XABIER IRUJO
Historialaria. Nevadako Unibertsitateko Euskal Ikergunea.
Euskal errepublikaren proiektu politikoa ez da berria euskaldunon artean. Izan ere, askatasunaren galerari dagokio eta askatasunaren galeraren ondorioa da. Proiektu politikoa izateaz gain, gure arbasoen eskutik jaso dugun ondare kulturala ere bada.
Euskal herrietan independentziaren aldeko aldarrikapena euskal estatuen askatasun politikoaren galerari lotuta dago eta berezkoa zaio. Horregatik, independentziaren defentsa Frantziako Asanblea Nazionalak Nafarroako, Lapurdiko eta Zuberoako foruak deuseztatu zituenean gertatu zen lehen aldiz, Frantziar Iraultzaren testuinguruan. Orduan bildu ziren Nafarroako Estatuko Estatu Orokorrak Donibane Garazin 1789ko irailaren 19tik 22ra eta Étienne de Polverel erreinuko sindikoari agindu zioten Nafarroako independentziaren inguruan liburu bat idatzi eta argitaratzea Tableau de la Constitution du Royaume de Navarre et des Rapports avec la France izenburupean.
Nafarroako erreinuko erakundeen arabera, Nafarroa 1512ko gerran bidegabeki banatutako estatua zen. Hala ere, Gorteetako legegizonen arabera, Nafarroako bi erresumek estatu burujabeak eta independenteak jarraitu zuten izaten 1522az geroztik. Ondorioz, Nafarroa ez zen ez Gaztelaren ez Frantziaren erresumetako parte bat eta nafarrak ez ziren ez gaztelarrak ez frantsesak. Izan ere, garbi utzi zuten nafarren hizkuntza euskara zela eta beste euskal herriekin batera nazio bat osatzen zutela. Nafarroako erresumaren corpus juridikoa, foruak, Nafarroako konstituzioa zela adierazi zuten, eta ondorioz, Nafarroak ez zuela behar Frantziako konstituzioa.
Gobernu iraultzaileak gogor erreakzionatu zuen. Konbentzioko Gerraren testuinguruan (1793-1795) eta “le fanatisme parle le basque” lelopean, Bertrand de Barère Vendéeko genozidio kanpainaren arkitektoak, 1794ko urtarrilaren 27an adierazi zuen euskal herritarrak fanatiko hutsak zirela eta euren kultura eta hizkuntza desagerrarazi egin behar zirela. Handik bi hilabete eskasera, Konbentzio Nazionalak Lapurdiko eta Nafarroako hainbat herritako 4.000 bat lagun deserriratzeko agindua eman zuen. Janaririk eta neguko arroparik gabe, baldintza gaitzesgarrietan, oinez eraman zituzten Landetara. 1.600 pertsona baino gehiago hil ziren martxa negargarri hartan.
Antzeko prozesu politikoa gertatuko zen Hegoaldean urte gutxi batzuren ostean.
Eredu jakobinoari jarraituz, Napoleonek batzarra antolatu zuen Baionan 1808an. Helburu bi zituen enperadoreak: Batetik, Espainiar estaturako konstituzio bat onetsi eta, bestetik, estatu berriaren koroa bere anaia Jose Bonaparteren eskuetan laga. Egun batean Gaztelako eta Nafarroako koroak lau buruetatik pasa ziren. Egun gutxi batzuk geroago, Baionan bildu ziren Napoleonen tropek okupatutako lurralde ezberdinetako ordezkariak, tartean Araba, Bizkai, Gipuzkoa eta Nafarroako diputatuak. Juan José María Yandiola Bizkaiko Batzar Nagusietako ordezkariak adierazi zuen, ez zela zilegi espainiar herriaren ongizaterako konstituzio berri bat onartzea euskal herritarren kontura. Polverelek lehenago adierazi zuen bezala, Yandiolak adierazi zuen Espainiak konstituzio bat behar zuela baina Bizkaiak eta, hedaduraz, gainerako euskal lurraldeek, jadanik bazutela berena: Euskaldunek ez zuten lege berririk behar.
Euskaldunen eskubide politikoak ukatzeak eta espainiar estatua sortzeko saiakerak, Lehen Karlistaldia sustatu zuen. Zazpi urteko gerraren (1833-1839) eta 1839ko urriko “foruen berrespenerako” legea onartu ondoren, Hegoaldeko lau euskal estatuak 1837ko Espainiako konstituzioaren mende gelditu ziren. 1.000 urteren ondoren Hegoaldeko euskal estatuak, Espainiako estatuko probintzia bihurtu ziren. Orduan, Polverelek lehenago egin zuen bezala, Angel Sagaseta Nafarroako Gorteen sindikoak Nafarroako Erresumako independentziaren defentsa juridikoa egin zuen eta liburua zentsuratu zuen Madrilgo gobernuak 1840an.
Hegoaldeko euskal estatuen lehen independentzia-aldarrikapena ez zen askoz geroago gertatu: “Vascongados” izenburupean argitaratu zen 1855eko maiatzean, Madozen desamortizazio zibila baino egun batzuk geroago. Oso aldarrikapen laburra izan zen hura, 1.500 hitzetan bildu zituen lau ideia nagusi: 1) Ezin da Espainiarekin akordio bat negoziatu, beraz, beharrezkoa da euskaldunak espainiarrekin batzen dituzten lotura politikoak hautsi eta, independentzia berreskuratuz, “lurralde subiranoak” (tierra apartada) izaten jarraitzea; 2) Euskaldunek ez dute atzerriko agintaririk behar; 3) Euskaldunak izatez nazio bat gara eta, 4) Independentziak hamarkadetako abusu politiko, sozial, kultural eta ekonomikoei amaiera emango die.
