ZENBATEK EGINGO DU EUSKARAZ 2075. URTEAN?

Kike Amonarriz

2024-09-7an, BERRIA.

Uztailean Lleidako Pirinioan egun batzuk igaro ondoren, alabetako batek aipatu zidan harrituta zegoela hainbatetan ikusi zuen jokaera batekin: gurasoek beraien artean eta haurrei katalanez, baina, seme-alaba horiek gurasoei eta beraien artean erdaraz. Anekdota hutsean gera zitekeen kontua, Joan M. Serraren L’ús parlat del català en un tombant decisiu (Katalanaren ahozko erabilera bihurgune erabakigarrian) liburuan fenomeno zabaldua dela eta izendapena ere baduela irakurri ez banu: fills interruptors (haur etengailuak).

Aspaldion esku artean izan dudan ekarpenik sendoenetakoa da liburua, eta gure egoeraz hausnartzeko pista ugari eskaintzen dituenez, bertan biltzen diren ideia nagusiak aipatuko ditut, eragin dizkidan hausnarketak amaierarako utziz.

Katalana bihurgunean

Katalana bihurgune batean dago, lehen aldiz historian minoritarioa bilakatu delako bere lurraldean hainbat faktoreren eraginez: estatuen eta hainbat aginte-erakunderen jazarpena edo bultzada eza, katalan hiztunen utzikeria, aldaketa soziodemografikoak (jaiotze-tasaren jaitsiera eta hiztunen zahartzea), iritsitako kanpotarren kopuru handia, eta, hasieran aipatu bezala, erdararen aldeko jarrera hartzen ari diren gazteak, besteak beste. Garbi dago, katalanak bizirik iraungo duela hemendik 50 urtera, baina zein egoeratan? Zenbatek egingo du katalanez 2075. urtean?

Erantzun bila, egungo errealitatetik abiatzen da egilea. Katalana Europan hiztun gehien dituen hizkuntzetako bat da. Herrialde katalanetan hamalau milioi pertsona inguru bizi dira, eta horietatik hamar bat milioik hitz egin dezakete katalanez (%71). Ohiko erabiltzaileak (nagusiki edo beste hizkuntza batekin darabiltenak), ordea, sei milioi dira (%43). Europan badira antzeko hiztun-kopuruak dituzten hizkuntzak (daniera, serbiera…), baina estatu-hizkuntza hegemonikoak dira haien lurraldeetan. Horregatik, katalanaren egoera galesarekin konparatu du egileak, biak hizkuntza minorizatuak direlako, eta prozesu historiko antzekoak bizi izan dituztelako: menderakuntza politikoa eta hizkuntzaren jazarpena, industria-iraultza, kanpo-migrazioak, elebakarren desagerpena, eta bertako hizkuntzaren ohiko erabiltzaileen murrizketa eta gutxiengo bilakatzea. Euskal Herriarentzat ere balio du konparazioak.

Katalanaren erabilera minoritarioa da eremurik populatuenetan, eta bertan bizi dira katalanen erdiak. Hiztun errealak %30 baino gutxiago dira hiru hiriburu historikoetan: Bartzelona, Valentzia eta Palma. Ez dago 50.000 biztanletik gorako herririk non katalan hiztunak %60 baino gehiago diren. Bartzelonan, adibidez, bere burua katalan hiztuntzat dauka 65etik gorakoen %52k, baina 15-34 urte artekoen artean, %28k besterik ez.

Bestalde, katalana galtzeko edo bazterreko bilakatzeko arriskuan dagoen eremuak ere zehazten ditu lanak: Ipar Katalunia, Alguer, Ribagorza, Eivissa, Formentera eta Alacanteko hiru eskualde.

Han, hemen bezala, mendeetako zapalkuntzaren eraginez, hiztunek barneratu dute arazoak ekiditeko hobe dela euren hizkuntza ez erabiltzea leku edo egoera jakin batzuetan. Eta jokaera horrek beste hizkuntzen hiztunen artean sortzen duen sentsazioa da katalana gero eta gutxiago egiten dela eta ikastea ez duela merezi.

Egileak nabarmentzen duenez, antzeko egoerak ezagutu dituzten Europako herri batzuek independentzia lortu zuten XX. mendean eta lagungarria gertatu zaie arazook gainditzeko. Hala ere, irlanderaren kasuak frogatzen duen bezala, independentzia ez dela aski dio Serrak: hizkuntza politika egokiak eta engaiatutako herria ere behar direla.

2075ean zenbatek hitz egingo du?

Serrak hiru hipotesi marrazten ditu, hainbat aldagairen bilakaera posibleak aintzat harturik (hizkuntza-politikak, transmisioa, bilakaera demografikoa, etab.):

  • Neurri egokiak hartuz gero, katalanaren hiztun errealak %40-45 izango dira.
  • Gaurko dinamikekin jarraituz gero, %20-25.
  • Egoera okertuz gero: %10-15.

Ohartuko zinetenez, hipotesi altuan, gaur egungo egoera mantentzea lortuko litzateke, ertainean erdira etorriko lirateke hiztun errealak eta baxuan talde marjinala osatuko lukete Herrialde Katalan osoen testuinguruan.

Egileak nabarmentzen duen bezala, gaiari serio heltzeko garaia da, egungo ordezkapen-prozesuak oso azkarrak direlako. 2075erako geratzen diren bi belaunaldietan, gure hizkuntzak ordezkatuak izateko arriskuan daude. Ez da kasualitatea hark katalana bihurgunean dagoela esatea, eta guk bidegurutzearen irudia erabili izana euskarari dagokionez.

Aurrera begira

Liburua irakurrita, are eta premiazkoagoa ikusten dut hizkuntza politiketan eta gizartearen kontzientziazioan eta aktibazioan jauzi bat ematea. Euskara agenda politikoaren lehen lerrora eramatea ezinbestekoa da, aste hauetan Galesen edo Katalunian bertan ikusi dugun bezala. Euskal Herrietako azken hauteskunde kanpainetan eta negoziazioetan, esate baterako, euskararen gaia guztiz bigarren mailan egon da, bidea libre utziz kontrako diskurtsoei.

Zerk eta nork bultzatu behar ditu euskal herritarrak, are gehiago berriak, euskara ikastera eta egitera? Zergatik egin behar du jendeak urrats hori? Egindako hainbat galdeketatan, Hegoaldeko ikastetxeetako irakasleek behin eta berriz aitortu didate eskola gehienetan ikasleek ez dutela sentitzen hiztun aktibo izan daitezen nahi denik, transmititzen zaien helburu bakarra euskara(z) ikastearena dela. Eta gizarteari dagokionez, zein da benetan eta praktikan jasotzen duen mezua agintari eta liderren aldetik, edo hedabideen aldetik?

Askotan aipatu izan dut handia dela gaur egungo egoerara iristeko egin den bidea, eta bizi dugun bidegurutze honetatik ateratzeko baldintza soziopolitikoak baditugula, baina, atzera egiteko arriskuak ere handiak direla, globalizazioaren, joera politiko homogeneizatzaileen (oldarraldi judiziala edo PP-Vox gobernuen politikak Valentziar Herrian edo Balearretan, adibidez) eta komunikazio-era berrien eraginez.

Jausi ez gaitezen, eman dezagun jauzia!