JORDI MARTI MONLLAU, FILOSOFO ETA HIZKUNTZALARI KATALANAK: “INDEPENDENTZIAK NAZIOAREN BIZIRAUPENERAKO TRESNA IZAN BEHAR DU”

Argazkia: Naziogintza

Jordi Martí Monllau (Tortosa, 1967) da, zalantzarik gabe, katalan nazioaz eta bere hizkuntzaz hausnarketarik argiena egina duen pentsalarietako bat. Filosofo eta hizkuntzalaria, NÚVOL aldizkari digitalean kolaboratzailea, bere idatzietan bere nazioarekiko duen konpromiso intelektual sakona argi islatzen da. Eraikuntza nazionalari garrantzi handia ematen dio, nazioa sendotzeari, prozesu independentista bat arrakastaz burutu ahal izateko. “Nazioa hiltzen ari zaigu eta estatua lortzeko estrategiaz ari gara”, idatzi du modu kritikoan.

Martí Monllau-ren katalanismoa ez da mugatzen Kataluniako lau probinzietara. Nazio katalanaren ikuspegi globala baitu, mugaz bestaldeko Kataluniatik “País Valencià”-ko hegoalderaino, Aragoiko Sartaldeko zerrendatik Balear Uharteetaraino. Herrialde Katalanak baitira, beren osotasunean, Tortosako filosofo honen ikergai- eta kezka-iturria.

Ulldeconan bizi da egun gure elkarrizketatua, Kataluniako hegoaldeko mugan, baina ez Herrialde Katalanetakoa. Bertara joan gara berarekin solas egiteko, eta solasaldi luze eta mamitsu horren emaitza da orain argitaratzen dugun elkarrizketa.

 

Zure azken liburu interesgarriak, biziki gomendatzen dugunak, “Llengua i identitat nacional” (“Hizkuntza eta identitate nazionala”) du izenburua. Ausardia behar da egun, globalizazioaren eta “kultur-aniztasunaren” garaietan, hizkuntza eta identitatea lotzeko, are gehiago identitateaz hitz egitea politikoki zuzena ez denean eta susmopean jartzen zaituenean.  Eta azken boladan independentismo ez-abertzalea hizkuntza eta nortasun nazionalaren garrantzia erlatibizatzen ari denean…..

Identitatea ez da ona, ezta txarra ere, saihestezina da. Eta identitate horrek dimentsio bikoitza du: psikologikoa (faktore pertsonalen mende dagoena) eta kolektiboa (inguruaren mende dagoena). Gizarteak ez dira beren gizabanakoen batuketa hutsa; benetako izateak dira, batuketa horretatik harago doazenak. Identitatearen dimentsio kolektiboa nazio bihurtzen da gizartea lokarri objektiboen (hizkuntza, kultura, historia…) eta subjektiboen (horren partaide izateko sentimendua) bidez lotuta dagoenean.

Bestalde,  nazioen paradigman bizi gara, hau da, nazioa da bizitzeko behar dugun eremu etikoa. Hortaz, nazioa ez dago guregandik at, baizik eta gure baitan, gure dimentsio kolektiboan.

Identitate materialaren ezinbesteko elementua izanik, hizkuntzak funtsezko zeregina dauka identitate nazionala eraikitzeko orduan, eta bere rola komunikazio-tresna hutsa izatetik harago doa. Hizkuntza identifikazio kolektiboaren tresna da, berezko kultura bat bideratzen duena.

Gizakiok komunitatea behar dugu geure burua definitzeko, izaki sozialak garelako. Eta komunitateak, era askotan bereiz badaitezke ere, beti definitzen dira hizkuntzaren bidez.

