AUTOPSIARAKO FROGAK. ARTSENIKO AZTARNAK GURE HIZKUNTZAN.

EDURNE ALEGRIA AIERDI.

Izenburua irakurri ahala liburuaren kutsua edo tonua mingots bezain zorrotza izango dela ohartzen gara, Koldo Izagirreren ohiko estilo berezian. Baina kasu honetan, helburu zehatz bat dauka: euskararen egoera soziolinguistikoa azaltzea historian zehar gaurdaino (liburua 2010ean idatzia da, halere ez du gaurkotasunik galdu). Bide batez, hizkuntzei buruz ditugun uste eta aurreiritzi ustelak uxatuz, gure mintzaira dagokion tokian ezartzen saiatzen da, Etxepare handiaren “Euskara habil mundu guzira” hitzoi erreplika emanez.

Biziduntzat hartzen du hizkuntza, autopsia egin ahal zaionez, alta, hiltzeko zorian dago eta hilketa horren arrazoiak azaltzen dizkigu zehatz-mehatz, arrazoi historikoak, politikoak, sozialak, ekonomikoak, artseniko-aztarnak bailiran, hots, hilgarriak.

Hamaika kapitulutan banatzen du liburua eta kapitulu bakoitzean hainbat azpiataletan aletzen ditu bere burutazioak, bakoitzari izenburu bat emanez gaiaren arabera: “Bat zigortu, bost beldurtu”, “Euskaldunaren bakardadea” “Abertzaletasuna” “Agustin Etxeberriren izerdiak” eta abar luze bat. Atal bakoitzaren azpian, burutazio horiek oinarritzen diren bibliografia zehatza bezain zabala eskaintzen digu, dokumentazio-lan bikaina, zinez.

Lehen kapitulua. Itoan eta baztertua bizi den hizkuntzaren hiztunak badu mintasun bat barruan (11) hitzokin ematen dio Izagirrek hasiera bere jardunari; eta Kirmen Uriberi entzundakoak datozkit gogora: “Hizkuntza hegemonikoen hiztunek ez dakite zer den euren mintzaira hil ala biziko den beldurrez bizitzea”; baita ere Enric Larreula idazle kataluniarraren Dolor de Llengua liburua, non azaltzen dituen hizkuntza gutxituetako hiztunok sentitzen ditugun min-klase askotarikoak.

Gizaldietako lana izan da euskara euskaldunon burmuinetatik desagerrarazteko grina, zigorra eta umiliazioa erabiliz: aski dugu gogoratzea eskoletan erabilitako “eraztuna” bezalako praktikak Eraztunaren helburua ez zen… gaztelania ikasaraztea, baizik eta euskaraz ez egitea (22), diosku Koldok. Hori gutxi balitz, eraztunaren erabilerak badu beste helburu bat, ezkutukoa, luzerakoa, izuarekin batera gorrotoa sortzen denez zigorra bitarteko: eskolako hizkuntzaganako aiherkundea, kulturaren ukoa (24). Eta azkenik gaztelaniaren inposaketaren ostean asimilazio politiko-ekonomikoa dago. (24)

Alabaina, egoera horren erantzuleak nortzuk dira? Geurea omen da errua, geuk abandonatu (izan) dugu hizkuntza (35). Eta honek Joxe Antonio Artzeren esaldi famatua dakarkit burura: “Hizkuntza bat ez da galtzen ez dakitenek ikasten ez dutelako, dakitenek hitz egiten ez dutelako baizik”. Iruditzen zait esaldi hau, bere horretan zuzena izan arren, oso kaltegarria izan dela. Alde batetik, errua euskal hiztunoi egozten zaigu bakarrik, kontuan hartu gabe, hain zuzen, Koldok aipatzen dituen hainbat eta hainbat arrazoi, bestetik, lasaitasun ederra ematen die espainol elebakarrei eta, batez ere, gure erakundeetako arduradunei euskara berreskuratzeko neurriak hartzerako eta arauak finkatzerako orduan.

