Karlos Gorrindo
2019-09-8an, ARGIA.
Zelako pena eta tristura damaigun mendeak eta milurtekoak iraun dituen Herria desagertzen ari dela ohartzeak! Europako herririk eta hizkuntzarik zaharrenak ei diren Euskal Herriak eta euskarak izena aldatu beharko dute laster. Edo Frantziako eta Espainiako Barne ministerioek behartuko dituzte aldatzera. Espainiako eta Frantziako probintzia huts baino ez dira izango. Bost, hain zuzen ere. Eta hizkuntza bi baino ez dira mintzatuko haietan: gaztelania eta frantsesa. Euskal Herria izateari utziko diote herrialde hauek era natural eta onartuan, ongizate eta bizikidetzaren izenean. Nazio kontzientzia eta hizkuntza kontzientzia bazter lagata.
Egungo Euskal Herriko demografia estrukturala kontuan hartuta, hots, egoiliarren aldagaiei begiratuta, hau da, herritartasunari, hizkuntzari, kulturari eta ugalkortasunari erreparatuta, Euskal Herriak bere izate intrintsekoari utziko dio bide gizarte zabalago, irekiago eta mestizoagoari, eta Euskal Herria ente nazional gisa desagertu egingo da, izate berebizikoa eta karakteristikoa albora eginda, nahita.
Euskarari dagokionez, gogoan hartu Miguel Unamunoren esaldi profetikoa: “Utzi diezaiogun euskarari berez hiltzen, azken hatsa eman arte”. Errealitate bilakatzen ari den profezia horren lekuko, euskararen erabileraren makalaldiaren gaineko datuak, kale neurketa zientifikoen bidez azalduta. Eta, jakina, balizko Euskal Herri baten eta euskal hiztun izan zitezkeen haurren hizkuntza hautaketa eta naziotasunaren kontzientzia eza nabarmendu behar. Errealitate ukigarri honek pentsatzera garamatza geureak egin duela dagoeneko, edo agonia luze baten esperientzia bitala nozitzen ari garela nazio kontzientzia eta hizkuntza kontzientzia arrasto txikia oraindik ere badugunon artean.
Mundu honetan estatu egitura-botererik ez duen nazio txikiak desagertu egiten dituzte egunean-egunean nazio-estatu boteretsuek, menpekotasun demografikoa, kulturala eta soziala ezarrita, hauen goi-araudi juridiko sasidemokraten bidez.
Euskal Herria gizarte mestizoa da, espainiarrez eta frantziarrez hornituta, gehi egun eta aurrerantzean herriratzen jarraitzen duten emigrante onartu beharrekoekin. Mestizaia geldiezinak eta mendeetan zehar emanak ez digute nahiko genukeen Euskal Herria eratzen laguntzen. Euskal Herriak estatu egiturarik ez duenez eta hizkuntza minorizatua duenez gero, berez doa urtzen, poliki-poliki, boteredun diren nazio-estatuen baitan eta hizkuntza indartsu direnen putzu sakonean.
Eustea ez da irabaztea, agonia luzatzea baino.