KATALUNIA: ERREFERENDUMARI BURUZKO KRONIKA

    Independentziari buruzko erreferenduma egin da Katalunian 2017ko urriaren 1ean. Erreferenduma, berez, orain arte munduan ezagutu ez den maila goreneko demokrazia eta inteligentzia politikoaren ariketa izan da: Estatu espainiarraren mendean dagoen Herri batek, Kataluniak, bere etorkizuna nola izan behar duen erabakitzeko bozketa egin du mehatxu, debeku, poliziaren jazarpen eta espainiar politiko eta komunikazio baliabide guztien kontra.

    Bozketa aurreko asteak

    Bozketa egin ahal izateko Kataluniak berezko legalitatea eduki behar zuen eta, horretarako, gehiengoaren sostenguarekin, bi lege onartu zituen Kataluniako Parlamentuak espainiarzaleen protesten artean: Erreferendumaren Legea (2017/09/06) eta Iragankortasunaren Legea (2017/09/08), biak ala biak Espainiako Epaitegi Konstituzionalak baliogabetuak. Data horietan eta hurrengo egunetan, polizia eta guardia zibil (gorputz paramilitarra) espainiarren jazarpena etengabea izan da gizartearen alor guztietan eta politika alor guztietan.

    Bozketa egin aurreko asteetan Espainiako Gobernuak, Katalunian diren polizia indar guztiez gainera, bost mila polizia eta guardia zibil gehiago bidali zituen Kataluniara eta bidaia-itsasontzietan, hoteletan eta kuarteletan aterpetu zituen, herritarren protesten artean. Polizia-indar horien guztien eta baita bertako poliziaren “koordinazioa” egiteko Guardia Zibilaren koronel bat izendatu zuen berariaz Espainiako Gobernuak: Diego de los Cobos. Nor da koronel hori? Interneten Falangeko alkandora urdinarekin ikus daitekeena (Falangea da Frankismo garaian diktadurari erabateko sostengua eman zion alderdia). 1981/02/23an Espainiako parlamentuan manu militari sartuz, beste guardia zibil batek, Tejero izeneko koronelak, Estatu kolpea eman zuenean, hura laguntzeko Yeclako kuartelean bere burua boluntario gisa aurkeztu zuen koronela da Diego de los Cobos. 1992. urtean Kepa Urra euskal militanteari egindako torturen egile gisa salatua izan zen paramilitarra (torturatuari bihotz-arritmia, lau hematoma, lepoko lesioak eta hamaika zauri antzeman zizkioten osasun etxean). Hala ere, koronel honi absoluzioa eman zioten Espainiako epaileek eta, ondoren, Espainiako Gobernuak bere karguan berrezarri zuen. Beraz, halako kalitate morala duen koronel hori Kataluniako polizia-indar guztien “koordinatzaile” izendatu zuen Espainiako Gobernuak. Alabaina, Kataluniako Generalitateak, praktikan, ez zuen onartu halako “koordinaziorik”.

    Bozketa eguna iritsi baino lehen, botopaperak eta gutunazalak milioika atzeman zituzten Espainiako poliziek eta guardia zibilek; inprimategiak itxi zituzten, independentziaren aldeko webguneak eta kazetak itxi zituzten, manifestarien kontra oldartu ziren nahiz eta “lan” horretarako eskuduntzarik ez izan, eta boto-kutxen bila aritu ziren etengabe. Sinetsiezina bada ere, ez zituzten topatu boto-kutxak. Bestalde Espainiako poliziek Kataluniako gobernuaren informazio-zentro nagusiak eta egoitzak okupatu zituzten, Kataluniako Gobernuaren komunikazio sareak deuseztatu zituzten eta bertako arduradunak eta langileak atxilotuta eraman zituzten. Gainera, Kataluniako gobernuaren diru-kontuen kudeaketa bereganatu zuen Espainiako Gobernuak; klase politikoari eta populazio zibilari etengabeko mehatxuak bota zizkieten eta herritar katalanek pairatu zuten umilazioak konta ezinak dira. Eta hala eta guztiz ere erreferenduma egin zen. Herri katalana erabat mobilizatu zen (nekazariak, suhiltzaileak, banka-langileak, ikasleak, sindikatuak, osasun zerbitzuetako langileak eta abar). Dena den, erreferenduma ez zen gauzatu egoera normalizatuan; hau da, mehatxurik gabe eta giro baketsuan, baina gauzatu zen.