Bigarren kapituluan, Koldok hainbat izen zerrendatzen dizkigu, historian zehar euskararekiko izan duten jarrera edo iritzia azalduz: euskara babestu eta euskaraz idazteko ahalegina egin dutenen artean Juan de Beriayn (37), Joanes Etxeberri (38), Joan Claveria (38), Etxepare (38), Aizkibel (44), Paulo Ulibarri (45), Iztueta (47), Agustin Pascual Iturriaga (41), Luis Astigarraga (43), Kanpion (48), Aranzadi (49), Eleizalde (51), Manterola (57), Miguel Muñoa (58) aurkitzen ditugu beste askoren artean, eta euskararen aurreneko medikutzat Larramendi aipatzen du, euskara gaixo zegoela jakinarazi zigun, oinpean ibilita belztua (40). Beraz, ezin daiteke esan aurreko gizaldietan euskarak defendatzailerik ukan ez duenik. Eta galdera da: zergatik ez du ezagutu inguruko hizkuntzen prozesu bera?

Argi dago XX. mende arte euskara herri xehearen hizkuntza izan dela, euskaraz: baserritarra, zurgina, errementeria, eskekoa. Gaztelania: administratzailea, jauregiko lagunak, abokatua, medikua, apeza, ahaideak (53), eta jauntxo sasi-euskaldunen euskararen erabilera maiz hierarkia sozialak markatzeko da (49 -54), era horretan euskarari hizkuntza kultua eta batua izateko aukera ukatu zaiolarik.

Hirugarren kapituluan ikusten dugu euskararen aurkako gurutzada horretan hizkuntza, politikarekin lotzeko beharra: Escribir en vasco sin previo aviso, es ya un desacato a la unidad de España (Tribunal de Orden Publicoko fiskalak esandakoa 1963ko apirilaren 4an) (63). Garai bakoitzean aurkitzen dugu arrazoi bat euskara baztertzeko: Orain, demokrazian, terroristen [hizkuntza delako]. Aspaldi gabe, diktaduran, separatistena. Altxamendu Loriosean, Jainkoaren etsaiekin bat eginiko Espainiaren etsaiena. Lehenago, errepublikan, harpetarrena, kabernikolena (64). Eta gaur egun ere aurki dezakegu horrelako arrazoiketarik, adibidez, Itxaro Bordaren poemaren batean (hitzak, aditz trinkoak / eta espazioa zein denbora / egiaztatzen dizkidaten / deklinabideak / ukatzear geratu naiz. “Llorando” 130. or. Madrileko 2006ko atentatuen kari) edo Jon Juaristirengan, zeinak uko egin baitzion euskara erabiltzeari ETAren jarduera zela-eta.

Egunotan, demokrazia beraren izenean berkolonizatzeari ekin diote (66). Lehen salbaiak ginen, edukazio gutxikoak eta orain ez-demokratak, euskara mintzatuz xenofoboak bilakatu gara, etnizistak, komunitaristak. Orain ulertzen dut gure agintariek behin eta berriz pluraltasuna, kontsentsua eta antzeko ideiak herritarrengan txertatu nahi izatea! Agian, urrunegi joan gara gure hizkuntza “inposatzeko” orduan, eta horregatik Casado jaunak hizkuntza-lege berri bat proposatzen du espainola babesteko eta askatasuna bermatzeko… Juan Carlos erregeak ondo baino hobeto aldarrikatu baitzuen: “Nunca fue la nuestra lengua de imposición, sino de encuentro; a nadie se le obligó nunca hablar en castellano: fueron los pueblos más diversos quienes hicieron suyo, por voluntad libérrima, el idioma de Cervantes.” (Cervantes sarian zeremonian esana 2001-04-23), Izagirrek gogoratzen digun legez (68).

Aitzina doa gure idazlea, eta laugarren kapituluan gogorarazten digu hizkuntzari bizia bermatzen dion multzoak lurralde bat behar duela, hots, euskara entzun eta ikusgarri izanen den geografia politiko bat (75). Burutazio hori lot dezakegu beste ideia honekin: hizkuntza bat galdu egiten da nonbaiten bizitzeko beharrezkoa ez bada.