Zuri irakurri dizugu gaur eguneko sistema politiko hauetan herritarra bezero pasibo bihurtzen dela, botoaren bitartez zerbitzari politikoak ardura karguetan kokatzen dituena…  Baina artzain egokirik gabeko Herri bilakatzen dela maizegi.  Oraingo sistema politikoan, ikusten denez, alderdi katalanak edo euskaldunak maiz  taktizismoan eta koiunturalismoan kokatzen dira. Ez dute osatzen, ez programa zehatzetan ez eta ere praktikan, nazio-eraikuntza sendoa lortzeko estrategia betea.  Nazio-eraikuntza nortasunean eta hizkuntzan oinarritu behar badugu, jokabide politiko koiunturalista horiek ez dute nahikorik garatzen estrategia garailea. Modu zientifikoan, alderdi horietatik haratago, non eta nola zehatz daiteke estrategia egokia? Nola zehaztu nazio-egitura osoa lortu eta egonkortzeko oinarrizko baldintzak? Zein izan daiteke gaur horra iristeko bide egokiena?

Bezero pasibo izan baino gehiago, hauteslea, (“demosa”) alderdi politikoei zuzentzen zaie gaur egun horiek zerbitzu-enpresak bailiran. “Nik nire botoarekin ordaintzen dizut, eta zuk zerbitzu bat ematen didazu”. Hondarrean, hautesleak alderdi politikoak bere arazoak konpontzeko daudela irmo sinesten du, eta hori pentsamolde oso heldugabea da. Arazoak denon artean konpondu behar ditugulako.

Pentsamolde heldugabe hori oso ohikoa da Mendebaldean. Hiritargoak uko egiten dio erantzukizunak hartzeari eta politikariengan uzten ditu bere ardura guztiak.

Galderaren bigarren zatiari dagokionez, errealitatea eraldatzeko modu bakarra, errealitateari aurre egitea da. Eta horrek eskuarki gatazka bat sortzen du. Errealitatea eraldatzeko estrategiak analisirako gaitasuna eskatzen baitu. Berezko egitura nazionalak gatazkaren bidez soilik lor daitezkeela onartu, eta -behin estrategia erabakita- praktikara eraman eta ekin, jakinda ezerk ez dizula garaipenik bermatzen. Arrakasta izan duten askapen nazionaleko mugimendu guztiak horretan oinarritu dira.

Ulertu behar duzu ez zaudela zeure buruaren alde borrokan, baizik eta beste  zerbaiten alde, esanahia ematen dizun zerbaiten alde. Beharbada zure lanaren fruitua oraindik jaio ez direnek baino ez dute ikusiko, hori baita abertzaletasuna: transzendentziaren ideologia. Zure nazioa hurrengo belaunaldiengan bizitzea nahi duzulako borrokatzen duzu.

Abertzaletasunetik abiatuta kosmopolitismoa sortzen da. Lehenengo norberaren aberria estimatu behar da, eta hortik aurrera eratortzen da beste komunitateekiko elkartasuna. Horrela, aberritik hasita, munduko hiritar bilaka gaitezke, zabalkuntza-prozesu baten ondorioz.

Euskal Herritik miresmenez so egin diogu beti Kataluniako hizkuntza-egoerari. Katalana baita Europako hizkuntza gutxituen artean osasun onena eta hiztun-kopururik handiena dituen hizkuntza. Haatik, azken boladan hizkuntza ahultzearen zantzu batzuk agertu dira zuenean, eta ez dira gutxi hizkuntzaren erabileraren beherakadaz kezkatuta dauden katalanistak. Katalanaren erabilera jaisten ari da, eta baita katalana ohiko hizkuntzatzat duten katalanen kopurua ere (esaterako, Bartzelonako gazte gehienek katalana jakin  arren, ohiko hizkuntzatzat dutenak %19 besterik ez dira).  Zeintzuk dira bilakaera negatibo horren arrazoiak?

Katalana itotzen ari da. Katalanok ez dugu geure hizkuntza alde batera utzi, baina katalanok aurkako demografia baten aurrean itotzen ari gara, katalanez bizitzeko ditugun aukerak murrizten ari den demografiaren aurrean, alegia.

