Publikatu genuen artikuluaren 1. zatia, hemen: https://www.naziogintza.eus/autodeterminazioa-nazio-guztien-eskubide-unibertsala-1-zatia/
HAGAKO NAZIOARTEKO JUSTIZIA AUZITEGIAREN EPAIA (2010ean):
2008an Kosovok aldebakarreko independentziaren aldarrikapena egin zuen. Serbiak nazioarteko auzitegietara eraman zuen auzia, eta Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegiak epai historiko bat eman zuen, 2010ean.
“Nazioarteko zuzenbideak ez du debeku zehatzik independentzia-adierazpenei dagokienez. Horrenbestez, Kosovoren 2008ko independentzia-aldarrikapenak ez du nazioarteko zuzenbidea urratzen”
Hots, nazioarteko zuzenbidean ez dago inongo legerik aldebakarreko independentzia debekatzen duenik. Hiru baldintza bete behar dira, ordea, onartuak izateko: erakunde demokratikoek egin behar dute (parlamentuak, esaterako), biolentziarik gabe, eta metropoliak behin eta berriz uko egin behar die elkarrizketari eta akordioari.
Azpimarratu behar da gaur arte Kosovok oraindik ez duela egin inongo autodeterminazio-erreferendumik. Parlamentuak independentzia aldarrikatu zuen eta erreferendumik gabe gauzatu zen.
Europan ez dago inongo arautegirik aldebakarreko independentziaren aldarrikapen baten aurrean zer gertatuko den zehazten duenik.
Erreferentziak:
https://elpais.com/internacional/2010/07/22/actualidad/1279749602_850215.html
https://web.archive.org/web/20100821072303/http://www.icj-cij.org/docket/files/141/16012.pdf
NAZIOARTEKO ORDENAMENDU JURIDIKOTIK ETA PRAXI POLITIKOTIK HARTUTAKO HAINBAT IDEIA, AUTODETERMINAZIOAZ ETA INDEPENDENTZIAZ:
1.-) Nazioartean onartua izateko, prozesu independentista batek demokratikoa izan behar du, ez du indarkeriarik erabili behar eta giza eskubideak errespetatu egin behar ditu.
2.-) Europak ez du prozesu independentista bat bultzatuko, baina, pragmatikoa denez, berregokitze juridikoa bilatuko du bukatutako bereizte-prozesu baterako, betiere modu demokratikoan egiten bada.
3.-) Independentzia-aldarrikapen guztiak planteamendu faktiko batetik sortzen dira: lehenik aldarrikatu egiten dira, eta gero eztabaidatzen dira politikoki.
4.-) Nazioarteko legelarien iritzia eta Espainiako legelariena ezberdinak dira: Europan uste dute zuzenbidea errealitate politikora moldatu behar dela, eta Espainian alderantziz. Hots, Europan uste dute zuzenbideak ez duela arazo izan behar, arazo baten konponbidea baizik.
5.-) Europa osoan azkeneko hamarkadetan izandako bereizte-prozesu guztiak erakundetutako lurraldeetan eman dira.
6.-) Autodeterminazio-erreferenduma irabazteko, independizatu nahi duen gobernuak antolatu behar du (horrelakoetan, kasu gehienetan irabazten da).
7.-) Herrigintza eta Naziogintza sendotu behar dira Estatugintza burutu ahal izateko. Kontzientzia nazional ahula duten Herriek nekez abia dezakete independentzia-prozesu bat.
8.-) Bereizte-prozesu batean ia beti, lehenago ala geroago, desobedientzia zibila planteatu behar da.
9.-) Autodeterminazioaz harago, bereizte-prozesuak beste bide batzuetatik ere lor daitezke: aldebakarreko bidetik, esaterako (Kosovo). Formula hori zilegi da, Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegiak ebatzi zuenez.
10.-) “Erabakitzeko eskubidea” ez da juridikoki existitzen. Autodeterminazio-eskubidea bai, baina nazioarteko legeria nahasia da eta legelari batzuen ustez koloniei soilik dagokie. Halere, praxi politikoak erakutsi du, koloniak ez ziren Herri askok, Europan bertan, autodeterminazio-eskubidea gauzatu dutela.
INDEPENDENTZIA-PROZESUAK. ERREPASO HISTORIKOA:
1.-) Hasteko egiaztapen bat: independentziaren prozesu gehienak, Europan, ez dira adostuak izan (Txekia eta Eslovakia, alde batetik, eta Montenegro bestetik, dira salbuespenak)
2.-) 1990etik independentziari buruzko 22 erreferendum lotesle burutu dira, eta 6 soilik izan dira adostuak.
3.-) Independentziari buruzko erreferendumak egin dira azken 30 urteotan Europan sortu diren estatu berrietan. Kasu gehienetan, erreferendumak parlamentuek independentzia aldarrikatu ondoren egin dira (Lituanian, Estonian, Letonian, Ukrainan, Georgian, Kroazian…). Bi kasutan, soilik, lehenik erreferenduma eta gero independentzia (Eslovenian eta Montenegron). Kosovo da salbuespena, bertan ez baita erreferendumik antolatu.