Erdarak errealitatea estali, baztertu eta suntsitzen saiatzen den denbora berean, euskaldun berriek apurtu egiten dituzte mugak, oasiak sortzen dituzte basamortuan (79), hemen Koldok, 1960. eta 1970. hamarkadetako Gabriel Aresti, Oskorri, Xabier Gereño, Maskarada antzerki taldea, lehenengo ikastola modernoa ekartzen ditu harira. Are gehiago, non egiten den euskaraz, han dugu herri bat, euskal herri bat (75).

Baina, Gaza txipi ugaritan gaude zipriztinduta euskaldunok (94) eta ghettorako joera arriskutsu horrek (Aingeru Epaltza 95) agerian uzten du Hiria dugula eskas, nukleo gotor bat, kultur kontsumoa bideratuko lukeena berbarako (94).

Lurraldetasun barreiatu horretan, euskararen unibertsaltasuna aldarrikatzen du Izagirrek, hizkuntza murriztuak kultura murritza sortzen duela uste du anitz ustetsuk Kontestu txikiko kultura munduan txertatuta ez balego bezala (84). Idazleak Orixe dakarkigu orriotara, 1950ean Ameriketara doalarik berarekin daramana ez da lurra… euskara darama kolkoan, eta euskarak mundua du gai (86). Orixe eta Otañoren ildoari jarraikiz, hain zuzen, 2018an New Yorkera joan aurretik galdetu ziotenean zer eramango zuen ozeanoz bestaldera, Kirmen Uribek hauxe erantzun zuen: “Familia eta euskara”.

Lerroz lerro aurkitu dudan esaldi-sorta hau dakart hona euskararen eta hizkuntza ororen unibertsaltasun-gaitasunaren froga gisa: Euskarak handitu egiten du Euskal Herria – Euskara mundua interpretatzeko tresna dugu – Hizkuntzak, euskara murriztu honek, egiten gaitu unibertsal – Ez gara territorialak, gure territorioa euskaraz egin litekeen edozein gerizpe da – Non da lurrari herri esan geniezaiokeen lekua? – (90, 91).

Bukatzeko, hona hizkuntzak espazioarekin duen harremana irudiztatzen duen Koldoren gogoeta esanguratsu bezain poetikoa: Euskara itzaltzen ari da eta poetak munduaren ederra kantatzen du euskaraz. Erresistentzia modu bat, leku inposibleak egokitzen hizkuntzari (91), “itzaltzen” aditzak heriotzaren hurbiltasuna edo arriskua gogora dakarkigun bitartean.

Bosgarren kapituluan, autopsiagileak ziztagailua sartzen dio hizkuntza gorpuari. Eta hara, non azaltzen den elebitasuna hilkortasun frogatzat!

Konparaketa bat erabiliz laburtzen du Koldok elebitasunak berarekin dakarren egoera soziolinguistikoa: Oker handirik gabe esan genezake esklabotzaren abolizioan jokatu zen antzerki bera dela elebitasuna: libre izendatu zaituen nagusiarena jarraitzen du izaten lurraren jabegoak: Horrelaxe izendatu zaitu bilinguistak pareko, zure hizkuntza legezkotzeak ez dituelako ezertan higatzen bereak aspaldian hartuak dauzkan pribilegioak (97).

Eta banan-banan aletzen ditu bilinguistaren ezaugarriak: elebakarra da askotan; tolerantea da; badaki… edo segurtasun intuitiboa dauka bere hizkuntza dela subjektu soziala; boterearen banaketaren isla da: status quo diglosiko honetan berton ikusten du menderatuaren kidetasuna, lehen-kide-tasuna (97).

Legeak (momentuz) ahalbidetzen duen elebitasunak multzo linguistiko berri bat sortu du: irakaskuntzako eta administrazioko milaka kargulanteak zeinak hizkuntza jakin dakite, ez dira euskaldunak, ez dute euskara sufrimendu eta harrotasun (101)… euskaldun izatearen atarian gelditu dira sartu gabe… euskara dakien multzoaren zati dira… euskara morroituaren adibide personifikatua (102).

