Jose Mari Pastor
2017-07-22, BERRIA
Burujabetzaren aldeko arrazoi zerrenda argitaratu du Miquel Rierak El Punt Avui egunkarian. Independentziari bai esateko 100 argudio artikuluan hainbat ikuspuntutatik heltzen dio egileak gaiari. 24. arrazoiak katalanei ez ezik guri ere eragiten digu. Beste estatu baten menpe egoteak dakarren pentsamoldea gainditzeko atalak halaxe dio: «Lurralde konkistatu bateko herritarrak izateak, non Estatu espainiarrak bere kultura, tradizioak eta legeak inposatu dituen, hauxe ekarri du: gure oinarrizko erreferentziak katalan askoren esparru mentaletik desagertzea. Hedabide batzuen eraginak, batez ere telebistarenak, erreferentzia katalanik gabe, garrantzi handia izan du. Nahiz teorian eskolak eta TV3k ‘adoktrinatu’ egin dituzten, katalan askok ez dute argi mila urteko kultura bateko kideak direla, hizkuntza propioarekin, eta banandutako lurraldearekin. Ipar Katalunia, duela 300 urte baino gehiago zatikatutako gure herrialdearen alde bat, hainbat lagunek ikusten eta tratatzen duten modua, esaterako, paradigmatikoa da».
Estatu independente batean beste erreferentzia batzuk izango genituzke. Espainiako telebistan logikoa da erreferentzia espainiarrak izatea. Eta hemengoetan? Erietxea inauguratu dute nonbait, zerbitzu berri bat eskaintzen duena: «Estatuko onena da». Espainia, jakina. Zergatik ez esan «Euskal Herriko onena»? Hainbeste kostatzen da Ipar Euskal Herrian halakorik baduten jakitea? Ez. Baina askoz zailagoa da gure burutik betiko ezabatzea metropoliaren menpeko pentsaera. Ez dugu pasaporte ofizialik. Pasaporte sentimentalik ere ez.
Kordobako herri bateko bizilagunen gentilizioa zein den galdetu die ETB2ko lehiaketa bateko aurkezle erdaldunak parte-hartzaileei. Dimakoei nola deitzen zaien jakin ez, eta Alcaracejos-i buruz galdetu. Erreferentzia eza ez da lagun erregionalista, autonomista edo de Bilbao pues-ista horien monopolioa. Sanferminak bukatu ondoren balantzea egin zuen Iruñeko alkateak lehengoan. Sexu erasoen kontra abiarazitako kanpaina goratu zuen. Aitzindaria izan da Estatuan. Erreferentzia, non? Espainian, jakina. Zergatik ez esan Euskal Herrian edo Europan? Ez. Espainia ardatz. Sexu erasoak Iruñean, Chicagon edo Kalkutan dira salagarriak eta arbuiagarriak. Zergatik iradoki kanpaina erreferentzia izango dela Sevillako feriarentzat, datorren urtean, eta ez hastear dauden Baionako festentzat? Pañuelico-a jantzi, eta bazkaria egin gero Baionako agintariekin. Katalan askok Ipar Katalunia baztertzen dute haien imaginariotik. Guk antzera egiten dugu Espainiaren menpe ez dagoen Euskal Herriarekin.
El Punt Avui egunkariaren hamaseigarren argudioa ere nabarmentzekoa da: «Bazterrean utziko dugu munduan zehar gure desio, historia, hizkuntza eta kulturari buruzko azalpenak ematen ibili beharra (…). Estatu propioa izateak ezagun egingo gaitu automatikoki mundu guztiaren aurrean, eta ez ditugu gau-jai zoragarriak eztabaida politiko bihurtuko kanpotarrekin gaudenean». Zenbat aldiz ez gara ibili, bada, euskaldunok morokil horri eragin eta eragin? Sarri askotan hautua ez da erraza: isildu taldearen barruko bakearen izenean edo eztabaidari ekin eta dena lehertu.
Hala ere, argudio guztien artean hauxe gertatu zait deigarri: «Ezein agintarik inoiz gehiago behartu ez dezan katalan hiztun bat bere herrian bertan hizkuntzaz aldatzera». Guardia Zibila eta Polizia Nazionala dituzte gogoan Katalunian, independentziaren aurretik. Niri, ordea, gure zenbait agintari eta indar polizial euskonomiko, txit erdaldunak, datozkit burura. Independentziaren ondoren. Pasaportea dugunean.
«¿Recuerdas al negro Marcelo?», galdetzen du Buena Fe talde kubatarrak Cubañolito kantan, «le dieron pasaporte azul, ay, porque el tipo tiene un bisabuelo vasco». Pasaporte urdina, kubatarra, eman diote Marcelo beltzari. Gero bordele koloreko pasaportea izango du birraitona euskalduna duenak. Espainiarra, jakina.
Alcaracejos herrikoei mogina-o deitzen diete. Eta Dimakoei?