Kultura politikoa ez da oso garatua euskaldunon artean, zoritxarrez. Ez eta euskal abertzaleon artean ere. Horren ondorioz, sarri modu desegokian erabiltzen ditugu oinarrizko kontzeptu batzuk, eta hori egitean galtzaile ateratzen gara beti borroka ideologikoan.
Oinarrizko kontzeptu politiko batzuk bildu nahi izan ditugu gure hiztegi honetan eztabaida ideologikoetan ez korapilatzeko. Ez da gure asmoa izan tratatu politiko bat idaztea, definizio labur eta zehatz batzuk ematea baizik.
Euskal Herria libre izango bada, geure mundu-ikuskera propio eta indartsua garatu behar dugu, ezin baitaiteke lehia dialektikoa irabazi arerioaren marko mentala eta horrekin doazen hitzak onartzen baditugu.
Azken boladan abertzaletasunik gabeko independentismoaren ideia zabaltzen ari da. Diskurtso kaltegarri horrek kontu materialak eta gobernantza edo demokrazia hobetzea soilik hartzen ditu helburu; eta, txarragoa dena, gaztelera/frantsesa Euskal Herriko hizkuntza natural gisa onartzen, euskararen parean. Bide batez, baztertu egiten ditu eskubide historikoen defentsa eta nazioaren biziraupena bera ere.
Arrazoibide desnazionalizatzaile honek berba politak erabiltzen ditu maiz, zeharo manipulatuak, itxurazko logikaren bidez, iruzur menderatzailea zabaltzeko. Beraz, hitzon esanahi zehatza jakitea komeni zaigu engainua agerian uzteko.
Gainera aldarrikapen nazionalak diskurtso sendoa eskatzen du, eta, horretarako, halabeharrezkoa/ezinbestekoa/derrigorrezkoa da hiztegi argi, eraikitzaile eta askatzailea. Hitzak baitira, hain zuzen, geure burua askatzeko ezinbesteko tresnak.
Azken finean, hitzen esangura botereak finkatzen du.
-“Hitz bat erabiltzen dudanean,” esan zuen Humpty Dumptyk erdeinuz, “neuk erabakitzen dut zer esan nahi duen, ez gehiago ez gutxiago”.
-“Kontua da, “ esan zuen Alicek “ea egin dezakezun hitzek hainbeste esanahi ezberdin izatea”.
-“Kontua da,” esan zuen Humpty Dumptyk, “nork agintzen duen, eta kitto.”
(Ispiluan barrena eta Alicek han aurkitu zuena. Lewis Carroll)
ABERRI: Nazioa, Euskal Herria.
ABERTZALE: Aberria eta bere ezaugarri propioak (hizkuntza, kultura, nortasuna…) maite eta zaintzen dituena. Horrekin batera, bere aberriarentzat burujabetza nahi duena.
ABERTZALETASUNIK GABEKO INDEPENDENTISMOA: Alkoholik gabeko patxaranaren antzeko iruzurra. Independentismoa hobeto bizitzeko soilik eskatu behar dela diotenen ideologia bitxia. Ahaztu egiten zaie horiei independentzia duintasun nazionalaren kontua dela, patrikaren betetze mailatik harago doana. Gure kasuan, euskal nazioaren biziraupena bermatzeko eta asimilazioa saihesteko dagoen bide bakarra da abertzaletasuna. Abertzaletasuna izan da beti eta nonahi prozesu independentista guztien motorrik eraginkorrena.
ASIMILAZIO: Nazio batek pairatzen duen prozesua, bere ezaugarri propioak ahaztu eta nazio menderatzailearenak onartu arte. Hizkuntza, kultura, balioak eta memoria galtzen ditu, eta noizbait nazio izan den giza taldea beste komunitate nazional baten barruan urtzen da.
AUTODETERMINAZIO-ESKUBIDEA: Nazio edo Herri guztiek euren estatus politikoa libreki hautatzeko duten eskubidea, nazioarteko ordenamendu juridikoan jasota dagoena.
BAKE: “Indarkeriarik edo gerrarik ez”-etik harago doan kontzeptua, giza eskubideekin eta eskubide kolektiboekin ere lotura handia duena. Justiziarik gabe ez dago bakerik, indarkeriarekin edo gerrarekin ez dagoen modu berean.
BANDERA: Estatu zapaltzaileko herritarren iritziz “zapi-zatia” mendeko nazioarena denean. Beren estatuarena denean, aldiz, “aberriaren balioak irudikatzen dituen ikurrik gorena”.
BERDINTASUN: Demokraziaren oinarrizko printzipioa, hiritar guztiak legearen aurrean berdin tratatuak izateko eskubidea. Demokrazian hiritar guztiek dituzte eskubide eta betebehar berak.