    Azken lau egunak

    Bozketa-leku gehienak eskola edo kolegioetan kokatu ziren eta horretarako Kataluniako Gobernuak ardura guztiak hartu zituen bere gain. Zigor zibil eta penal handiak iragarri zituen Espainiako Gobernuak bozkalekuetako zuzendarientzat eta, hori saihesteko, bozketa izan baino egun batzuk lehenago Kataluniako Gobernuko Hezkuntza Sailaren Kontseilariak bozketa-kolegioetako zuzendari guztiak kargugabetu zituen. Ondoren, kontseilariak berak hartu zituen bere gain, zuzenean, eskola horiek irekitzeagatik eta erabiltzeagatik sor zitezkeen ardura guztiak.

    Bozketa igandean izan zen eta Espainiako epaileek ostiralean bertan, eskolako klaseak amaitu ondoren, eskola guztiak ixteko agindu zuten. Bada, hori saihesteko, eskola horietan kultura jarduera ugari antolatu ziren ostiraletik aurrera, egunez eta gauez, eta jende ugari bildu zen jarduera horietan. Gainera larunbatean, 2017/09/30ean, mobilizazio ugari antolatu ziren Katalunia osoan eta gizarte eta alor profesional guztietako jendea agertu zen bertan, erreferendumaren alde. Kontrako ildoan, pertsona bakar batzuek Espainiaren alde egin zuten Bartzelonan antolatu zen manifestazio batean. Azken horietan Espainia osoko jendeak parte hartu zuen, tartean Unión del Pueblo Navarro izeneko alderdi espainiarzaleko jendeak.

    Naziogintza Bartzelonako bozketaleku batean egon zen erreferendum egunean.

    Erreferendumaren egunean, 2017/10/01ean, Mossos d’Escuadrek (Kataluniako poliziak) espainiar epaileen agindu zorrotza zeukaten goizeko seietan eskola guztiak husteko. Ordu hori iritsita, baina, ehunka pertsona zeuden eskola guztien aurrean; bozketa-kolegioen inguruko kaleak ere jendeak hartuta zeuden eta mossoek ezin zuten bete agindua elkarbizitza erabat apurtu gabe.

    2017ko urriaren 1ean, goizeko zortzietan, erreferendumaren antolatzaileek alderdien eta herri mugimenduen ahaldunduak identifikatu zituzten eta bozketa- mahaiak ofizialki osatu behar zituzten pertsonak deituak izan ziren: inor ez zen agertu. Orduan, Kataluniako Erreferendum Legeak aurreikusten zuen bezala, bozkatzera gerturatu ziren lehen pertsonak izendatu zituzten bozketa-mahaietako mahaiburu eta mahaikide. Mahaiak 08:30ean osatu ziren.

    Bozketalekuen inguruan zeuden zailtasunak ikusita, “bozketa-sistema unibertsala” ezarri zuen Kataluniako Gobernuak (sistema horretan datu-base edo informazio-zentro elektroniko bat dago Interneten, datu-base horretan Kataluniako errolda osoa dago, 2017ko maiatzean indarrean zegoen errolda berbera, hautesleek edozein bozka-lekutan bozka dezakete eta hautesleen Nortasun Agiriaren zenbakia telefono bidez sartuta balioztatzen dira botoak). Bozkatzeko mahaiko kideek (bokalak) hautesleen Nortasun Agiriaren zenbakiak apuntatzen zituzten bi zerrendatan eta mahaiburuak sakelako telefonoaren bidez balioztatzen zuen bozka Nortasun Agiri zenbakia markatuz. Bozketa balioztatzen zenean, mezu bat jasotzen zuen informazio-zentrotik eta mezu horrek bozka balioztatua izan zela egiaztatzen zuen.

