HEGO TIROL ETA AOSTA HARANA: BEREZKO HIZKUNTZEN BILAKAERA EZBERDINA

    Argazkia: Dove-Viaggi

    Italiaren mendeko bi nazio txiki eta menditsu daude estatu horren ipar aldean: Hego Tirol eta Aosta Harana. Bi lurralde horiek estatus berezia dute, autonomia zabala eta berezko identitatea. Bietan, hizkuntza propioak (frantsesa Aosta Haranean eta alemana Hego Tirolen) ofizialkideak dira, baina beren indarra eta bizitasuna ez dira parekoak. Hego Tirolen alemana hizkuntza nagusia den bitartean (Bozen hiriburuan eta beste bi edo hiru herrietan izan ezik), Aosta Haranean frantsesak ahultasun nabarmena du kalean eta italiera da bertako hizkuntza nagusia.

    Aostako frantsesak zein Hego Tiroleko alemanak garai latzak ezagutu zituzten iraganean. Benito Mussolini faxistaren aroa, bereziki, beltza izan zen bi hizkuntza horientzat. Mussolinik frantsesaren eta alemanaren irakaskuntza debekatu zuen, milaka kolono italiar bidali zituen italiar-hiztunak ez ziren bi lurralde horietara, bertako toponimia aldatu eta italiartze-prozesu basatia abian jarri zuen. Bigarren Mundu Gerra bukatutakoan, aldiz,  italiar estatu berriak autonomia-estatutua eman zien Aostari eta Hego Tiroli, frantsesaren eta alemanaren ofizialkidetasuna ere onartzen ziena.

    Gaur egun, Hego Tiroleko biztanleen %69 aleman-hiztuna da, eta Aostako %60ak frantsesa badaki. Azpimarratu behar da, dena den, Aostako kasuan frantsesaren ezagutzak ez duela bere erabilera bermatzen, bertan populazioaren %2k soilik baitu frantsesa ama-hizkuntza. Irlandako kasuarekin antz handia du Aostarenak, hizkuntzaren ezagutza handia izan arren erabilera hutsaren hurrengoa baita.

    Etienne Andrione Aostako kazetariak NAZIOGINTZAri esan dionez, “Aostan frantsesa kanpoko hizkuntza bezala ikasten da, ingelesaren antzera, eta ikasle gehienek ez dute gutxieneko trebetasunik lortzen hizkuntza horretan; horrek nabarmen zailtzen du bere erabilera

    Egoera oso bestelakoa zen 1921ean: urte horretako erroldaren arabera biztanleen %88 frantses-hiztuna zen, horietako gehienak elebakarrak.

    Nolatan estatu beraren mende egonik bi nazio txiki horiek arrakasta maila ezberdina izan dute beren hizkuntzen normalizazioan? Zergatik Hego Tirolen gai izan dira alemanari eusteko eta Aostan, berriz, frantsesa galzorian dago?

    Interesgarria da oso, gure ustez, bi hiztun-herri horien azterketa, prozesu horretan jokoan egon diren faktoreak zuzen identifikatzeko eta beren eragina hizkuntzaren bilakaeran ondo neurtzeko.

    Bi Herri horien arteko lehenengo ezberdintasuna historikoa da. Aosta Harana 1861ean Italian integratu zuten, eta Hego Tirol 1918an. Ia 60 urteko aldea. Aostaren italiartze-prozesua, beraz, lehenago hasi zen.

    Hezkuntza-sistema da bi lurralde horien arteko ezberdintasun nabarmena, hizkuntzari dagokionez. Aosta Haranean eredu “elebidun” baten alde jokatu zuten bitartean (italiera eta frantsesa geletan), Hego Tirolen murgiltze-ereduaren alde jo zuten, garbi. Bigarren lurralde horretan, 1948tik, bi eskola mota daude: alemana eta italiarra. Eskola alemanetan ikasgai guztiak (italiar hizkuntza izan ezik) alemanez dira, eta eskola italiarretan alderantziz. Hego Tiroleko ikasleen %72 eskola alemanetara joaten da, eta %24 eskola italiarretara. Aosta Haranean, aldiz, ez dago frantsesezko murgiltze-eredurik, eta eskola “elebidunetan” italierak sarritan frantsesa baino presentzia handiagoa du ikasgeletan.

    Zalantzarik ez dago bi hizkuntza-eredu horiek, oso desberdinak izaki, baldintzatu egin dutela hein handi batean frantses eta aleman hizkuntzen bilakaera nazio bakoitzean. Badugu hortik zer ikasi.

    Azpimarratzekoa da ere Hego Tirolen, Mussoliniren garai ilunetan, alemanezko eskola klandestinoak sortu zituztela, “katakonbetako eskolak” deritzenak, gure ikastolen antzekoak. Horrek argi erakusten du tiroldarren gogo irmoa beren hizkuntzari eusteko.

    Aldameneko estatuen portaerak eragin handia izan du, halaber, hizkuntzaren egoeran. Austriak beti Hego Tiroleko lurraldea aldarrikatu du, Italiak 1918an kendu ziona. Ez dira gutxi izan arrazoi horregatik Italiarekin izan dituen gatazka diplomatikoak. Ondorioz, Austriak mota guztietako erraztasunak eman dizkie hego tiroldarrei Austrian ikasteko edo lan egiteko, hitzarmen asko sinatuz Hego Tiroleko gobernu autonomoarekin (esaterako, asko dira Innsbruck-eko unibertsitatean ikasten duten hego tiroldarrak). Austria eta Hego Tirolen arteko harreman estu horrek hizkuntza-loturak ere sendotu ditu. Frantziako jarrera Aosta Haranarekiko, aldiz, oso bestelakoa izan da. Egia bada ere II. Mundu Gerraren bukaeran Frantziak, arrakastarik gabe, Aostaren lurraldea aldarrikatu zuela, harrezkero utzikeria izan da nagusi, eta Frantziako gobernuek ez dute interes handirik erakutsi Aosta Haraneko frantsesa babesteko.

    Abertzaletasunaren indarra ere ezberdina da bi lurralde alpetarretan: Hego Tiroleko parlamentuan alderdi politiko nazionalistek %55eko presentzia dute, Aosta Haranean %34 diren bitartean. Alderdi independentisten indarra ere handiagoa da Hego Tirolen. Orokorrean, alderdi nazionalistek irmoago defendatzen dute hizkuntza Hego Tirolen Aostan baino.

    Azkenik, eragin demografikoa ere kontuan hartzekoa da. Aosta (130.000 biztanle) txikiagoa da Hego Tirol baino (525.000 biztanle) eta, horren ondorioz, demografia-mugimenduek garrantzi handiagoa izan dute hizkuntzaren bilakaeran. Hego Tiroleko biztanleriaren %13 kanpotarra den bitartean, Aosta Haranean ehuneko hori %50 baino handiagoa da.

     

    OHARRA:  Frantsesaz eta alemanaz gain, Aosta Haranean eta Hego Tirolen bertako beste hizkuntzetan ere mintzo dira. Aosta Haranean, franko-proventzeraz dihardute, inongo legezko babesik ez duenaz. Eta Hego Tirolen ladinieraz, hizkuntza erromanikoaz, hitz egiten den eremu txikian ofizialtasuna duenaz.