Hemen Izagirrek agerian uzten du garai bateko euskaldun berriek hizkuntzarekiko zuten jarrera (gorago aipatutako 1960. eta 1970. hamarkadetakoak kasu) eta multzo linguistiko berri horren artean: lehen euskaraz ikastea euskalduntzea zen… arraina ur bila zebilen, arraina uretan bezala bizi ahal izateko… orain hizkuntzaren irakaskuntza teknokratikoa nagusitu da (102, 103).

Legez inposatutako elebitasunak, hots —batak bestearen leku guztietan egon behar du (100)—, elebitasun autonomikoak, paradoxaz, autonomia ukatzen dio euskarari, menderazioa legeztatzen du (104). Eta egoera horri diglosia deritzo, non hizkuntza bat besteari gailentzen zaion. Gizarte-elebitasuna, hots, hizkuntza-parekotasuna lortzea gizarte mailan ez da posible, inoiz eta inon ez da ezagutu gizarte elebidunik. Badira bi, hiru, lau hizkuntza mintzatzen diren herriak, Suitza kasu, baina hizkuntza bakoitzak bere eremu geografikoa du, bakoitza elebakarra izaki (Genevan bizi ahal izateko frantsesa jakin behar da eta Zurichen, alemana).

Izagirrek, ahoan bilorik gabe, salatzen du hizkuntza bat bestearen zerbitzuan jartzeko tresneria dugula elebitasun ofiziala, urteetan nazionalistek zuzenduriko hizkuntza politikak sortua (111).

Kritika gordina eta zorrotza jaurtitzen die gerraurreko euskaltzale buruzagiei (Aitzol, Ibar), Lizardi salbuespentzat harturik: euskaltzaleek onartu egin dute euskararen ez- -unibertsaltasuna (115). Eta aurrerago: Politika bat indartzeko baliatu zuten euskara abertzaleek …. eta ez ziren gauza izan euskara bera politikoki indartzeko, ihes egin zioten betebehar historiko horri, gainetik kendu zuten herriaren lepora jaurtiz (116).

Gerra osteko egoera etsigarriaren eraginez, euskara suspertzeko nahia ikusiko dugu belaunaldi berriengan: Krutwig eta Txillardegi azaldu arte, euskaltzaleek “propaganda euskeristika” egiten zuten nagusiki. Gerraondokoek ekintza bitarteko propaganda egin zuten, politikan bezala hizkuntzan (120). Hona hemen Txillardegi beraren hitzak gai honi buruz: “Guk, orduko gazte abertzaleok, gure herriaren mintzabide bihurturik nahi genuen euskara. Hortxe sumatzen zen bi euskaltzale belaunaldien arteko etena” (119).

Gaur egungo egoera diglosikora itzuliz, Izagirre ez da ahots bakarra salaketa egiten, nahiz eta, nire aburuz, gutxi diren garbiki eta ozenki egoera hori azalarazten dutenak. Mari Jose Azurmendi soziolinguista, dugu horietako bat, orain dela gutxi irakurri diot BERRIAK eginiko elkarrizketa mamitsu batean: “Elebidun nahiz eleaniztun izan gaitezke norbanakoak, baina gizartea ez… Euskararen aukera uzten digute espainiera nagusi mantentzen delako”. Bide batez, elkarrizketa horretan irekitako parentesi interesgarri bat ekarriko dut hona: “Hemen esaten da gaztelania, baina espainiera da. Gaztelania edo castellano esatea inperialismoa disimulatzeko beste modu bat da; ni horren kontra nago erabat, ez dut behin ere erabiltzen gaztelania.” (BERRIA 2019-III-24a)

Ez dirudi salaketa horiek eragin handirik izan dutenik gure erakunde eta agintariengan, oraindik orain prentsan irakurri ahal izan dugunez: “EITBk plan estrategikoan jaso duenez, taldeak “aktiboki” jardungo du gizarte elebidun baten normaltasunaren alde…” (BERRIA 2019-III-26a), Koldok gogorarazten digunaren ildotik: diglosiaren defentsa patriotikoak erro luzeak ditu gurean (116).

