KORSIKAKO AUTONOMIA-ESTATUTUA, ZAIN

    Argazkia: El Periódico

    Korsikako alderdi abertzale gehienak aspalditik ari dira eskatzen autonomia-estatutu bat uharterako. Independentista erradikalenentzat izan ezik (estatutu batekin asetzen ez direnak), abertzale autonomistentzat zein independentismoaren beste sektore batentzat autonomia-estatutua urrats garrantzitsua izango litzateke, abertzaleen eskaera historiko nagusiak (korsikeraren ofizialtasuna, korsikar herriaren aitorpena Frantziako konstituzioan, egoiliar-estatusa eta botere legegilea duen Korsikako legebiltzarra, besteak beste) bidera litzakeena. Parisek muzin egin dio beti eskaera horri, baina azken urteotan korsikar nazionalismoak izan duen gorakadaren aurrean (gaur egun Korsikako Asanblean abertzaleek %73ko ordezkaritza dute) Frantziako gobernuak amore eman du, eta negoziazioak hasi ditu Korsikako ordezkari politikoekin.

    Duela bi urte manifestazio jendetsuak eta protesta biziak izan ziren Korsikan, Yvan Colonna preso independentistaren heriotzaren ostean. “Korsikako afera” Macron presidentearen agendan sartu zen, eta Frantziako agintari gorenak hartu-emanak hasi zituen Korsikako gobernuaren ordezkariekin. Hauek autonomia-estatutuaren eskaera mahai gainean jarri zioten. Macronek zirriborro bat egin zezaten proposatu zien, eta hala, 2024ko otsailean, alderdi politiko korsikarrek adierazpen bat adostu zuten, sei puntu zituena. Autonomia-estatutu berriak hauek jaso beharko lituzke:

    1.- Frantziako konstituzioak aitortu beharko luke Korsika “komunitate historiko, linguistiko eta kulturala” dela.

    2.- Korsikeraren ofizialtasuna. Murgiltze-ereduaren eskolen eta eskola elebidunen garapena.

    3.- Korsikako herritarrek lurrari buruzko eskubideak dituztela jaso beharko luke autonomia-estatutuak. Horrek esan nahi du etxebizitza egokiak lortzeko lehentasunezko eskubidea dutela (gaur egun, oso zaila da hori, turismoaren eraginaren  ondorioz), Egoiliar estatusa alegia.

    4.- Finantzaren inguruko itun berria.

    5.- Botere legegilea Korsikako Asanblearentzat.

    6.- Frantziako konstituzioak Korsikako autonomia onartzea.

    Lehenengo lau eskaerak aho batez onartuak izan ziren, Korsikako Asanbleako alderdi guztiek alde bozkatu baitzuten. Baina azken biak gehiengo osoz onartu ziren, frantses eskuineko alderdiek ez baitzituzten sostengatu.

    Onartutako proposamena Frantziako gobernuari helarazi zion Korsikako gobernuak, eta bien arteko negoziazioak hasi. Beherapenak etorri ziren gero. Frantziak marra gorri batzuk jarri zituelako, eta ezezko borobila eman zielako korsikar hizkuntzaren ofizialtasunari eta egoiliar-estatusari, “frantziarren arteko berdintasuna -“egalité ospetsua- bortxatzen zutelako”

    2024ko martxoan, hainbat tirabiren ostean, Frantziako gobernuaren eta Korsikako ordezkarien arteko akordio bat gauzatu zen. Puntu hauek onartu ziren autonomia-estatutuarentzat:

    1.- Frantziako konstituzioak onartuko du Korsika “komunitate historiko, linguistiko eta kulturala” dela.

    2.- Korsikak autonomia legegile mugatua izango du. Lege organiko batek hori zehaztuko du.

    3.- “Errepublikaren barruko autonomia-estatutu bat” aurreikusten da Korsikarentzat.

    4.- Korsikera ez da ofiziala izango.

    5.- Egoiliar estatusa ez da onartzen.

    6.- Autonomia-estatutua Korsikako Asanbleak onartu beharko du, eta baita Frantziako Asanbleak eta Senatuak ere. Azkenik, Korsikako herritarrek, erreferendum baten bidez onartu beharko dute.

    Korsikako Asanbleak, 2024ko martxoaren 27an, goiko akordioa onartu egin zuen. CORSICA LIBERAko ordezkari independentistak eta eskuin frantsesak (arrazoi ezberdinengatik) kontrako botoa eman zuten. Abertzale autonomistek eta CORE IN FRONTEko independentistek sostengua eman zioten akordioari.

    Fabiana Giovannini parlamentari abertzalea izan zen Korsikako Asanblean (FEMU A CORSICA), eta gaur egun ARRITTI astekariaren erredaktore-burua da. NAZIOGINTZAri esan dionez, frantziar gobernuarekin lortutako akordioak ez ditu abertzaleak asetzen, baina gaurko hutsune politikoa gainditzeko abiapuntu egokia izan liteke. Alde positiboan, Korsikako abertzaleek frantses konstituzioaren aldaketa lortu dutela aipatzen du. Aldaketa horrek Korsikako berezitasuna aintzakotzat hartuko du, abagune berriak ekar ditzakeena etorkizunean.

    Frantses gobernuaren eta Korsikako ordezkari politikoen arteko akordioaren ondoren, Macron presidenteak -ustekabean- Frantziako hauteskundeak aurreratu zituen. Korsikar abertzaleen artean kezka bat zabaldu zen, inkesta guztiek muturreko eskuin  frantsesaren (RN) garaipena aurreikusten zutelako. Esan gabe doa Marine Le Pen-en alderdia korsikar nazionalismoaren eskaera guztien aurka dagoela, eta jarrera oso borrokaria erakusten duela frantses nazionalismoarekin bat ez datozen gainontzeko nazionalismoekin. Azkenean, aurreikusitako emaitzak ez zituen lortu RN alderdiak Frantzian. Are gutxiago Korsikan, non ordezkaritzarik gabe gelditu zen. Izan ere, Frantziako Asanbleara doazen lau diputatu korsikarretatik bat bera ere ez da muturreko frantses eskuinekoa izango. Bi abertzaleak izango dira (Paul-André Colombini eta Michel Castellani), eta beste bi alderdi politiko frantziarrekoak (azken hauetan, badago “macronista” bat, Laurent Marcangeli, Korsikako eskaera autonomistak ere defendatzen dituena).

    Eta orain zer? Frantziako gobernu berriak Korsikako afera bideratu beharko du eta Frantziako Asanbleara eta Senatura eraman autonomia-estatutuaren akordioa. Hor, aldeko botoek gutxienez 3/5 izan beharko dute akordioa berresteko. Gaur egungo osaketarekin, Fabiana Giovannini-ren ustez, akordioa aurrera atera daiteke Asanblean. Zailago ikusten du langa hori Senatuan gainditzea, non akordioaren aurkakoek indar handiagoa duten. Hor, diputatu korsikarrek lan handia egin beharko dute jakobinoen jarrera hertsiak gainditze aldera. Ez da erraza izango.

     

    OHARRA: Naziogintzak ezin izan du Frantziako gobernuarekin adostutako akordioaren aurka dauden independentisten iritzirik jaso. Gure asmoa da hurrengo artikulu batean horietako bati elkarrizketa egitea, eta gure webgunean argitaratzea.