JAKE MAC SIACAIS
“FORBAIRT FEIRSTE” Erakundearen lehendakaria.
Joan den ostiralean, otsailak 16, itxaropena piztu eta zurrumurruak zabaldu ziren irlanderaren legediari buruzko legedi hitzarmen bat berehala gertatuko zelakoan. Otsailak 19an, lehen ministro britainiarra eta Taoiseach Belfastera heldu zirenean, baina, zalantzak agertu ziren. Unionistak sututa zebiltzan irlandera-hiztunen eskubideak onartzeari buruz. Asteazkenean, DUPeko buruak txio batez iragarri zuen eten egin zutela elkarrizketen fase hori.
Gauza asko atera dira hedabideetan azken egunotan DUPek lehendabizi onartu eta, gero, Orangeko Ordenaren eta beste muturreko unionista batzuen presiopean ukatutako hitzarmena azalduz. Hala ere, elkarrizketek bere horretan jarraitzen dute, eta hala Sinn Féinek, nola DUPek esan dute negoziazioetara itzuliko direla. Zaila da ikustea elkarrizketa horiek aurrera nola egin dezaketen DUPek horrelako fede txarra erakusten duenean.
Beraz, Irlanda Iparraldeko Stormonteko elkarrizketak zirt-edo-zart egiteko fase batera heltzen ari dira Belfasteko Gaeltacht (Irlandera Hiztuneko Eremuko) Garapen Agentziari buruz eta, bitartean, Forbairt Feirstek gutun ireki bat igorri die elkarrizketa nagusietan parte hartzen duten guztiei, eskatuz Datuak Biltzeko Ordezkaritza batek Gaeltacht Barrutia bisitatzeko, irlandera-hiztunen eskubideen gaia alderdikeriarik gabe aztertuko dela segurtatzeko, egunero irlanderadunek aurre egin behar dituzten arazoen ezagutza sakon batean oinarrituta. Kazetari alfer askok gaiari buruzko eztabaida baldintzatzeko, irlanderak aurrerabidea “galarazten” duela adierazi dute, adibidez, osasun zerbitzuetako eta hezkuntzako krisiaren harira. Ezin errealitatetik urrunago egon, eta arrazoibide kaskar horrek ez dio eusten azterketa serio bati.
Inork ez du uste egungo alderdien arteko elkarrizketek, eskubideen gaien inguruan mikaztuta, tartean direla hizkuntza eskubideak, otsail bukaerara helduko direnik. Hortik aurrerako edozerk prozesu politikoaren zerraldoari azken iltzea jartzeko baino ez du balioko, prozesu hori bidetik kanpo baitago dagoeneko, eta ez du sinesgarritasunik ere. Irlanderaren Legearen gaia Irlanderadunen Komunitatearen eskari bat da, eta ez alderdi politiko batena. Denetariko Irlanderaren Ekintzaileek ongi etorri beroa eman diote Sinn Féinek, SDLPek, Alliance Partyk, Green Partyk eta People Before Profitek legeari emandako babesari, eta erreklamatu dute alderdi horietako batek ere konpromisoan atzera ez egiteko. Gales eta Eskozian, ondo finkatuta daude dagoeneko tokiko gure hizkuntza senideen hizkuntza eskubideak, eta Irlanda Hegoaldeko irlanderadun gure lagunek antzeko babesa dute.
Gaur, urtarrilak 31, Forbairt Feirsteko buru Pilib Ó Ruanaidh jaunak ondorengoa adierazi du Simon Coveney irlandar tánaisteari (lehen ministrordeari) eta Karen Bradley parlamentariari zuzendutako gutun batean (bion gobernuak dira Ostiral Santuko eta San Andresko Hitzarmenen bermatzaile): “Irlanderaren gaiari heldu ahal izateko, ezagutza oinarri sendo bat eduki behar da hezkuntzan, negozioetan, etxean zein etxez kanpoko bizitzan irlanderaren aldeko hautua egin dutenen eguneroko arazoei buruz”.
Behean duzu Pilib Ó Ruanaidhen gutuneko testu osoa euskaratuta:
Simon Coveney TD tánaiste eta kanpo gaietako ministroari, Karen Bradley Mp Ipar Irlandarako britainiar estatu idazkari parlamentariari, eta tokiko bost alderdi politiko nagusien buruei zuzendutako gutun irekia (kortesiazko itzulpena)
Simon CoveneyTD, Karen Bradley MP, Arlene Foster MLA, Michelle O Neill MLA, Colm Eastwood MLA, Robin Swann MLA and Naoimi Long MLA
Stormont House
Belfast BT4 3SH
A chairde,
Denok gara jakitun zailtasun handiak ditugula gure komunitate osoaren etorkizuna segurtatzen duten eta eskubideak errespetatzen dituzten konponbide iraunkorrak aurkitu eta negoziatzeko. Aste gutxi batzuetan erronka handiak ditugu aurrean, baina baita aukerak ere, aurrera goazela segurtatzeko.
