KATALUNIA BIDEGURUTZEAN

    2017ko urriaren 1ean hitzordu garrantzitsua zuten katalanek hautestontziekin. Data horretan, autodeterminazio-erreferendum baten bidez, haien nazioaren etorkizuna erabaki behar zuten: Espainia barruan jarraitu ala estatu berri bat sortu. Bost urteko prozesu subiranista baten ondoren, katalan herriari erabakitzeko unea iritsi zitzaion.

    Azken hilabeteotan Katalunian egindako inkesta guztiak bat datoz datu batean: katalanen % 75ak uste du Katalunia eta Espainiaren arteko gatazka autodeterminazio-erreferendum baten bidez konpondu behar dela, era zibilizatuan. Espainiako gobernuaren jarrera (eta Espainiako alderdi politiko gehienena), tamalez, ez da hain demokratikoa izan, eta erreferenduma eragozteko estatuaren baliabide juridiko eta militar guztiak (10.000 polizia bidali zituen Kataluniara) mobilizatu zituen.

    Galdeketa legez kanpo utzita, Espainiako poliziak bozketa modu bortitzean galarazteari ekin zion hautesleku askotan. Errepresioaren irudiak kontinente guztietara zabaldu ziren eta agerian utzi zuten Espainiako gobernuaren jarrera zakarra eta bortitza. Jarrera horren ondorioz, Ia 900 zauritu eragin zituen poliziaren gehiegikeriak erreferendumaren egunean.

    Oztopoak oztopo, Kataluniako herritarren gaitasun eta zibismoari esker, herri kontsultaren parte hartzea % 43koa izan zen: 2.286.217 boto jasotzeraino iritsi ziren. Horietakoak, % 90,18 independentziaren aldekoak.

    Datuak ikusita, Puigdemont presidenteak bozketaren ondoren Kataluniako herritarrek estatu independentea izateko eskubidea irabazi zutela adierazi zuen. Parlamentuan onartutako erreferendum legearen arabera, baietzak irabaziz gero Kataluniako Legebiltzarrak independentzia aldarrikatu beharko luke hurrengo egunetan.

    Poliziaren indarkeria salatzeko eta bozketa geldiarazteko jarritako oztopoen aurka protesta egiteko, urriaren 3an greba orokorra konbokatu zen Katalunian. Deitzaileen arabera, % 80ko segimendua izan zuen greba horrek, Kataluniako lan-sektore gehienetan babes handia jasoz.

    Emaitza horiek ikusita, independentziaren aukera inoiz baino gertuago eta Espainiako batasuna inoiz baino ahulago (1898tik) sumatu zuten unionistek eta estatuaren tresneriarik astunena kargatu zuten: Espainiako erregearen diskurtso mehatxatzailearen eta Espainiako Defentsa ministroaren mezu bortitzaren bidez, besteak beste. Azken horrek aho bizarrik gabe egin zuen berba: “Estatuak indarraren monopolioa dauka eta askatasuna (sic) defendatzeko hura erabiltzeko obligazioa ere”. Espainia bakar eta batuaren berme nagusia ezin argiago aipatu.

    Tentsio handiko giro horretan, urriaren 10ean Puigdemont presidenteak Kataluniako independentzia aldarrikatu zuen Parlamentuan, baina segituan errepublika berriaren jaiotza eten zuen, aste batzuetako tartea irekiz Espainiako gobernuarekin negoziatu ahal izateko. Espainiako gobernuaren jarrera hertsiaren aurrean, Kataluniako agintariek behin eta berriz nazioarteko bitartekaritza eskatu dute. Estatuak aldiz, entzungor egin, eta mehatxuka jarraitzen du. Eta are larriagoa dena: Kataluniako autonomiaren kontrola bere gain hartzeko aukera aztertzen ari da.