ANNEKE ETA MAIGRET

Jose Mari Pastor

2024-07-13an, BERRIAn.

Bretoiera eskolatik kanpo ikasi; ikastetxean, ez. Horixe adierazi du Marine Le Penek Ouest-France egunkarian. Bretainiako hedabideak eginiko elkarrizketan argi azaldu du «hizkuntza erregionalei» buruz zer iritzi duen: «Gure ondarearen partea dira, baina Errepublikaren hizkuntza frantsesa da».

Ikuspuntu hori Jean-Luc Melenchon jaunarena bezalakoa da, diferentzia batekin, funtsean ezer gutxi aldatzen duena: politikari ezkertiarrak ez du arazorik Frantziako hizkuntza erregionalak eskola publikoan irakasteko, baldin eta hautazkoak badira. Hori kenduta, Le Pen bezain irmo ageri da Melenchon. 2022ko presidentetzarako bozen kanpainan hizkuntza horien estatusari buruz galdetu zioten. «Koofizionaltasuna ematea estatu modernoaren eraikuntzan ia bost mende atzera joatea izango litzateke», erantzun zuen gure heroi berriak. Euskara soilik aukerakoa eskola publikoan; administrazioan ez; koofizialtasunik ez… Espainian alderdi batek eskatuko luke hori guztia ozenki: Voxek.

Fronte Popular Berria RN Batasun Nazionalari nagusitu zaio. Pozik gaude, baina… Faxismoa geldiarazteko, elkartasuna eskatu digute beti. Botoa ematen ez badiegu, aurrera egingo dute piztiek eta gure errua izango da. Xantaia emozional bikaina. Eta guk onartu egiten dugu. Beharko! Nolatan izango gara faxismoaren garaipenaren konplizeak? Eta gero? Deus ez, arlo nazionaletik bederen. Noski, beti izango da okerragoa Parisen RNk agintzea. Hala ere… Le Pen faxista eta Melenchon komunista arras desberdinak ditugu arlo guztietan, batean izan ezik: biek uste dute frantsesak izan behar duela Errepublikaren hizkuntza ofizial bakarra. Besteak erregio-mintzairak dira. Patois folklorikoak. Frantzia ez da Belgika hizkuntzen eremuan.

Henri Gregoire-k, Gregoire apaiza izenaz ezagunak, 1794an esan zuenez, hexagonoan hiru milioi lagunek baino ez zuten frantsesa lehen hizkuntza moduan. Herritar guztien %12 ziren, besterik ez —orduan 28 milioi biztanle inguru zituen Frantziak—. Gainontzeko herritarrek beste hizkuntza bat zuten etxean: euskara, katalana, bretoiera, okzitaniera… Bestalde, sei milioi lagunek ez zekiten frantsesez; beste sei milioi ozta-ozta moldatzen ziren oinarrizko elkarrizketa bat izateko. Halakoxea zen egoera duela bi mende pasatxo. Horrek ez dio ardura Melenchon jatorrari, baina. Hark 500 urte egin du atzera frantsesaren nagusitasunaren jatorria azaltzeko. 1794an populazioaren %12k zuten frantsesa lehen hizkuntzatzat. Zenbat izango ziren bi mende eta erdi lehenago? %10?  %8?

«Askatasunaren hizkuntza» frantsesa zela esan eta hura «baliabide guztiak» erabiliz hedatu beharra aldarrikatu zuen Gregoire apaizak. Errepresioa hasi zen. Estatuak beste hizkuntzen kontra egin zuen askatasunaren izenean, milioika herritarren eskubideak zapalduz. Prozesu historiko jakin baten biktimak izan ginen. Bi mendean hori baino genozidio linguistiko handiagorik izan da Europan? Hain azkarra? Ez pentsa atzera egingo dutenik eragindako kaltea konpontzeko. Argudio praktiko bezain zinikoa dute gaur: «Zuek ere badakizue frantsesez. Zergatik galduko dut orain denbora euskara ikasten?». Hegoaldeko kolono eta kolonizatu ugarik ere berdin antzean pentsatzen dute espainiera eta statu quo-a defendatzen dituztenean.

Georges Simenon belgikarrak 1962an idatzi zuen Maigret et le clochard. Eleberrian flandriar gazte bat dago hilketa susmopean. Haren emazteak nederlanderaz baizik ez daki. Frantsesez, agurrak ulertzen ditu Annekek. Besterik ez. Hogei urteko zenbat euskaldun zeuden Euskal Herrian 60ko hamarkadan, espainieraz adiós eta frantsesez au revoir esaten baino ez zekitenak? Maigret komisarioak itzultzaile jarduteko eskatu dio senarrari. Izan ere, Belgikan frantsesa ofiziala bada ere, nederlandera eta alemanarekin batera, flandriarrak lasai bizi daitezke sorterrian askatasunaren hizkuntza delakoaz egiten jakin gabe. Frantsesa ez da ofiziala han. Le Penek ez luke hori hemen onartuko. Melenchonek ere ez.