Seigarren kapitulura iritsi ahala Elizarekin topo egiten dugu, eta Izagirrek diosku: Erromako Elizari utzi zion botere politikoak euskara… Eta apezek euskara indartu arau ahultzen ziguten hizkuntza gizarterako, gizaldirako (123). Euskara batua arbuiatuz, Erromako elizak indartu egin nahi izan ditu euskalkien arteko desberdintasunak. Axular, Larramendi eta Kardaberaz bezalako elizgizon eta idazleen iritziaren aurka Erromako Elizak… irmotu eta urrundu egin zituen dialektoak katiximak eta elizako liburuak euskalkietan eta azpi-euskalkietan inprimatuz: “divide et impera” (124), hainbesteraino, non Kardaberazek zera idatzi zuen: “itsu-itsuan askok esan ohi du euskera asko direla… baina zer dioten ez dakite. Ez da hori egia: euskera bat da” (125).

Erlijioak halako eragina izan du gure hizkuntzaren egoeran ezen Izagirreri esanarazten dion: Erlijiogatik balio du euskarak, fedea txertatzeko gure nortasun nazionalean. Fedearekin integrismoa (124), hainbatetan entzun izan dugun “Euskaldun fededun” lelo famatuak ongi baino hobeto aditzera ematen digunez. Baina, gaur egun fedea frantsesez eta espainolez mintzo da eta apenas entzuten den euskara gure elizetan.

Kapitulu honetan, bestalde, Koldok detaile esanguratsu batez ohartarazten gaitu, hain zuzen, kanpotarrek ezarritako izenez garela gu munduan ezagunak, alegia, Estrabon, Plinio & Cia-k vascon izena erabili eta inposatuz, baina, hitz egin ote zuten kronikari haiek, zinez, zinezko “vascon” batekin? (130) Arduratu al ziren lurralde honetako biztanleok zein hitz erabiltzen zuten euren herria izendatzeko? Eta hain da gure alienazio maila non, gaur egun, “Basque Country” da hitzetik hortzera eta mundu zabalean geure burua ezagutarazteko erabiltzen dugun izena. Beldur naiz, Koldorekin bat eginez, ezizen hori, ezizana ere ez ote den… (131).

Euskararen ezagutza eta erabilpenari dagokionez, euskaldunok barneratu dugun ideia xelebre bat erabiltzen da noiznahi: euskara erakargarria izan behar da, bestela… bestela, justifikatuta legoke euskara ez jakitea. XVI. mendean espainierak Ameriketako indigenen artean izan zuen erakargarritasun berbera edota, aleman hizkuntzak XX.ean espainiar emigranteen artean izan zuen erakargarritasun berbera. Bi adibide soil emateagatik, munduan hizkuntzak euren edertasuna eta sedukzio- -ahalmenagatik ikasi izan balira bezala! Gai honetaz, Izagirrek, Juan Inazio Hartsuaga antropologoaren iritzia azaltzen digu: “Euskarak gaur egun duena baino inposaketa-indar handiagoa eskuratzen ez badu, galdu egingo da erremediorik gabe” (137). Inposaketa! Hara hor hitz tabua euskaldunon ahotan, guk inposatu! Eta nik diot inposatu hitza era askotan deklina daitekeela…

