Nazioa
Gure testuinguru geopolitikoan nazioa Herri bereko giza-multzoa da, berezko historia, hizkuntza, kultura, bizipenak eta nortasuna dituena. Zentzu horretan nazio hitza herriaren sinonimoa da. Etniatik bereizteko, esan ohi da nazioa berezko kontzientzia politikoa duen etnia dela; boskimanoek, adibidez, etnia bat osatzen dute, berezko kultura eta hizkuntza dituztelako, baina ez dute beren identitatearen kontzientzia politikorik. Aldiz, katalanak, euskaldunak edo quebectarrak berezko nazio baten partaide sentitzen dira, bere identitate kulturalak zentzu politiko garbia ere baduelako. Bestalde, kultura definitzeko orduan esan liteke giza komunitate batek partekatzen dituen erreferentzien multzoa (hizkuntza, ohiturak, bizipenak….) dela.
Naziogintza gogoeta taldearen jarduera, baina, kulturala eta politikoa da, euskal nazioa indartu nahi dugu eta euskal estatua sortzen lagundu nahi dugu. Horregatik, munduko edozein estatuk bezala, estatu bati dagozkion unibertso sinbolikoa eta erreferentziak edo markak indartu nahi ditugu, gure hizkuntza eta kultura, eta horien bidez agertu beste estatu-nazioen aurrean. Eta ez da hori bakarrik: guk geuk ere geure kultura ezagutu behar dugu geure burua identifikatu eta ezagutzeko. Gure unibertso sinboliko, erreferentzia eta markak ezagutu egin behar ditugu eta, bereizi, gureak direnak eta gureak ez direnak, batez ere asmo politiko zitalez, gureak bazter ditzagun, kanpotik erakarriak eta ezarriak izan direnak. Gizarte guztietan gertatzen den bezala kultur adierazpen horiek klasikoak, neoklasikoak edo itxura berrikoak izaten dira; izan ere, gizarte batean kultura eta praktika sozialak etengabe egiten eta berregiten dira eta bere burua identifikatzeko, gizarteak, bere iragana, bere oraina eta etorkizuneko iruditeria izan behar ditu.
Gure testuinguru geopolitikoan Estatu baten ohiko identitate ezaugarriak (muga fisikoak, moneta, armada, burujabetza ekonomikoa…) desagertzen ari dira eta ezaugarri kulturalak (hizkuntza, bereziki) eta orokorrean errepresentazio sinbolikoak ari dira bihurtzen Estatu horren ikur eta barne kohesioa ziurtatzeko berme nagusi. Estatu bat, bere errepresentazio sinbolikoaren bidez erdiesten duen arrakastaren arabera izango da ezaguna: ospetsua izango da bere artista, kirolari, musikari, zientzialari eta abarri aitortzen zaizkien dohainen arabera; bere selekzio nazionalek lortzen duten arrakastaren arabera. Ohiko borroka militarrak desagertzen ari diren Europa honetan borroka sinbolikoek ordezkatzen dituzte lehengo liskarrak. Munduko futbol txapelketa irabazteak, adibidez, izugarri igotzen du Estatu baten sentimendu nazionala, guri geure kirol-selekzio propioak edukitzea oztopatzen diguten horiek oso ondo dakiten bezala.
Hala ere, endekatze kultural eta politikoan bizi den eta asimilazio fasean dagoen euskal gizartean behin baino gehiagotan ez gara jabetzen egiten ditugun gauza ugarik duten ondorio kultural eta politikoaz. Praktikan ez gara agertzen euskaldun bezala nahiz eta euskaldunak izan eta euskaldunak sentitu eta ez espainolak eta ez frantsesak. Kulturaren eta politikaren ikuspegitik euskara eta euskal erreferentziak ez dira ezer praktikara eramaten ez badira, adibidez; hau da, ez dira ezer egunero erabiltzen ez badira. Izan ere, identitatea ez da bakarrik buruan duguna edo dakiguna, hori bezain garrantzitsua da egiten duguna, praktika soziala: horrek ematen du gure kulturaren benetako dimentsioa. Horrek egiten gaitu. Telefonoz hots egiten duenean euskaldun batek lehenengo hitza euskaraz egiten badu, euskarari bidea eta euskararen herriari bidea ematen dio eta lehenengo hitza frantsesez edo espainolez egiten badu hizkuntza horiei ematen die bidea eta ez euskarari. Eta bide-emate horrekin batera bere burua agertzen du komunitate kultural eta politiko horietako kide legez.
