ALDERDI ABERTZALEEI ESKAERA ZEHATZA (SINPLEA, ESANGURATSUA, ERAGINKORRA ETA EREDUGARRIA).

Argazkia: Itsasi Euskaltegia

Datorren agintaldirako, alderdi abertzaleei eskaera zehatza egin nahi diegu: Hego Euskal Herriko Legebiltzarretan beti euskaraz egiteko.

Ez dago zertan aditua izan jakiteko hizkuntza guztiek daukatela balio sinbolikoa eta balio instrumentala. Hizkuntzek gizakiak elkarrekin komunikatzeko balio dute -gureak ere bai-, eta, aldi berean, hiztunak identifikatzeko giza talde zehatz baten partaide gisa. Are gehiago,  identifikazioa ezinbestekoa izaten da eta berehalakoa, norbait hizketan entzutearekin batera egiten baitugu esleipen automatikoa: hau ingelesa da, bestea italiarra, hura errusiarra… eta euskaraz egiten duena, euskalduna. Hala ere, munduan zehar edozeinentzat hain begi-bistakoa dena, gure artean oraindik aldarrikatu egin behar da.

Euskara da munduaren aurrean nor garen erakusten duen hizkuntza soila, eta euskal herritar guztiok batu gaitzakeen bakarra. Horregatik, alderdi abertzaleetako hautatuei eskatzen dizuegu hegoaldeko Legebiltzar denetan beti euskaraz aritzeko, salbuespenik gabe, jardunaldi mota guztietan: proposamenak eta mozioak aurkezteko, eztabaida osoak garatzeko edo adierazpenak egiteko. Prentsaurrean ere egizue euskaraz goitik eta behera. Behar izanez gero, itzultzaileak daude, eta azpitituluak eskuragai telebistarako. Bada garaia Euskal Herriko erakundeetan euskara beharrezkoa dela erakusteko.

Euskal Herritik kanpo, Espainiako Parlamentuan,  espainieraz ari zaretenean, euskaraz mintzatzea debekurik gabe libre izanik, zer mezu triste bidaltzen diezue euskal herritarrei eta munduari? Katalanak katalanez mintzo dira, galiziarrak galizieraz, espainiarrak espainieraz, eta euskal herritarrak? Espainieraz egiten duzuenean, geure hizkuntza baztertuz, lotsatu egiten gaituzue besteen aurrean.

Agerikoa da ezin dela estatu-politikarik egin estaturik gabe, baina badago gauza egingarririk, eta gure eskakizuna egingarria da, zer esanik ez. Gainera, hori betetzea zuen esku baino ez dago. Ez dago beste alderdi batzuekin ezer eztabaidatu beharrik, ez dago legerik zertan aldatu, ez urratu, eta epaileek ere ez dute nondik heldu izango. Labur esateko: erabaki sinplea izan arren, esanguratsua eta, zalantzarik gabe, eraginkorra eta eredugarria da.