    Arazo informatikoak zirela medio, bozketaldia dezente atzeratu zen. Naziogintzako taldea egon zen mahaian 9:30ean hasi ziren botoak ematen eta segidan arazoak sortu ziren sare informatikoarekin: Espainiako Gobernuak etengabe blokeatzen zuen sistema, baina ez batera eta mahai guztietan ere aldi berean. Beste aldetik, mahaietako mahaiburuak saiatzen ziren aurrera egiten telefonoak birkonfiguratuz eta pasahitz ezberdinak erabiliz. Adibidez, mahai batean 10:20an botoa ematen hasi eta 10:30ean Espainiako poliziak webgunea blokeatu zuen. Handik gutxira, bozketa abiatu zen berriro eta gutxi gorabehera 10 minutu igarota, berriz ere blokeoa gertatu zen.

    Bitartean berri txarrak iristen ari ziren etengabe beste bozka-leku batzuetatik: poliziaren jazarpena pairatzen ari ziren bozkatzeko zain zeuden pertsonak eta zauritu ugari ere izan ziren, adin eta genero guztietakoak. 12:25ean, 102 urteko emakume batek botoa eman zuen txalo artean. Hainbat telebistatako kazetariak agertu ziren bozkalekuan eta nabarmentzekoa da Flandriako Telebistaren jarduna. Flandriarren inplikazioa handia izan zen; bide batez, gertatzen ari zena munduko telebista eta kazeta digital garrantzitsuenetan agertzen ari zen: Routers, BBC, News AP, Times, New York Times, The Gardian, Flandriako Telebista, The Washington Post, BILD, Erresuma Batuaren UKA Labour, Alemaniako CDU eta CSU alderdien agentziak eta hogei bat gehiago.

    13:00etan Espainiako Polizia Nazionala agertu zen bozkakolegioaren ondoan eta bertan zegoen jende kopuru handia eta haiek sakabanatzeko zegoen ezintasuna ikusita, hamar minutu pasatu ondoren alde egin zuten. Egun osoan tentsio, beldur eta emozio handiak jasan ziren bozkalekuetan eta poliziaren presentziak areagotu egin zituen tentsioa eta beldurra era nabarmenean. Polizia joan ondoren, antolatzaileek, freskagarriak, kafeak, eta abar, banatu zituzten bertakoen artean. Elkartasun keinuak ugaritu egin ziren eta mahaikideen eta hautesleen artean giro ona eta konplizitate handia egon ziren.

    13:18an mahai gehienek Interneteko konexioa zuten baina hiru minutu beranduago berriz ere eten egin zen konexioa. Orduan botoa emandakoen zerrendak eskuz idaztea erabaki zuten (paperezko bi zerrendetan Nortasun Agiriaren zenbakia jarrita) eta balioztatze informatikoa emeki-emeki eta ahal zen neurrian egitea erabaki zuten. Horren ondorioz, bozkaleku guztietan jende uholdea bildu zen eta hortik aurrera bozketa ondo joan zen.

    14:40an jakinarazi zuten Kataluniako Futbol Federazioak bertan behera utzita zituela eguneko futbol partida guztiak. Bestalde Bartzelona Futbol taldeak (liskarrak ekiditeko) publikorik gabe jokatuko zuela ere jakinarazi zuten.

    16:00etan, polizia espainiarrei berei entzunda, 17:00etan poliziaren erasoa izango genuela jakinarazi zuten. Aldi berean Generalitateko Osasun Zerbitzuak ordura arteko zauritu-kopuruen datuak eman zituen: Katalunia osoan 465 zauritu zeuden, haietatik bi egoera larrian. Tentsio handia zegoen baina ez zen ezer gertatu. Ondoren beste ohar bat iritsi zen, espainiar poliziei entzunda hura ere, erasoa 18:00etan izango zela bozkaleku horretan. 18:40an poliziaren erasoa izango zela jakinarazi zuten berriro eta, ordurako Katalunia osoko zaurituak bostehun baino gehiago zirela jakinda, polizia etorriz gero erresistentziarik ez jartzea, dena bertan behera uztea eta era baketsuan alde egitea gomendatu zuten. Hala ere, ez zen erasorik gertatu eta arratsalde osoan zehar botoa eman ahal izan zen, eta tarteka, botoak balioztatu ere egin ahal izan zituzten. Arratsaldeko 19:30ean konexioak ia orokorrean berrezarri ahal izan ziren.