Herri kolonizatuetan, inperioa erretiratzen denean, bertan uzten du bere hizkuntza, okupatzaile ikusezin, gas alienatzaile (145). Aski dugu Afrikara begiratzea eta Kateb Yacine poeta aljeriarrak diguna irakurtzea: “La francophonie est l’instrument d’une politique d’aliénation des peuples colonisés par la France” (144). Koldok diosku: lehenik kolonizatzailearena zen Hitza, eta hari behar zion eskatu, maileguan hartu, ebatsi. Bakarrenetakoa izan zen Yacine kolonizatzailearen hizkuntza-monopolioa apurtzen, arabiera eta berbereen amazigha erabiliz bere idatzietan (147). Gurean ere, hain justu, oso errotuta egon da abertzaleen artean etsaiaren hizkuntza erabiltzea, pentsatuz, kalte handiagoa egin ziezaiokeela, eta Engracio de Arantzadi “Kizkitza”, euskaltzale ezaguna, ematen digu horren adibidetzat Koldok. Baina ez pentsa iritzi hori antzinakoa denik, ikusi besterik ez dago azkenengo hauteskunde- -kanpainan hautagai abertzaleen hizkuntza-praktika mitinetan, Jose Mari Pastorrek apirilaren 27ko BERRIAn salatzen duen moduan:(https://www.berria.eus/paperekoa/1915/013/001/2019-04-27/aberria-patria-patrie.htm) 

Zazpigarren kapituluak sartuko gaitu bete-betean gai honetan: Politikari abertzaleek, eskuinekoek zein ezkerrekoek, gaztelania eta frantsesa erabiltzen dute maizenik (153), horra Koldok deblauki botatzen duena. Tamalez, bizi dugun egoerak arrazoia ematen dio.

Euskara “ondaretzat” hartzea salatzen du: Euskaldunontzat ez da ondare bat. Ez gara Unescoren lepotik bizi. Erdaldunendako da ondare. Eta gatzerdiko politikari abertzaleendako (153).

Ondareaz harago euskara nazionalitatea da, abertzaletasun soilak bermatzen ez duena, eta hemen agerian uzten ditu euskaldunen arteko liskarrak hizkuntzari buruz, politika eta ideologia direla medio. Euskaldunak bi nazionalitate ditu (gutienez), eta euskarak ematen diona du bat, aberkoi-usainak ez baitu asetzen (157). Orixe eta Andima Ibinagabeitia parekatzen ditu, bata etsipenean eta hizkuntzaren jabego partikularrean murgilduta, eta besteak, aldiz, maite zuen bere hizkuntza, nazionalitate horretakoa zen, euskaltasunekoa (158). Hitz garratzak erabiltzen ditu gerraurreko nazionalistei buruz, hots, PNVz diharduenean: PNVk ez zuen jakin izan euskara XX. mendeak zekartzan berritasunetara egokitzen (158), eta beldur naiz, frankismo ostean gaurdaino alderdi hori ez ote doan bide beretik. Gogoratu besterik ez dugu EAJren agindupean zenbat oztopo eta liskar sortu diren euskararen inguruan: AEK, UEU, UZEI, Euskaldunon Egunkaria, Kontseilua… Horrez gain, ez dira gai izan berrogei urtetako agintaritzan taxuzko hizkuntza-planifikazio bat ezartzeko.

Zenbat aldiz ez ote dugu entzun euskara zaila dela? Ondo barneratuta dugun topikoetako bat. Baina erdaldunei inoiz ez zaie burutik pasatzen erdaldun batentzat euskara ikastea bezain zaila zaiola euskaldun bati erdara ikastea: Zer zaren frogatu behar duzu aldiro: bestearena ulertzen duzun gizakia, besteak (inoiz) ulertuko (ez) zaituelakoan (165). Zailtasuna edo erraztasuna ez da objektiboki ezar litekeen maila hizkuntzetan (166) diosku Koldok, Juan Carlos Moreno Cabrera hizkuntzalari espainiarraren ildotik.

Eta topikoekin jarraituz, hitz mailegatuarena dugu bestea: “eliza” latinetik datorrela, “arbola” erabiltzen dugula, Eibarko hizkera erdarakadez beteta dagoela… eta Izagirrek erantzun: Euskarak “arbola” hartu behar izan baldin badio gaztelaniari, zer ez ote dio hartu behar izan gaztelaniak latinari? Mila deabruren gorria, gaztelania osoa da latina. Latin deformatua gainera, patois bat (171), kontuan hartu gabe besteari leku egitea dela kultura eta horregatik iraun duela euskarak, birjintasuna galdu zuelako duela bi mila eta gehiago urte (171).