Arazo multifaktoriala da: alde batetik, mende luzeetako jazarpena sufritu dugu, katalanen elebakartasuna bukatu duena eta hizkuntza-otzantasuna txertatu diguna (gaztelar-hiztunen aurrean ia beti gazteleraz mintzatzen garelako). Beste aldetik, demografiaren hizkuntza-eragina dugu: espainiar immigrazioaren etorrera masiboak XX. mendean eta mundu osoko beste 2 milioi etorkinenak azken 25 urteotan, hizkuntza-ohiturak aldatu dituzte. Hirugarren faktore bat dago, komunikabideak, internet eta teknologia berriak, batik bat gaztelerazko edukiak dituztenak.

Badago beste alderdi bat ere: gero eta gazte katalan gehiago atzerrira doaz lan-aukera hobeen bila, eta, alderantziz, gero eta profesional atzerritar gehiago etortzen dira Kataluniara: duela gutxi, geriatriaren eremuko enpresa pribatu batek Kolonbiako 2.000 erizain kontratatu ditu Katalunian lan egiteko. Kolonbiar horiek gure nagusiak artatuko dituzte, horietako batzuk gazteleraz oso gaizki moldatzen direnak.

Zuk diozu Espainiako estatuak ez duela zirrikiturik uzten hizkuntza legebidez defendatzeko. Are gehiago, botere judiziala bera oldartzen dela gogor gure hizkuntzen aurka. Horren aurrean erresistentzia jartzea baino ez zaigu gelditzen, eta erresistentziak hiztunaren uste sakonean du oinarria, alegia, arrazoibide sendoan.

Non daude erakunde nazionalak? Hiztunak bakarrik al gaude? Zer tresna behar ditugu hiztunok hizkuntzari eusteko?

Hizkuntza-ohiturak ez dira libreak, ez daude soilik pertsonaren borondatearen mende. Gertaera sozialak dira eta, horrenbestez, baldintzatuta daude.

Ideologia gaztelar-hiztunak “hizkuntza-askatasunaz” hitz egiten du beti Katalunian, baina askatasun hori ez da aplikatzen Gaztelan. Espainiako estatuan hau gertatzen da: gaztelar-hiztunek norbanakoen hizkuntza-eskubideak dituzte Katalunian edo Euskal Herrian, baina guk ez ditugu banakako hizkuntza-eskubide horiek Gaztelara joaten garenean.

Espainiako auzitegiak auzitegi gaztelarrak dira. Eta hizkuntza-auziez ari direnean, alderdikoiak dira, ez dira inpartzialak, horietako askok nagusitasunezko ideologia gaztelarra dutelako. Horren aurrean, gure erakundeak indargabetuta daude hizkuntza defendatzeko.

Epaileak hizkuntza-politika egiten ari dira. Eta hau larria da, epaileak ez baititu Herriak hautatu. Epaileen gobernua tiranokeria da.

Gure bi herrietako erakundeak  ez dira libre behar diren hizkuntza-politikak egiteko, baina badute zerbait egiteko aukera, eta hiritarrok exijitu egin behar diegu ahal duten guztia egiteko, eta adimenez egin ere. Gainera, bai Euskal Herrian, bai Katalunian, soziolinguista bikainak dauzkagu, eta haien aholkuak kontuan hartu beharko lituzkete erakundeek.

Erakundeetatik harago, gutako bakoitzak asko egin dezake geure hizkuntzaren alde. Baina horretarako geure diskurtso politikoa behar dugu, indartsu eta landua.

Zure liburuan hizkuntza-justizia aipatzen duzu. Zer da eta nola exijitu behar dugu?

Giza harreman guztiak botere-harremanak dira. Hizkuntza-portaeran ere badago botere-harremana, gehiegikeria bihur daitekeena, injustizia sortzen duena.

Justizia bakoitzari dagokiona ematean datza, berdin tratatu berdina dena eta modu ezberdinean tratatu ezberdina dena. Katalan-hiztunek, euskaldunek eta gaztelar-hiztunek errespetu bera merezi al dute? Jakina, eta baita haien hizkuntza-komunitateek ere. Beraz, errespetu bera merezi baldin badugu eta alde horretatik berdinak baldin bagara, katalanok eta euskaldunok geure hizkuntza-eremu historikoan  gaztelar batek Cuencan edo Sevillan duen estatus berbera eduki beharko genuke. Hori gertatu ezean, ez dugu hizkuntza-justiziarik.