Kontzientzia nazionala
Horregatik euskal nazioa indartzeko eta euskal estatua sortzeko berpiztu beharra dago euskal nazioaren kide izatearen sentimendu kontzientea: kontzientzia nazionala. Izan ere, kulturaren eta politikaren ikuspegitik ez da nahikoa euskalduna izatearen sentimendua izatea, kontziente izan behar da eta praktikara eraman behar da ezagutza hori; hau da, horren arabera jardun behar da egunero.
Kontzientzia nazionala eta egoera politikoa
Gero emango ditugun adibideek egiaztatzen duten bezala, euskal gizartean ez dago kontzientzia nazional handirik eta, dagoenean, oso kalitate eskasekoa da.
Gure klase politikoa ez da homogeneoa nazio kontzientziari dagokionez. Egia da erakunde, politikari eta alderdi politiko guztiak ez direla berdinak. Ez eta alderdi politiko abertzale guztiak ere. Hala ere, eta salbuespenak salbu, gainerako gaietan alderdi politiko horiek agertzen duten larritasuna eta erabakimena ez da sumatzen gai nazionalak tartean daudenean: euskara desagertu da edo hamaikagarren puntua da beren agenda politikoan; balizko integrazioa dela eta, euskal kultura hispanismo berriarekin lotzen da horrek dituen ondorioak sakonki aztertu gabe (Espainian eta Frantzian asimilatuak izateko sekula baino arrisku gehiago dugu orain, hori kalean eta jendearen jarreran ikusten da eta horren kontrako kritika sakona soilik politika ofizialetatik kanpoko sektore gutxi batzuek egiten dute, ez alderdi ofizialek); kontzientzia nazionala berpizteko ez da sumatzen inolako planik eta euskara ez politizatzeko eskaera etengabea da, espainieraz eta frantsesez alor guztietan egiten den bitartean eta hori ez dela politizazioa uste den bitartean. Errepresioaren eta injustiziaren kontrako jarrera oso indartsua da Euskal Herrian, eta bada mesianismo puntu handi bat ere, baina ez da gauza bera gertatzen gai nazionalaz ari garenean: gai nazionalak “alboko gaiak” bezala tratatzen dira sarritan eta horiek konpontzeko unean behialako banderizoak agertzen dira edo beste modu batez esanda, alderdikeriak.
1. Kontzientzia nazionala oso eskasa delako jende askok ez daki:
A) Euskal Herria zazpi herrialde biltzen dituen Nazioa dela, ez Espainia eta ez Frantzia dena.
B) Euskara Euskal Herriko hizkuntza nazionala dela, zazpi herrialdetan hitz egiten den bakarra.
C) Euskara etengabe izan dela gutxietsia, mespretxatua eta debekatua historian zehar: euskara erabiltzeko lehen debekua 1239 urtekoa dela (Errioxako Ojacastroko biztanleei euskaraz hitz egiteko debekua jarri ziena) eta bigarren debekua 1349 urtekoa dela (Huescako debekua merkatuan euskara erabiltzeko). Beraz, oraingo debeku eta gutxiespenak ez dira berriak.
D) Euskal Herria Nazioa dela (Europako beste nazio ugari bezala) nahiz eta, oraingoz, Estaturik ez eduki. Unibertsoa begiratzeko geure ikuspegi propioa daukagu, geure izateko manera musikan, dantzan, literaturan, kiroletan, jaietan, naturarekiko begiradan, gizarte balioetan eta abarretan.
E) Kultura gauza asko izan daiteke, baina gure kasuan kultura adierazpidea eta agerbidea da: alde batetik sentimenduak, ideiak, egoerak eta gauzak adierazteko erabiltzen den adierazpidea da; eta beste aldetik Herri batek bere burua ezagutzeko eta, kanpora begira, beste komunitateek identifika dezaten erabiltzen den agerbidea da.
