzen den bezala, hizkuntza- eta kultura-talka ere kontuan hartu behar lirateke immigrazio politiketan.

6.- Etorkinei euren bizimodua hobetzeko eskubidea aitortzearekin batera, Euskal Herriari bere hizkuntza, kultura eta herri-nortasuna babesteko dagokion eskubidea errespetatu beharra aldarrikatzen dugu. Oreka bat bilatu behar da bi alderdi horien artean, jarrera xenofoboak baztertuz.

7.- Euskal Herrira heltzen diren etorkin guztiei Elkarbizitzarako Harrera Ikastaroa eman beharko litzaieke euskara eta euskal kulturaren garrantzia azpimarratuz, batez ere eremu euskaldunetan. Horrekin batera, oinarrizko euskara-maila landu eta irakatsi beharko litzaieke.

8.- Diasporan bizi den euskal jatorrizko jendeari lehentasuna eta erraztasuna eman beharko litzaioke gurera etortzeko.

9.- Zer esanik ez goi-mailako ikasketak eginda edo goi-mailako lanbidea izanda krisi garaian atzerrira joandako gazte guztiei. Euskal Herrira itzultzeko pizgarriak eta laguntzak eskaini beharko litzaizkieke.

10.- Euskalduntasun irekiaren aldeko mezua zabaldu beharra dago. Benetako euskalduna euskaraz bizi dena da, edozein izanda ere bere jatorria, abizenak edo azalaren kolorea. Euskara integrazioaren tresnarik eraginkorrena dela aldarrikatu behar dugu.