Iñaki Galdos Irazabal
2017-10-17an, BERRIA
Espainiatik bueltan, Euskadi Gaztea jarri nuen kotxeko irratian igandean. Be positive! ingelesezko gomendioarekin zetorkigun asteburu oro bezala, oso modan daukagun esatari gaztea. Eta gaurko honetarako Kataluniako zirimolara itzultzeko asmoa banuen ere, norabidea aldatu eta beste gai bat hizpide hartzea erabaki nuen supituan.
Beti bezala, bere etxeko euskaraz ziharduen jo eta ke esatariak: besteak beste daka, dotzut, sas… adizkiak etengabe, elkarrizketatuak eta entzuleak Zarauzko surflari bat, Baigorriko ikasle bat edota Samaniegoko nekazari bat ziren kontuan hartu gabe.
Bere garaian Xabier Euzkitzek Batuaren Makurrak zutabean gaztigatu zigunetik, izugarri areagotu da joera hau, eta gero eta gehiago dira EiTBn euskalki eta azpieuskalkiak erabiltzen dituzten esatari, gonbidatu eta elkarrizketatuak. Azken hauen kasuetan normaltzat hartu beharreko zerbait ere bada, askok ez baitute euskara batua menperatzen. Kezkagarria bestea da, jatorkeriaren jatorkeriaz, batuaz hitz egiteko arazorik ez eta norbere sukaldekoa aukeratzen dutenen kasua.
Jatorkeria. Horrela deitzen dio Ibon Sarasolak gertatzen ari denari. Iaz Bitakora Kaiera argitaratu zuenean hautsak harrotu zituen honen guztiaren inguruko gogoetekin. Hasteko, askok ahaztuta daukaten euskara batuaren historiaren errepaso txiki bat egin zigun. Berak miraritzat hartzen duena. Beste alde batetik, etsipen puntu batekin aitortzen du hastapen haietan euskara batuaren kontra erabiltzen ziren hainbat klixe orain berrindartuak daudela. Baina, dio Sarasolak, euskara salbatuko bada, ez da salbatuko euskalkiak sustatzetik (gero eta okerrago hitz egiten diren euskalkiak, portzierto).
Sarasola, Saizarbitoria, Etxezarreta, Euzkitze… asko dira gai honen inguruan azken bolada honetan kezka adierazi dutenak. Eta jakin nahi nukeena da, horrelako iritzien parean, noren gomendio edota iritziak hartu dituzten aintzakotzat etxe horretako arduradunek; noiz, non eta zergatik erabaki duten joera hau gure irrati eta telebista publikoan ezartzea.
Eusko Legebiltzarrean ere abian da EiTBren inguruko lantaldea, baina beldur naiz hor ere ez dela gai hau ukituko. Dagoeneko irakurriak ditugu talde politikoen hainbat proposamen eta ez dut zantzurik ikusi, are gehiago, gai honetan niri iritzitik gertuen sentitzen nuen EH Bildu koalizioko ordezkari batek berriki ETBko elkarrizketa bat bere herriko euskaraz eskaini zigun oso-osorik, nire pena eta harridurarako.
Ez da hau soilik EiTB kutsatu duen gaitza. Gure kirolariek ere nahiago dute sareetan esateban bezalakoak idaztea esaten zuen idaztea baino. Gero eta gazte gehiago omen dira norbere herri eta ingurukoekin beti euskaraz jardun baina beste euskalki batekoekin erdarara jotzen dutenak, ondo baino hobeto menperatzen duten euskara batura urratsa ez egiteagatik. Edo euskalkirik gabeko euskaldunak gutxiesten dituzten euskaldun superjator labeldunak, inoiz urrats bat egingo ez dutenak eurek esaten dutena ulergarriago suertatu dadin.
Ez naiz ni izango, Sarasola bezala, euskalkiek bizpahiru belaunalditan euskalki izateari utzi behar diotenik batuaren aldaera bihurtzeko. Geroak esango du. Ni izugarri euskalki zalea naiz. Zorionez, gainera, ez dago gaur egun Euskal Herrian bere aldizkari, irrati edota telebistarik ez duen euskalki eta azpieuskalkirik. Euskalkiek badute euren esparrua.
Euskara batuarena ez badugu serioago hartzen, gureak egin du. Porrot izugarri baten atarian egon gaitezke. Eta EiTB ezinbesteko tresna da hori saihesteko. Baina horrela jarraitzen dugun bitartean, ez dut izango ez positibo, ez baikor egoteko arrazoirik. Nahiz eta asteburuetako arratsaldeetan esatari jator asko batek hori gomendatzen digun… euskaldun askok ulertzen ez duten euskaran.