    19:57-20:00 Bozketa egunaren azken hiru minutuak zirraragarriak izan ziren. Kalea betetzen zuen jendeak “bozkatuko dugu” oihukatzen zuen etengabe, oraindik, eta jendearen artean korridoreak egiten ziren azken momentuko bozkatzaileak garaiz hel zitezen bozkalekuetara. Kolegio-atariko kristalezko manpararen atzean jendea kaleari begira zegoen eta kanpoko jendea kolegioari begira elkartasun giroan. Gero, ehundaka pertsona azken hamar segundo atzera kontatzen hasi ziren eta zero zenbakira iristean txalo zaparrada erraldoia egin zuten bertan zeuden pertsona guztiek. Segidan “bozkatu dugu” oihukatzen jarraitu zuen kalean zegoen jendeak, garaipen sentimendua hartzen zuen giro lasai eta alaian.

    20:20an Generalitateko Osasun Kontseilariak eman zituen datuen arabera, polizia espainiarren erasoen ondorioz, 844 zauritu izan ziren ordura arte. Eguna bukatzerakoan, ordea, eguneko datu guztiak eman zituen Kataluniako Osasun Zerbitzuak: poliziaren bortizkeriaren ondorioz, guztira 894 zauritu izan ziren erreferendum egunean.

    Balioztapen orokorra:

    Erreferenduma demokrazia ariketa garbia izan da, eta Herri katalanaren garaipena izan da. Nahiz eta errepresio bortitza jasan, herriak lortu zuen zer nahi zuen adieraztea. Kataluniak Espainiarekiko deskonexio politiko eta emozionala burutu zuen. Ez du erraza izango Espainiako Gobernuak Kataluniarekin zeukan komunikazioa eta harremanak berregitea. Eta edozein kasutan ere, Espainiak onartu beharko du hemendik aurrerako harremanak berdinen arteko harremana izan beharko duela eta ez metropoliaren eta koloniaren artekoa, orain arte izan den bezala.

    Hunkigarria izan da bozketa egunean ikusitakoa; jendearen artean partekatutako emozioak ezin dira kontatu, bizi egin behar dira: helduak eta gazteak, gizonak eta emakumeak, eskuinekoak eta ezkerrekoak, janzkera formalekoak eta ez-formalekoak, denak pozik bozkatu ahal izan zutelako. Hunkigarria izan da egun osoa ikustea jendeak emozioz negar egitea, etengabeko malkoak isurtzea, jendearen arteko besarkadak ikustea, boto-emaileen eta mahaikideen arteko konplizitatea sumatzea, amorruan, hitzetan, irribarreetan, aurpegi alaietan eta beldurrean. Jende heldu ugariren ahotan bere egun zoriontsuena zela entzun zen behin eta berriz, eta abar. Eta beste aldetik, Herri katalanaren memoria historikoan iltzatuta geldituko da 2017ko urriaren 1a, antolamenduan Herriak erakutsi duen gaitasunagatik, kalean sortutako mugimendu eta indarrarengatik, gobernuaren sendotasunagatik, gobernuaren eta Herriaren arteko elkarlanagatik eta erabateko isiltasunean gauzatutako konplizitateengatik, bereziki boto-kutxak ezkutatzean frogatuta gelditu dena. Naziogintza Taldeak Herri baten kidetasun sentimendua ageri-agerian ikusi eta bizi ahal izan du Bartzelonan. Herri katalanak Espainiarekiko deskonexio emozionala gauzatu du 2017ko urriaren 1ean.