Unamuno ospetsuari zor diogu ere gure hizkuntza kontzeptu partikularretan bizi dela zabaldutako topikoa: “… el vascuence no tiene palabras genéricas, ni abstractas” (174-175).

Eta artseniko dosi txipiek, pikorka, espirituak pozoitzen dituzte (182) dio Izagirrek.

Bagoaz aitzina gure idazleak markaturiko bidean, eta zortzigarren kapituluko atarian Federiko Krutwig aipatzen digu: Federiko Krutwig maketoak ipini zigun zuzen batekoz bestera zegoen pentsamendua, Aranaren tesi antimaketoak nabari samar daukan antitesia proposatuz, gure aberraziorik handiena euskaraz eginen ez lukeen Euskadi bat izanen litzatekeela, eta ez euskaraz eginen luketen maketoz beterikoa (185).

Artseniko-dosi txipi horiei aurka egiteko antidoto batzuk eskaintzen dizkigu, hala nola:

  • Hizkuntzek hiztunak behar dituzte (185).
  • Hizkuntzak ez dira mugapekoak (187).
  • Hizkuntzek hiztun “arrotzak” eta “zikinak” onartzen dituzte, maketo mota guztiak… euskaldun berriak barne (187).

Tantaka isurtzen ditu, bestalde, zenbait egia:

Mugaz gaindikoak izateak salbatu gaituela esan genezake (187). Lapurdik eman zigun XVII. mendea eta Hegoaldeko zati bateko ofizialkidetasuna dira horren adibide.

Eibarko euskara kutsatu ederrari zor diogu gure greba-kantu bakarra, mekanikako hiztegi aberatsa (190).

– Ezker Ibarreko langile haien pasadizoa, non Ricardo Garcia Danborenearen mitin batean euskaraz esandako hitz bakanak txalotu zituzten, ez ulertzen zituztelako, baizik eta ez zutela gorroto adierazi nahi zutelako, beraiek ere euskara zekitenak bezalako herritarrak izan nahi zutelako… beren munduaren zatitzat hartu zuten euskara (193).

Esperantza dira XXI. mendeko etorkinok… hemen erroturiko erdaldunen euskalduntzea da euskararen etorkizunak daukan egitekorik bat…, euskara ez da hedatuko (etorkinetara) ez baldin bada proiektu sozial baten hitza eta oihartzuna (197).

Kapitulu honen amaieran, Koldok gogora ekartzen digu ETB2n sorrera: euskara soilean igorri behar zuen telebista —Kataluniako TV3k eta Galiziako TVGk gaur egun ere egiten duten moduan—, 1986an espainieraz hasi zen emititzen autonomia-estatutuari muzin eginez, lorpen handitzat jo zuten estatuak kalapitarik sortu ez izana… eta abertzaleen garaipen politikoa gaztelaniaren garaipena izan zen: euskarazko esparru autonomoa izan behar zuena erdal katearen mendeko bihurtu zen egundaino (201). A zein balentria gurea! Gaur egun EITB bilakatu delarik, nire aburuz, herri hau espainiartzeko tresnarik eraginkorrena. Urte batzuk berantago, espainiar estatuak ez zuen berdin jokatu Euskaldunon Egunkariarekin, alajaina! Egunkariak euskararen inferioritatea gainditzea posible zela frogatu zuelarik, estatuak armaz eta hormaz itxi zuen… Burujabetza linguistikoaren aldeko (kontrako) borrokaren (beste) atal bat izan zen (202).

Bederatzigarren kapituluan eskubideei buruz hitz egiten digu Izagirrek: nortzuk dira eskubide-subjektu? Hizkuntzak, hiztunak edo lurraldeak? Hainbat adibide ematen ditu: batzuetan gizakiak dira eskubide ahalbidetuak (Quebectar frankofonoak eskubide berdinak dauzka Kanada anglofonoan barrena 207), bestetan lurraldeek mugatzen dituzte eskubide horiek (Renfe-ko trenetan Gasteiztik harat ez dago euskarazko abisurik 212).