F) Euskal kultura, gainerako kulturak bezala, komunitate batek partekatzen dituen erreferentzien multzo batek eratzen du eta euskal herritarrok euskaraz gain kultura-erreferentzia eta sentimendu ugari partekatzen ditugu (Herri bereko partaide izatearen sentimendua, adibidez).
2. Kontzientzia nazionala oso eskasa delako:
A) Euskaldun asko erdaraz ari dira inolako kezka edo kontraesanik sentitu gabe;
B) Erdaldun askok ez du euskara ikasteko premiarik sentitzen;
C) Hego Euskal Herrian jende askok “hemen Espainian”, “Madrilera etorri da”, “maila nazionalean”, “errepide nazionala” eta antzeko adierazpen politiko espainiarrak egiten ditu ezer arrarorik sentitu gabe; edo “este auto (zapatak, garbigailua …) es de fabricación nacional” Espainiakoa denean, adibidez; eta baita “Frantziara noa”, Donibane Lohizunera doanean;
D) Gainera, orokorrean, Espainiako eta Frantziako “txokoak” edo erreferentziak Euskal Herrikoak baino hobeto ezagutzen dira askotan; badakigu non dagoen Huelva (1200 kilometrora) baina ez dakigu non dagoen Atharratze herria, adibidez;
E) Jende ugarik lasai asko kontsumitzen ditu komunikabide espainolak edo frantsesak eta irakurtzen dituzte egunkarien “nacional” izeneko orriak aparteko egonezina edo barne mina sentitu gabe;
F) Ez dugu gure historia ezagutzen eta ez gara saiatzen gure historiatik ikasten; ildo horretan, ez zaio aparteko garrantzirik ematen euskal nazioa erabat zapalduta eta eskubiderik gabe egoteari, hau da, kulturaren ikuspegitik politikoki esklaboen pare egoteari;
G) Ez dugu kirol-selekzio nazional ofizialik; ez dugu liburutegi edo museo nazionalik; ez dugu izaera nazionaleko unibertsitaterik; ez dugu ballet nazionalik; ez dugu irrati edo telebista nazionalik; eta orokorrean ezta ohiko Estatu batek dituen gainerako erakunde nazionalik ere.
H) Ez dugu finkatutako himno edo ereserkirik eta, kasu batzuetan salbu, denok onartzen dugun sinbolo bakarra (ikurrina) erabiltzeko lotsatuta agertzen gara.
3. Kontzientzia nazionala oso eskasa delako une honetan ez dago Katalunian bezalako prozesu independentistarik (ezta Kataluniarrei emandako benetako sostengurik ere) edo ikuspegi nazionaletik independentziaren aldarrikapenari lehentasuna ematen dion alderdi, gizarte mugimendu edo elkarterik. Gizarte arazo ugari (estatuen erakundeek, alderdiek eta elkarteek beti gogorarazten digute euskaldunok arazo sozialak bazterrean uzten ditugula) gure erakunde politikoen jardueraren muin izaten dira eta gai nazionalak hamaika errebindikazio sozial eta humanitarioen artean galtzen dira nahas-mahas batean. Erakunde eta politikari espainiarrek eta frantziarrek horretara bultzatzen gaituzte etengabe eta ildo horretan helburu garbia dute: gure konplexuez baliatuta, nazio-gaiak bazter ditzagun, gure indarrak horien konponbideetan xahu ditzagun edota gai nazionalei arreta gutxiago jar diezagun saiatzen dira. Espainiar politikari eta erakunde horien kasuan, ez dute esaten eta ezkutatu egiten dute Espainian arazo horiek askoz ere handiagoak direla, langabezia eta generoko bortxa kasu. Horren aurrean, irmo esaten dugu gai nazionala gai soziala ere badela; eta ustez arazo sozialez soilik kezkatzen diren horiei (Euskal Nazioaren gaia baztertuz baina Espainiakoari edo Frantziakoari eutsiz) garbi esaten diegu Herri edo Nazio baten identitatea gai soziala dela, eta burujabetzarik ez dagoenean, Herri baten gai sozial nagusia horixe dela.