Irlanderaren eta irlandera-hiztunen eskubideen estatusa da une honetako eztabaiden mami eta funtsetako bat eta, gaiari buruz asko esan den arren, zalantzarik gabe ulermen falta handia eta, batzuetan, desinformazio hutsa dago gai hauen inguruan.
Forbairt Feirsteren, Gaeltacht Barrutiko Garapen Agentziaren iritziz, aukerak baliatu behar dira borondate ona eta elkarren ulermena eraikitzeko; beraz, Karen Bradley parlamentariari eta Simon Coveney ministroari gonbidatu nahi nieke Gaeltacht Barrutia bisitatzeko datuen bilketarako ordezkaritza bat antolatzera. Bisitaren helburua da elkarrizketa nagusietako partaideek Gaeltacht Barrutian egiten ari diren lana pixka bat ezagutzea, eta elkarri era positiboan adieraztea zer egin dezakegun gure gizartean bazterketa guneak ez geratzeko dugun helburu bateratua betetzeko.
Benetan pozez hartzen dugu eztabaidetako partaide guztiek, salbuespenik gabe, agertu dutela irlandera-hiztunen eskubideen gaiari heltzeko eta hura konpontzeko desioa. Hain zuzen, alderdi nagusietako hiruk bilkura pribatuetan zein publikoetan beren asmo irmoa ere adierazi dute irlandera-hiztunen eskubideak babesteko legedia indarrean sar dadin. Irlanderaren gaiari heldu ahal izateko, ezagutza oinarri sendo bat eduki behar da hezkuntzan, negozioetan, etxean zein etxez kanpoko bizitzan irlanderaren aldeko hautua egin dutenen eguneroko arazoei buruz.
Benetan estimatzen dugu indarra instituzio autonomo iraunkorrak berrezartzean jartzea, eta parte hartzen duten guztiei onena opa diegu ahaleginean. Guk arreta jarri nahi diogu froga daitekeen beharrizan horri aurre egiten zaiola segurtatzeari. Gainera, nahi izan dugu errespetuan eta eguneroko errealitateetan oinarritutako elkarren ulermenerako aukerak albait gehien probestea. Gaeltacht Barrutian datuak biltzeko bisita egiteko gure gonbiteak, hari eta haren solaskide Simon Coveneyri, indarrean jarraitzen du, eta estatu idazkariak edo/eta tánaisteak ikusten badute hori probetxuzkoa izango dela, gogotsu erraztuko diegu datu bilketarako bisita hori, serio eta prest gaituzue. Zuen zain eta esanetara gaituzue nahi bezain laster hala gustu baduzue.
Le meas,
Pilib Ó Ruanaidh
Burua
Forbairt Feirste “
Espero dugu irlanderadunen ekimen honi sortutako gogo berdinaz emango zaiola harrera, eta gai honen inguruko eztabaidak oinarritzeko benetako ahalegin gisa baloratuko dela, eta lagunduko duela segurtatzen inor ez dela gure gizartean baztertuta geratzen. Espero dugu pixkanaka kentzen joan gaitezkeela oraindaino batzuetan informazio txarretan oinarritutako eztabaidek ezagun izan duten isuri toxikoa.
Gure gutunari erantzunez, Karen Bradley estatu idazkari britainiarrak ondorengoa esan du: “Argi dago Ipar Irlandako hizkuntza txikien sustapena eta errespetua garrantzitsua dela komunitate guztietako jende askorentzat. Beraz, ezin bestekoa da bete-betean funtzionatuko duen Stormonten gobernu autonomoa berrezartzea, horrek eskainiko baitu irlanderaren gaian, adibidez, era seguru eta egonkorrena aurrerabide bat diseinatu eta ezartzeko.
Hori ikusita, estatu idazkaria berehala lotu zaio Ipar Irlandako alderdi politikoekin eta Irlandako Gobernuarekin lan egiteari, Ipar Irlandako guztien gobernu egonkor eta autonomoa eskuratzeko eta, beraz, berak ezingo du oraingoan bisitara etorri, zoritxarrez”.
Bere gutunagatik eskerrak emanez, Forbairt Feirstek erantzun du esanez “benetan estimatzen dugu indarra instituzio autonomo iraunkorrak berrezatzean jartzea, eta parte hartzen duten guztiei onena opa diegu ahaleginean. Guk arreta jarri nahi diogu froga daitekeen beharrizan horri aurre egiten zaiola segurtatzeari. Gainera, nahi izan dugu errespetuan eta eguneroko errealitateetan oinarritutako elkarren ulermenerako aukerak albait gehien probestea. Gaeltacht Barrutian datuak biltzeko bisita egiteko gure gonbiteak, hari eta haren solaskide Simon Coveneyri, indarrean jarraitzen du, eta estatu idazkariak edo/eta tánaisteak ikusten badute hori probetxuzkoa izango dela, gogotsu erraztuko diegu datu bilketarako bisita hori”.
Go n-éirí an Bóthar linn (Altxako ahal dira bideak gurekin elkartzeko)