Ba al daude eskubide kolektiboak, herri-eskubideak? Noski, pertsona guztiek dimentsio kolektiboa ere badutelako. Eta eskubide kolektiboez hitz egiten dugunean pertsonen eskubideez ari gara (ez lurralde baten eskubideez), beren dimentsio kolektiboan alegia.

 

 

Espainiako nazionalismoak bere kontakizuna inposatu digula diozu, eta, horrekin batera, gu geu ere atzerakada nazionalaren laguntzaile bihurtu gaituela. Diskurtso independentista berari ere kutsu espainola dario:

  • Aldarrikapena autonomiaren esparruan gelditzen da.
  • Gaztelera naturalizatu egiten da eta katalana bezain katalantzat hartzen da.
  • Aldarrikapen nazionala alde materialetan gauzatzen da, baita, demokrazia eta gobernantza hobetzen ere.

Zer egin behar dugu arrazoibide kaltegarri hau diskurtso askatzaile batez ordezkatzeko?

Hizkuntza-nazionalismo espainiarraren aurrebaldintzak onartu egin ditugu. Eta hori egiterakoan, bere diskurtso-markoa eta pentsakera-markoa ere onartzen ari gara.

Hasteko, independentista katalan askok katalan nazioa Kataluniako lau probintziekin soilik lotzen dute. Eta gure nazioa askoz gehiago da, Salsesetik (Ipar Katalunian) Guardamarreraino (Valentziako Erkidegoaren hegoaldean) zabaltzen da, eta Fragatik (Huesca) Maóra (Menorca). Independentziak nazioaren biziraupenerako tresna izan behar du, baina nazio osoarena. Horrela ez bada, helburua moteldu beharko dugu, garrantzitsuena nazio osoaren biziraupena delako. Gure nazioa oso desegituratuta dago, zuena baino askoz gehiago.

Hizkuntzari dagokionez: “procès”-aren urteetan SUMATE izeneko mugimendu bat sortu zen, gaztelar-hiztun independentistez osatua, propaganda independentista  espainieraz egiten zuena. Horrek nazioa ahultzen du. Katalanak identifikazio hizkuntza, denona, izan beharko lukeelako. Baina hemen gaztelar irredentismoarekiko beldur handia dago, eta horregatik zuritzen da elebitasuna.

Eta “ongizatearen independentismoaz”: katalan independentismoa asko zentratu da “jateko kontuetan”, ongizatean, eta nortasun eta kultur arloak baztertu egin ditu, gaztelar irredentismoaren beldur. Saiatu da independentzia ekonomia-oparotasunarekin lotzen, diskurtso nazionala alboratuz. Horrek ez du zentzurik, nire ustez, diskurtso independentista batek, batez ere, askapen nazionaleko diskurtsoa izan behar duelako.  Helburua ondo bizitzea eta diru gehiago izatea baldin bada, horri ekin diezaiogun, baina ez dezagun diskurtso independentista egin. Onura sozialak soilik nahi baldin baditugu, PODEMOSi edo espainiar ezkerrari botoa eman diezaiogun, ez dugu independentistak izan beharrik.

Hizkuntza propioa ardatz dugula, hizkuntzak berak ezinbestekoa du testuinguru egoki eta osatua izatea, arrainak ura bezala, bizirik iraun eta garatzeko. Nola zehaztuko zenuke ezinbesteko testuinguru hori eta horren elementu nagusiak, teoria batzuen arabera polisistema propio bezala karakterizatzen dena? Nola defini daiteke, modu ahalik eta zehatzenean, katalanak edota euskarak, zein bere nazioan, garatzeko eta irauteko ezinbestean behar duen polisistema propioa? Nola osatu eta gara daiteke kultur polisistema propioa, estatu propioa oraindik ez dugunean eta haren bidean gabiltzanean?

