ARAZOA

Jose Mari Pastor

2018-01-20an,  BERRIA.

Abestia 1988an hedatu zuen Eddy Grant-ek, Hegoafrikan apartheid-a indarrean zegoen garaietan. Gimme hope Jo’anna kanta diktadura arrazistaren kontrako ikurra izan zen, himnoa. Johannesburgoko botere zuriaren eta Sowetoko erresistentzia beltzaren arteko talka islatzen zuen. Bake gogoa zerion testuari, baina hitzek borrokaren beharra nabarmentzen zuten, Desmond Tutu aipatzen zutenean: «Jesusen alde lan egiten duen predikariak, gizon bakezalea den artzapezpikuak ere badakite askatasunaren aldeko borrokalariak nagusituko zaizkiola oso indartsua denari».

Eddy Grantek laudatzen zituen askatasunaren aldeko borrokalariak ez ziren etxean geratu, negar batean otoitzean. Erregimen arrazistaren kontra altxatu ziren. Kanta esperantzarako deia zen, baina horrek ez zuen errealitatea ezkutatzen: Nelson Mandelaren borrokaren aldeko mezua zela azaldu zuen Eddy Grantek. Mandelak eta bere erakundeek, politikoak zein armatuak, diktaduraren kontra eginiko borrokaren aldekoa.

Hego Euskal Herrian ere diktadura izan genuen. ETA jaio zen. Jose Luis Alvarez Enparantza izan zen erakunde armatuaren sortzaileetako bat. Hala ere, Txillardegi ez zen horretara mugatu. Txillardegi hizkuntzalaria eta idazlea izan zen: euskara batuaren aitzindari eta bultzatzaileetako bat, euskal literaturaren berritzailea. Orain, Donostiako Udalak hari aitortza egitea nahi du Txillardegi Udal Liburutegia plataformak. Udalak ez du argi ikusten kontua. Arrazoia? ETAren sortzailea izan zen Txillardegi, eta hori «arazoa» da.

Alkateari erantzun dio Joseba Alvarezek, Txillardegiren semeak: «Eneko Goiari ahaztu zaio berak izendatutako Udaleko bere Gabinete Burua ETApm-ko kidea izan zela, EAJn dauden beste ETA-pm kide ezagun batzuk bezala. Baina ez dira Txillardegi. Arazoa ez da ETA».

Zein da orduan arazoa, ETA ez bada? Arazoa, agian, hauxe da: pertsona batek bere ibilbideari uko egin ez izana. Iragana onartzea, kontraesanak izan eta huts egin arren, beste edozein pertsonak bezalaxe. Arazoa, agian, koherentziari eustea da: denboraren joanean borroka armatuaren egokitasunari buruz kritiko agertu arren, Txillardegik ez zuen zalantzan jarri borroka mota horren beharra testuinguru historiko jakin batean.

Espainiak ez daki irabazten. Nahiago du garaitu eta umiliatu. Halaxe mintzatu da ERCko diputatu Ernest Maragall, Kataluniako Legebiltzarrean. Antzekoa da EAJren jarrera borroka armatuarekiko. Garaitu eta umiliatu egin nahi du. Orain ez da nahiko egindako mina aitortzea. Orain borroka hura injustua izan zela entzun nahi dute jeltzaleek. Ñabardurarik gabe. Armen aukera guztiz bidegabea izan zela, hasiera-hasieratik. Alegia: euskal herritarrak torturatzen zituenaren kontra egitea injustua izan zela. Zuzenena etxean otoitz egiten geratzea zen. Francoren kontra armak hartu zituzten euskaldunak injustuak izan ziren. Hori aditu nahi dute, euren orduko jarrera pasiboa, salbuespenak salbuespen, moralkeriaz justifikatu eta justu agerrarazteko.

Hain zuzen ere, horixe kritikatu zuen Txillardegik hainbat artikulutan. EAJren pasibotasuna diktaduran. Franco hil ostean gogor gaitzetsi zuen burukideen saldukeria Espainiaren aurrean, erregimen autonomikoa garatu, eta haien botere esparrua kudeatzeko. Zer ez zuen pentsatuko Txillardegik, bizirik balego, EAJ Kataluniari bidaltzen ari zaion mezuari buruz: badakizue, katalanak, itzul zaitezte normaltasunera, betiko egoerara; otzan eta meneko jokatu, legalitate espainiarraren barruan. Makur zaitezte eta lurpera ezazue zeuen independentzia nahia, gu geure autonomian lasai bizi gaitezen. Noizbait, behingoz, Espainiaren barruan eroso sentitzeko.

Arazoa, agian, hauxe da: Txillardegi askatasunaren aldeko borrokalaria izan zela, Euskal Herri euskaldun, libre eta justuaren aldekoa. Diktaduraren aurka altxatu zen; ez zen etxean geratu, negar batean otoitzean. Borrokaren aldeko hautua egin zuen, eta ez zitzaion damutu. Eta hori, batzuentzat, barkaezina da.