“Vascongados” bandoa Manuel Irujo Apeztegia Tafallako diputatu karlistaren “Paper propioak” izeneko karpeta batean aurkitu nuen. Ideia hauek defendatzeagatik, etxea bahitu zioten eta Tafallatik atzerriratu zuten. Polizia liberala Irujoren etxera joan zenean diputatu karlistaren ondasunen inbentarioa egiteko, balioko ezer ez zutela aurkitu adierazi zuten txosten ofizialean, “liburuak besterik ez baitzituen”… Manuel Irujo gure heren-aitona zen.
Urte batzuk geroago, 1895eko abuztuan, Bizkaitarra egunkarian argitaratutako artikulu baten ondorioz “matxinada eragitea” leporatu zioten Sabino Arana Goiriri eta Larrinagako espetxean sartu zuten. Bi aste beranduago, Euskeldun Batzokija itxi eta Bizkaitarra exekutiboki atzeman zuten gobernadorearen aginduz; haren 110 bazkideak auzipetu zituzten eta zuzendaritza batzordeko kideak espetxeratu. Daniel Irujo abokatu nafarra kontratatu zuten. Manuel Irujo Apeztegi Tafallako diputatu karlistaren semea zen Daniel, eta haren defentsa ikuspegi juridikotik egin den Euskal Herriko independentziaren aldeko lehen argudio publikoetako bat da. Irujoren iritziz, Euskal Herriaren historia zehatz-mehatz ikertzen duenak “logikotzat hartuko du euskaldunen antzinako askatasunak, legeak, erakundeak eta burujabetza politikoa berreskuratzeko nahia”. Euskal errepublikaren aldeko dei hau Abertzale baten defentsa (Defensa de un patriota) izenburuarekin argitaratu zen 1913an Buenos Airesen.
Urteak pasa ziren eta, 1931ko apirilaren 12ko koalizio errepublikanoaren hauteskunde-garaipenaren ondoren, Jose Antonio Agirrek eta Bingen Ametzagak Getxoko udaletxeko balkoitik Alfontso XIII.aren diktaduraren amaieraren berri eman zuten, bai eta Euskal Errepublika aldarrikatu ere. Maria Teresa Agirre Lekubek ongi gogoratzen zuen gertatutakoa: “Egun ederra izan zen apirileko 14 hura, herria kaleratu zen inork inongo deirik egin gabe, algortarren berezko ekintza propioa eta abertzalea izan zen hura. Eibarren, egun berean, sozialistek antzeko gauza egin zuten. Guztiok abiatu ginen udaletxera eta bertako balkoitik Jose Antoniok eta Bingen Ametzagak euskal errepublika aldarrikatu zuten. Jendea pozik zegoen, ikurrinak kaleetan, gure herriaren geroa berreskuratu genuela zirudien; “errepublika”, zer ez zen hitz horren esanahia euskaldunontzat!”
Daniel Irujo Urraren semeak gurasoengandik jaso zuen euskal errepublikaren ideia eta Jose Antonio Agirrerekin eta Bingen Ametzagarekin batera lan egin zuen erbestealdi luze hartan. 1940ko uztailean, Londresen, erbestean, Manuel Irujo Ollok Winston Churchill-ekin negoziatu zuen Euskal Errepublika sortzea. Hilabete eskasean, akordioa sinatu zuten Lord Boothby-ren etxean. Hitzarmenaren indarrez, Gobernu britainiarrak “begi onez ikusten zuen euskal herritarren askatasuna eta burujabetzaren aldarrikapena” eta, Espainiako gobernua Ardatzaren alde gerran sartuz gero, “bere esku zegoen guztia egiteko konpromisoa hartu zuen Euskal Estatu independente baten konstituzioa eta segurtasuna bermatzeko”.
Ildo beretik, 1941eko azaroaren 24an, Irujok Euskal Kontseilu Nazionalaren oinarri ideologiko eta estrategikoei buruzko dokumentua argitara eman zuen “Iberiar Nazioen Erkidegoaren Oinarri Praktikoak” izenburupean. Hamalau puntutan laburbilduta, testuak 1940ko euskal independentismoaren oinarri ideologiko eta programatikoak finkatu zituen, “giza askatasun guztiak solidarioak dira” lelopean. Bingen Ametzagak eta Manuel Irujok, Galeuzca erakundearen sorreran kolaboratu zuten erbestean. 1944ko Galeuzkako Adierazpen Bateratuaren arabera, Galizia, Euskal Herria eta Katalunia autodeterminazio-eskubidearen eskutik errepublika independenteak osatzeko eskubide osoa zuten.
Pello Irujo Elizaldek bere arbasoen eskutik jaso zuen euskal errepublika independentearen herentzia intelektuala. 1967ko Aberri Eguna antolatzen ari zela Iruñean atxilotu, torturatu eta erbesteratu egin zuten, euskal politikaren ideia kardinal hau defendatzeagatik.
Beste hainbeste euskal etxeetan bezala, bost belaunaldi independentisten oinordekoak gara gu; euskal errepublika ez da euskaldunon artean proiektu berria; ez da soilik euskaldunon historiaren 1.000 urteko oinordetza politikoa eta ibilbide historikoaren parte nabarmena; ez da soilik euskal arkitektura politikoaren bizkarrezurra eta nazio bat izaten jarraitzeko estrategia politiko nagusia, baizik eta gure etxeetako historiaren parte integrala, gure izanaren eta izenaren ardatz nagusienetarikoa da. Arbasoen eskutik heldu zaigun lekuko politikoa. Ezin dugu aurrera egin iraganera begiratu gabe, eta ezin dugu gure herri honen geroa eraiki, ez bada euskal errepublika bat osatuz.