DIONISIO AMUNDARAIN.
Espainian hauteskundeak antolatu dituzte uztailaren 23rako. Gu ere, euskaldunok, nahastu gaituzte, beste behin, beren nahasmenduan.
Harrigarria gertatzen zait ikustea, aipatu hauteskunde horietako kanpaina, nola ageri den garatzen, ardazturik, Euskal Herrian ere, Feijóo ala Sánchez delakoan. Bai, kanpainaren muina, Euskal Herrian ere, horrela oihukatzen dute, batzuek eta besteek. Ez PSOEk bakarrik. Ez PPk bakarrik. Bi hauek harro sentitzen dira, Euskal Herriko omen direnek, hondo-hondoan, sostengua ematen dietela sentitzen dutelako.
Euskal Herriko omen direnek ahots apalez Euskal Herria dutela helburu aipatuko dute: Madrilen Euskal Herriaren ahots izango gara, herritarren ongizatearen alde jarraituko dugu. Hondo-hondoan, ordea, batzuek eta besteek, Euskal Herriko omen direnez ari naiz, Espainiako bi alderdiei ematen diete sostengua. Hori jasotzen du Euskal Herriko jende askok eta askok ematen diguten mezuetatik.
Zertan ez bat egin EAJk eta BILDUk: Madrilen biok bat egingo dugu, esanez eta oihukatuz? Ez du balio Estatutua aldeztuko dugu esateak. Jende askorentzat ezezagun da Estatutua. «Nire alde zer egingo duzue Madrilen?, euskararen alde zer egingo duzue?; Osakidetza, niri dagokidanez, hobetzeko, aberasteko, zer egingo duzue?; Hezkuntza, airean ez edukitzeko, Madrilen erabakiko dutenaren peskizan ez egoteko, zer egingo duzue…?» Horien erantzuna entzun eta jakin nahi du Euskal Herriko jende askok eta askok.
Ez du balio, euskararen aurka Auzitegi Konstituzionalak hartutako erabakia dela-eta Sailburu batek deklarazio solemne bat egiteak. Zer egin /egingo duzue, efektiboki, sententzia hori desegiteko, ezerezean uzteko? Han eta hemen PSOErekin goxo-goxo bat egiteak zertan laguntzen dio euskarari, arnasa har dezan?, zertan laguntzen dio jendeari PSOE den bezalako ezagutzen: alegia, Madrileren luzapen, Madrileren bizigarri, Madrileren hauspo dela ikusten? Hain zuzen, zer kontrajartzen diozue, batzuek eta besteek, Euskal Herrian ari den PSOEri, esaten ari denean, beste hitz batzuez bada ere: gu Jaurlaritzan eta beste hainbat erakundetan ari garenetik eta ari garela, Eusko Autonomi Elkargoa hazten eta duintzen ari da. Horrelako deklarazioetatik, jendeak zer atera behar du? Bistakoa: besteak beste, botoa PSOEri.
Kontua ez da, noizbehinka, deklarazio ponposo bat egitea, aipatu Sailburuaren berri hori bezalakoak. Zer ari zarete egiten eguneroko bizitzan? Euskararen zentzua, han eta hemen euskaraz aritzea areagotzeko? Osakidetzari dagozkion kexuak entzun eta aintzat hartzeko? Ez al duzue hartzen jendearen kexua txori kaka bailitzan? Uste al duzue, Osakidetzaren zentro batean eta bestean kontuan hartzeko atzerapenik ez dela ematen esatea aski dela, jendea bere larruan jasaten ari dena guztiz kontrakoa denean? Bidea bide eginez egiten da, eta ez hitzontzi jardunez.
Bukatzeko, noiz ikusiko zaituztegu EAJ eta BILDU bat egiterako bidean? Noiz ikusiko dugu, Euskal Herrian, nahiz Espainiako hauteskundeak izan, aldarrikapen nagusia EAJ eta BILDUk bat egitea dela -jakina, alderdien izaeraren gainetik, Euskal Herria jarriz-, eta ez FEIJÓO ALA SANCHEZ. Batera jardutea, bata bestearen sostengu izatea, batasuna gogobeteko ditu Euskal Herriko jendetzarik handienak. Orduan izango du zentzurik eta eraginik GORA GU ETA GUTARRAK oihukatzeak, inolaz ere mespretxatu gabe gainerako guztiak. Geurean GU izanez izan gintezke munduaren eta munduarentzat lagun.