4. Kontzientzia nazionala oso ahula delako ez dugu indarrean jartzen Euskal Curriculuma: ingelesa ikasten dute gure ikasleek (oso ongi!), baina euskara jakin gabe edo maila onargarria lortu gabe kasu askotan (oso gaizki!). Ez dugu taxutzen epe ertain eta luzerako egitura ekonomikoa, gure egoerari egokituta eta gure beharrei erantzungo lieekena. Ez dugu benetako kontrol publikoa izango lukeen finantza erakunde nazionalik. Ez dugu euskal kultura, ezagutza eta teknologia lantzen dituen euskal unibertsitate publikorik (euskaraz diharduena), nazionala eta aldi berean munduari irekita izango dena, nahiz eta azken boladan aire berriak egon. Ahulduta gaude eta ez gara gai globalizazioaren erronkari aurre egiteko. Ezgai gara halaber nazio-gabetze edo espainiar edo frantziar asimilazio prozesuari aurre egiteko.
5. Kontzientzia nazionala oso ahula delako, bestalde, ez dugu asmatzen immigrazioari irtenbide duina eta euskal gizarte eta kulturarentzat kaltegarria ez den konponbidea emateko (orokorrean Espainian eta Frantzian integratzen ari dira etorkinak, ez Euskal Herrian). Guk ez ditugu, orokorrean, Estatu batek dituen baliabideak etorkinak behar den bezala integratzeko, zoritxarrez. Halere, tresna paregabea dugu etorkinak gure Herrian txertatzeko: euskara. Izan ere, euskaldun bihurtzen den etorkina gutarra da, gure komunitate nazionalaren partaidea, bere azal-kolorea, erlijioa, jaiolekua edo ideologia dena delakoa izanda ere. Edonola ere, bizi garen onkeriaren eta umekeria politikoaren ondorioz, integrazio linguistikoa, tamalez, ez dago gure klase politikoaren lehentasunen artean.
6. Kontzientzia nazionala oso ahula delako, komunikazio alorrean ere ez dago kontzientzia nazionala lantzen duen telebista, irrati, prentsa edo komunikazio-talderik. “Catalunya Radio” (“Kataluniako irrati nazionala”) edo “vilaweb.cat” kazeta digitala jarraitzea besterik ez da egin behar esandakoaren errealitate gordina ikusteko. Irrati eta kazeta horietan independentziak eta nazio gaiek osatzen dute ildo informatiboaren ardatza. Gurean, aldiz, “sano regionalismoa” praktikatzen da gehienean Hego Euskal Herriko telebistetan, irrati eta prentsa idatzietan eta edozein gaik, bertakoa edo kanpokoa izan, agerpen handiagoa dauka gai nazionalak baino. EAEko EITBk euskara landugabea eta kultura mestizaia basko-espainiarra praktikatzen ditu: esatari ofizialek Iparraldekoek ulertzen ez duten euskara ez batua erabiliz eta euskaldun kontinentalek espainiar bezala ezagutzen dituzten kulturaren espresio moldeak gureak balira bezala plazaratuz, sarritan. Salbuespenak salbu, gure komunikazio sarea Espainiakoaren zatia da Hego Euskal Herrian eta Frantziakoarena Euskal Herri kontinentalean (Espainiako eta Frantziako politikari eta kirol profesionalari ematen zaion garrantzia horren lekuko da; eta baita Frantziako eta Espainiako erreferentziek programazioetan hartzen duten aparteko garrantzia ere).