Katalanok eta euskaldunok gure nazioetan komunikazio-esparru komuna izan behar dugu, ezinbestekoa dena gure hizkuntzen biziraupenerako. Gure kasuan, nazioa hain desegituratuta izanik, oso zaila da. Behar ditugu, esaterako, komunikabide partekatuak, gure Herriko eremu guztientzat. Gaur gaurkoz, Valentziar Herrian ezin dute TV-3 ikusi (Kataluniako telebista).

Berezko ekosistemak sortu behar ditugu hizkuntza normalizatzeko. Enpresetan, adibidez, posible izan dadin katalanez soilik lan egitea. Eta enpresen eta bezeroen arteko harremanetan katalana izan dadin hizkuntza bakarra, bezeroek hala eskatzen badute. Bezeroek haien hizkuntzan arreta jasotzeko duten eskubide hori, bide batez, Espainiako Auzitegi Konstituzionalak ez du onartu. Berezko ekosistemak ere beharrezkoak dira beste eremu batzuetan: ikus-entzunezkoetan, plataforma digitaletan, etab.

Ukaezina da Kataluniak eta Euskal Herriak  jaso duten eta oraindik jasotzen ari diren immigrazio handiak eragin zuzena izan duela geure hizkuntzen bilakaeran. Zure lanetan behin baino gehiagotan aipatu duzu hori. Gai horri dagokionez, nola landu eskuin muturreko jarrera xenofoboetatik aldentzen den diskurtso propioa, etorkinak kriminalizatzen ez dituena, baina aldi berean geure hizkuntza eta kulturetan demografia-mugimenduek duten eragina ezkutatzen ez duena?

Immigrazioa ez da inoiz problema bat, problema da bera gertatzen den testuingurua. Babesik gabeko gutxiengo nazional batek immigrazioa jasotzen duenean, haren ondorioak oso desberdinak dira immigrazio hori burujabea den gehiengo nazional batek jasotzen duenaren aldean. Edozein kasutan, migrazio-prozesuetan gehien galtzen duena, beti, migranteen gizarte igorlea da, giza kapitala galtzen duelako.

Herrialde Katalanek jaso duten immigrazioa neurriz kanpokoa izan da. Ia gainditu egiten du bertako biztanleriarena. Inongo gizartek ezin du hori onartu, giza kohesio terminoetan. Jakina, inongo gizarte burujabek, kontua da gu ez garela burujabe.

Jasotzen dugun immigrazioaren ia erdia espainiar estatuaren hizkuntza hegemonikoarekin dator, eta horrek, argi da, ondorio negatiboak ditu katalanarentzat. Bestalde, etorkinek ardura indibidual bat ere badute. Migratzaileei hizkuntza-justiziaren kontzeptua azaldu behar zaie, gure hizkuntza errespetatu eta ikas dezaten.

Boterea espainiar eta frantziar estatuek dute. Kontuan izanda gure mendetako mendekotasuna, eta jakinda bi estatuek nazio katalana eta euskalduna desagerraraztea nahi dutela, nola espero duzu justiziaren aldarrikapenak aurrera egitea? Zer egin behar du herri menderatuak merezi duen justizia nazionala lortzeko?

Lehenik eta behin berezko diskurtso politiko indartsua behar dugu. Eta ekintza politikoak. Ez dugu gatazka saihestu behar, baina gatazka honek helburu lorgarriak bilatu behar ditu, Espainiako estatua behartu gabe bere desagerpenera.

Gure Herriak desitxuratuta daude, eta behar dugu, batez ere, berriz osatzea. Nik uste dut une honetan independentziaren aldarrikapena tokiz kanpo dagoela. Berari muzin egin gabe, nazioa sendotzeari ekin behar diogu orain. Kataluniako independentziarekin tematzeak ez digu laguntzen naziogintzarako beharrezkoak diren helburu politikoak lortzen, eta frustrazioa besterik ez dakar. Badakit nire diskurtso hau gaizki ikusita dagoela independentista askoren artean, eta kritikak jasoko ditudala honegatik, baina hau da nire iritzia. Nik, gauza guztien gainetik, katalana izanez hil nahi dut, jaio nintzen bezalaxe.

 

NAZIOGINTZAK EGINDAKO ELKARRIZKETA

2023KO UZTAILA