PAKO SUDUPE.
Berria egunkarian, urtarrilaren 13an, argitaraturiko erreportajeak mugitu nau hau idaztera. Ez nuen autokritikarik espero Ardanza eta Aulestiagandik eta hala izan da, harro daude hura sinatu eta bultzatu izanaz. Hogeita hamar urteotan aldaketa politiko franko gertatu da, eta batez ere Katalunian, 2010etik hona gertatu den, eta egun gertatzen ari denari begira jarrita, 155. artikuluaren aplikazioaren aurrekari gisa ikusten dut Ajuriaeneko akordioa.
Bai, ezberdintasunak nabariak dira; Ajuriaenea baino lehenago Hipercorreko atentatua eta Zaragozako kuartelaren aurkakoa egon ziren 1987an, eta Katalunian, aldiz, 2017ko urriaren 1eko erreferenduma, espainol inposizioaren aurkako borroka armatua gurean, eta Katalunian erresistentzia baketsua, ghanditarra hortxe nonbait, baina bietan ere berdin-berdin eta terminologian ere Espainiako estatuaren botere faktikoen kontzientzia eta nahi inperialistaren -nazio bakarra dago Espainian; onenean, katalan herria, euskal herria, galiziar herria, baina nazio bakarra!- inposizio nabarmena, gurean guardia zibilak eta polizia nazionalak aitzindari zirela -geroago etorri ziren togadunak 18/98- eta Katalunian, togadunak aitzindari direla Gobernuak eta monarkiak hala erabakita eta sustaturik, EAEko indar autonomisten kolaborazioarekin, eta, Katalunian aldiz, unionisten lankidetzarekin.
Txundigarria, burtzoragarria egiten da espainiar demokrazia Euskal Herriaren eta Kataluniaren ukazioa dela ozenki ez entzutea abertzale omen direnen artean; armak eskuan edo esku hutsekin botoz eta manifestazioz borroka egin berdintsu zigortzen duen estatuari demokraziaren mozorroa erauztea hainbeste kostatzea, eta haiekin txikira negoziatzen jarraitzen ikustea. Harroxko anai-arreba abertzaleekin eta espainolistekin adeitsu.
Demokrata eta biolentoen arteko marra ezarri omen zuten Ajuriaeneko akordioarekin. Zinez, Espainiako demokraziaren joko-arauak -autodeterminazio erreferenduma gauzaezina, espainiar populuaren burujabetza, gaztelaniaren derrigortasuna, nazioaren batasun sakratu hautsezina- errespetatzen dituztenen eta euskal populuaren demokrazia eta katalan demokrazia defendatzen dituztenen arteko marra ezarri zuten.
Zenbat kalte egin digun demokrata/biolento mantra horrek, hedabide espainiar eta autonomikoetan ok eginarazteraino errepikatuak eta berrerrepikatuak! Eta berdintsu jarraitzen dute.
Bereizketa eta konponezin politiko horrek, hainbeste neke, sufrimendu eta energia galarazi digunak euskal nazioan isla zuzena izan du. Gure hizkuntzak marjinala izaten jarraitzen du, eta gure nazioa egiteko dago, duela berrogei urte bezalatsu, funtsean, Bitoriano Gandiagaren txakolin izaerarekin, ardo ondua izatera iristeko bide bertsua gelditzen zaiola, eta bai, nazio bat hizkuntza baino gehiago da, noski, baina bere lurraldean hizkuntza ezinbesteko bihurtzeko gauza ez den komunitatea ez da nazioa, nahiz Urkulluk-eta esan euskal nazioa badela, kontzertu ekonomikoa daukagulako. Kontzertu ekonomikoa eta kupoa izatea ez dira nahikoa nazioa izateko.
Euskal nazioa egiteko dago. Gutxik dugu euskara hizkuntza nazionaltzat, euskaldun gehienek euskalduntasun etnikoa dute eta ez nazionala, eta gaur eguneko egoeran -besteak beste, euskal hedabide nazionalak hain hedadura gutxikoak izanik, zaila da bestela izatea.
Euskaraldia, Kilometroak, Nafarroa Oinez eta Herri-Urrats eta antzeko ekimenei duten balioa aitorturik ere, Ajuriaenearik onena eskierki Euskal Herrian -zazpi lurraldeetan, Iruñeko akordioa!- euskara derrigorrezko ezartzea xede lukeenaren aldekoen artekoa litzateke, eta, jakina, horrek estatu burujabe bat izateko borondate irmoa izango luke bere baitan, hura eginez joateko borondate irmoa. Denok dakigu bide luzea dugula aurrean. Ez dezagun geure burua engainatu behintzat!