7. Kontzientzia nazionala oso ahula delako, inor gutxi kezkatzen da dugun jaiotze-tasa baxuaz edo demografia-arazoaz. Horren froga da ez dagoela jaiotze tasaren hazkundea eragingo lukeen plan estrategikorik eta gaia plazaratzeko zailtasun ideologiko asko daudela. Emakumeen berdintasunaren inguruan gertatzen diren eta beharrezkoak diren errebindikazioetan indar gutxi daukate amatasunaren laguntzan zentraturiko arau legalen hobekuntzek. Amatasunean laguntzeko dauden planek gabezia handiak dituzte eta ez dituzte behar bezala laguntzen emakumeak, ez maila pertsonalean, ez profesionalean ez eta alor ekonomikoan ere. Lan-alor publikoan zerbait egiten da, baina alor pribatuan eta lan sozialaren alorrean hutsuneak ikaragarriak dira. Politika nazionalaren ikuspegitik gai hori oso garrantzitsua da; demografiak izugarrizko garrantzia du nazio txiki baten bilakaeran, eta baita biztanleriaren leku-aldaketek ere. Gogoan izan inperioek eta inperialistek populazio-mugimenduak erabili izan dituztela askotan, baita Euskal Herrian ere Herri naturalak eta nazioak suntsitu eta desagerrarazteko. Bide batez, oso kezkagarria iruditzen zaigu pairatzen dugun behartutako diaspora berria: gure gazte heziak eta kualifikatuak atzerrira joaten dira edo bidaltzen dira lan bila, Euskal Herrian ez dutelako; giza odoljario horrek ondorio larriak izango ditu gure etorkizunean. Salatu beharreko modukoa da gure klase politikoak fenomeno larri horren aurrean duen axolagabekeria.
8. Kontzientzia nazionala oso eskasa delako ekologiari lotutako gaiak ere ez dira aztertzen ikuspegi nazionaletik. Gai horiek osasun eta ingurumenaren aldeko ikuspegitik ez ezik, nazio ikuspegitik ere aztertu beharko lirateke eta azterketa horietan, besteak beste, energia-burujabetasunak eta errepide- eta tren-sareek Euskal Herriko barne batasunaren eraketan izan beharko luketen zeregina landu beharreko gaiak izango lirateke; Nafarroa Garaia eta Nafarroa Beherea, adibidez, gaurko mugikortasunaren ikuspegitik komunikatu gabe daude.
9. Kontzientzia nazionala oso eskasa delako konplexu izugarriak ditugu eta Euskal Herrian joera mesianiko handia dago (San Frantzisko Xabier eta San Ignazio horren lekuko garbiak dira: sublimazio-ariketa metafisiko ikaragarria eginez, etxea galdu eta gero mundua konpontzeari ekin zioten biak ala biak, garaileak eta galtzaileak) eta, askotan, mesianismoa eta onkeria politikarekin nahasten dira umekeria politiko bihurtuz. Munduko arazo guztiak konpondu nahi ditugu. Iraganean bezala, orain ere gure gazteek eta ez hain gazteek munduari eredua edo adibidea eskaini nahi diote eta “misiolari” lanetan murgiltzen dira zuzenean. Batzuek mundua iraultzea nahi dute eta besteak “gobernuz kanpoko” espainiar edo frantziar erakundeetan murgiltzen dira, erakunde horien aintza eta loriarako. Eta hori guztia bizi garen etxearen jabe izan gabe eta gure etxeko arazoak konpondu gabe utzita: “kanpo lore etxe kalte” dio esaera zaharrak.
10. Kontzientzia nazionala oso ahula delako harreman gutxi dago Europako gurea bezalako estaturik gabeko beste nazioekin (Gales, Eskozia, Katalunia, Flandria, Frisia, Korsika, Galizia, Hego-Tirol…..). Batzuek “Inter-nazionalismoa” aipatzen dutenean “Inter-estatalismoa” esan nahi dute, nazioarteko harremanak gugandik oso urruti (geografia eta soziologiaren aldetik) dauden Estatuekin egiten baitituzte: Kuba, Venezuela, Nikaragua, Palestina…
11. Kontzientzia nazionala oso ahula delako gure klase politikoak Estatu berria sortzeari ematen dio lehentasuna, ematen dionean, nazioaren garrantzia gutxituz edo hartaz axolagabe azalduz. Hori dela eta Txillardegiren eredu ezkorrenaren ideia, “Irlandako eredua”, gero eta gertuago sumatzen dugu. Irlandan, estatua lortu zuten, baina Nazioa galdu. Horrenbestez, guk ez dugu onartzen gure Nazioa baztertzea balizko estatua lortzeko.