Euskal Herrian euskaldunok espainieraz/frantsesez jakin beharra daukagu, aldiz, gure artean bizi diren espainiarrek/frantsesek ez daukate euskaraz zertan jakin.
BIOLENTZIA SINBOLIKOA: Menderatzaile eta menderatuen arteko harremanetan azaltzen dena. Indarkeria fisikoa ez izan arren, baizik eta ikusiezina edo subliminala, ondorio berak lortzen dituena. Maiz menderatzaileak hautematen ez duena eta menderatuak naturaltasun osoz onartzen duena. Euskaldunok derrigorrez erdaraz egin behar izaten dugunean pairatzen duguna.
BIZIKIDETZA: Euskara utzi eta erdaraz bizitzea, erdaldunak ez gogaitarazteko. Erdaldunen inposaketen aurrean kexarik gabe makurtzea.
BURUJABETZA: Beste inongo Herriren mende ez izatea. Euskal Herriaren kasuan, Espainiaren edo Frantziaren mende ez izatea. Independentzia.
DESOBEDIENTZIA ZIBILA: Estatuaren autoritatea eta legitimitatea kolokan jartzen duen bortxarik gabeko herri-erantzun orokortua. Gure testuinguru geo-politikoan, askapen nazionaleko prozesu bat bururaino eramateko tresnarik eraginkorrena.
DIGLOSIA: Nazio azpiratuetan, bertako hizkuntzaren eta kanpoko hizkuntzen artean ematen den hizkuntza-desoreka. Gizarte horietan bertako hizkuntza, sarritan ofizialtasunik ez duena, beheko funtzioetarako soilik erabiltzen da, kolonizatzaileen hizkuntzak gizartearen eremu formal guztiak (goi-mailako irakaskuntza, kultura, administrazioa, gizarte-prestigioa…) bereganatzen dituen bitartean.
Urte askotan euskararen egoera diglosikoa izan bada ere, gaur egun gure hizkuntza ordezkapen-prozesuan dago, hau da, desagertze-bidean, baldin-eta euskaldunok eragozten ez badugu.
ELEBITASUN: Gizakioi, eta ez komunitate nazional bati, dagokigun hizkuntza-ezaugarria. Ohikoa da nazio azpiratuetan, ez hainbeste nazio zapaltzaileetan. Elebitasuna, oro har, tarteko etapa bat da, hizkuntza gutxituaren desagerpenerantz eboluzionatzen duena.
Elebitasunaren alde dauden askok, benetan, zera esan nahi digute: “Zuk elebiduna izan behar duzu ni ez nagoelako prest hala izateko. Beraz, niri hitz egin nahi baldin badidazu, nire hizkuntzan egin beharko duzu”
ESKOLA PUBLIKOA: Estatuarena. Estatuak modu batean edo bestean kontrolatzen eta kudeatzen duena. Euskal Herria independentea ez den artean ez da euskal eskola publikorik izango.
EUSKAL ESKOLA NAZIONALA: Euskal hezkuntza bermatzen duena, jakintza eta balio unibertsalak euskaraz ematen dituena, euskal curriculuma lantzen duena eta hedadura (dimentsio) nazionala duena; hiritar euskaldun kultuak hezten dituena.
ESKUBIDE KOLEKTIBO: Giza talde edo nazio-komunitate bati dagozkion eskubideak. Aitortua izan zen eskubide horietako lehena autodeterminazio-eskubidea izan zen, eta hortik abiatuta garatu egin zen eskubide kolektiboen kontzeptua. Nazio-komunitateak ukatzen dituen estatuak, jakina, ez ditu inoiz eskubide kolektiboak onartzen.
ESTATUGINTZA: Nazio baten erakundetze-prozesuari deritzo. Naziogintzatik estatugintzara dagoen jauziaren funtsa prozesuen eta estrategien artikulazioan datza. Hau da, nazio-kontzientzia indartzen den unean, nazioa ohartzen da estatu bat behar duela bere beharrei era errazagoan aurre egiteko, beraz, bere errealitate soziopolitikoa eta ekonomikoa erakundetzen saiatzen da.
ETNIA: Hizkuntza eta kultura bereko gizabanakoen multzoa.
ETNOZIDIO: Etnia baten suntsiketa-prozesuari deritzo. Etniak ez dira berez desagertzen; estatu zapaltzaileek deuseztatzen dituzte, besteak irensteko dituzten asmoak muturreraino eramateko. Etnozidioa genozidio mota bat da, “ezberdinak” hil beharrean beren kulturak eta hizkuntzak hiltzen dituena.
Artikulu honen bigarren zatia, hemen: https://www.naziogintza.eus/naziogintza-taldearen-hiztegi-politikoa-2-zatia/