4.-) Nazioarteko onarpena ezinbestekoa da independentzia gauzatu ahal izateko (lurraldearen kontrolaz gain). Horrek esan nahi du nazioarteko harremanak landu behar direla independentzia aldarrikatu aurretik (Euskal Herrian lan hori zintzilik dago). Praktikan, AEBek edo Errusiak onartzen baldin badute estatu berria, honek urrats handia egiten du nazioarteko “homologazioa” lortzeko. Interes politikoek eta geo-estrategikoek, zalantzarik gabe, zeresan handia dute estatu berri baten onarpenean. Nazioarteko onarpena lortzen ez baldin bada, estatu berria “sasi-estatu” bihurtzen da (adibideak, Hego Osetia eta Abkhazia -Georgian- eta Somalilandia -Somalian-). Beste estatu batzuek onarpen zabalagoa dute, baina ez daude NBEn: Kosovo, Palestina, Sahara….
5.-) Independentziaren aldebakarreko aldarrikapenak ez dira ilegalak, Hagako Nazioarteko Justizia Auzitegiak, 2010ean Kosovoko kasua aztertu ondoren esan zuen bezala.
AUTODETERMINAZIO-ESKUBIDEA VERSUS ERABAKITZEKO ESKUBIDEA:
1.-) AUTODETERMINAZIO ESKUBIDEA
1.1.-) Nazioarteko ordenamendu juridikoan jasota dago.
1.2.-) Legelari ugarik esaten dute bi kasu hauetan soilik aplika daitekeela: A) Kolonia baten kasuan (zer da kolonia? litzateke hurrengo galdera) eta B) Diktadura baten pean dauden Herrientzat, egoera ez-demokratiko batean daudenetan alegia. Beren kultura- eta politika-eskubideak zapalduta dituztenetan. (Horren arabera, esaterako, Hego Euskal Herriak autodeterminazio-eskubidea izango zukeen Francoren diktadurapean, baina orain ez. Bitxia benetan.)
1.3.-) Kanadako Auzitegi Gorenak 1999an ez zion Quebec-i autodeterminazio-eskubidea aitortu, baina bereizteko zilegitasuna bai, “gehiengo esanguratsu batek” hala eskatuz gero, printzipio demokratikoan oinarrituta. Hala sortu zen “erabakitzeko eskubidea” termino politikoa. Quebec-eko gobernuak, halere, autodeterminazio-eskubidea defendatzen jarraitu zuen.
2.- ERABAKITZEKO ESKUBIDEA:
2.1.-) Ez da existitzen nazioarteko ordenamendu juridikoan.
2.2.-) Harreman estua du “printzipio demokratikoarekin”. Lurralde-gatazkak bideratzeko modu demokratikoa da, Quebec-en ikusi zen bezala. Erregimen demokratikoetan soilik plantea daiteke (Quebec, Eskozia…)
2.3.-) Funtsean, zera esan nahi du: demokrazia batean Herri batek estatus zehatz bat eskatzen badu, hori onartu egin behar dela, printzipio demokratikoetan oinarrituta.
2.4.-) “Erabakitzeko eskubidea” defendatzen dutenak ez dira sartzen beste eztabaida batzuetan (erreferenduma egin nahi duen Herria kolonia den ala ez, Herria zapaldua dagoen ala ez…). Herritarren erabaki demokratikoak onartu behar direla aldarrikatzen dute soilik.
SINTESIA:
NAZIOGINTZAn uste osoa dugu Euskal Herriari, nazioa den heinean, autodeterminazio-eskubidea dagokiola. Baina ez gara gelditzen autodeterminazio-eskubidearen defentsan: harago goaz, eta autodeterminazio-eskubidea gauzatzea exijitzen dugu. Gauzatzeko ariketa hori, bestalde, posible den lurraldeetan egitearen aldekoak gara, eskubide horren egikaritzapena erraztuko duten gehiengo politikoak dituzten Euskal Herriko eremu politikoetan egitearen aldekoak, alegia.
Ez da egia autodeterminazioa koloniei soilik dagokiela. Kanadaren kolonia al da Quebec, autodeterminazio-erreferendumak bitan antolatu dituena? Erresuma Batuaren kolonia al da Eskozia? Galdera bera egin daiteke azken 30 urteotan Europako ekialdean independentzia eskuratu duten estatu berriez… Koloniak al ziren? “Ur gaziaren” printzipioa bete al zuten? Inola ere ez.
Ez dugu egokitzat jotzen kontzeptu berriak sortzea finkatuta eta sendoak diren kontzeptuak ordezkatzeko. “Erabakitzeko eskubidea” ez da existitzen nazioarteko ordenamendu juridikoan. Lurralde-gatazkak bideratzeko NBEk aspaldi onartu zuen autodeterminazio-erreferendumak zirela tresna egokienak, demokratikoenak eta hoberenak. Euskal Herriak Espainiarekin eta Frantziarekin duen gatazka historikoa autodeterminazio-eskubidea egikaritzearekin soilik konponduko da modu demokratiko eta zibilizatuan.
Inozoak ez gara, ordea. Ondo baino hobeto dakigu espainiar estatuak eta frantziar estatuak benetako demokraziari alergia diotela. Nekez onartuko dutela noizbait Euskal Herriko edo Kataluniako autodeterminazioa. Horrenbestez, aldebakarreko bidea eta desobedientzia ezinbestekoak izango dira une egokia iristen denean, abagune bat dugunean alegia. Bien bitartean, segi dezagun lurra lantzen naziogintzaren bidez.