Zenbaitzuen iritziz, —horien artean Mikel Azurmendi eta UPyDko Rosa Diez—, hizkuntzek ez omen daukate eskubiderik, pertsonok omen gara eskubide-subjektuak. Ez da zaila, ordea, baieztapen hori gezurtatzea: Zergatik ez daukate espainiarrek espainieraz jarduteko eskubiderik, Europako Batasunaren mugapean egon arren, Ostravako administrazioarekin? Zergatik ez du bere eskubide linguistikoa gauzatzen ahal donostiar euskaldunak Santanderren?… Europako Batasunean eta Estatu espainiarrean pertsonok ez daukagulako eskubide linguistikorik (205).

Koldok aurrera segitzen du galderekin: hizkuntzek ez baldin badaukate berez eskubiderik, nola liteke Espainiako Konstituzioan euskarak, galegoak eta katalanak ez daukaten eskubide nagusi bat edukitzea gaztelaniak?… Euskara, galegoa eta katalana lurraldedun direlako: absurdoa da lurrak eskubideak edukitzea (207-208). Eta bere ohiko ironiarekin erantzuten du: Gaztelania delako gizakidun… Gizaki hutsa, gaztelania mintzo dena da: gaztelania da lurralde bat gizarte bihurtzen duen bakarra (208).

Jarraian, galegoa, euskara eta katalanaren estatusak alderatzen ditu lurralde bakoitzeko estatutuetan: Galegoek eta euskaldunek beren hizkuntza ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea dute dagokien lurraldeetan, espainiera eta bertako hizkuntzak, ofizialak izaki, aldiz, Katalunian, El catalá és la llengua oficial de Catalunya. També ho es és el castellà… els ciutadans de Catalunya tenen el dret i el deure de conèixer-les —alegia bi hizkuntzak— (214). Aldea nabarmena da, lehenengo bietan eskubidea dugu, eta Katalunian bertako herritarrak eskubidea eta betekizuna dute, eta Koldoren galdera: Betekizunik gabeko eskubidea, gauzatu ote liteke? (214)

Liburua irakurri ahala, Izagirre maiz saiatzen da hizkuntza, ideologietatik bereizten eta hamargarren kapituluan garbiki adierazten zaigu gure hizkuntza ez dagoela nazioaren kontzeptu honen edo haren zerbitzura, ez Sabino Aranak aldarrikatu abertzaletasunaren esanetara, ez eta ere Jose Migel Beñaran “Argalaren” programa iraultzailearen menpe, ez garela diskurtso baten zati… euskaldunok, minoria kontzientziatua garen neurrian, sistema bera jartzen dugula kolokan (239).

Bukatzeko, euskararen ezinbestekotasuna azpimarratzen du Koldok gure identitatea, gure izaera definitzeko eta deskribatzeko orduan, ez arrazak, ez geneek, ez mitoek ez gaituzte euskaldun egiten. Gizaldiz gizaldi, belaunaldiz belaunaldi euskarak, kate baten antzera, lotu gaitu: Euskaldunok eduki dugun arbaso bakarra hizkuntza izan da (247). Herritasuna ere euskaratik jasotzen dugu: Euskaran bizi den orori herritasuna ematen dion leku politikoa da gure hizkuntza (247). Eta gainera, malgutasuna duen identitatea ematen du euskarak (247).

Identitatea nortasunarekin uztartua dela ongi baino hobeto azaltzen digu Dadila Arezki, psikologo eta pedagogo bereber aljeriarrak Koldok lapurtu dizkion hitz hauetan: “Dans la langue s’imbriquent les individus, leur histoire, leur culture, ainsi que leur place et rôle dans le groupe social. Partant de là, il paraît évident que l’insécurité linguistique débouche sur le fantasme de la dislocation et que, dès lors, se pose le problème de l’unité de l’être, et par conséquent celui de son identité” (256). Horrek pentsarazten dit jasaten ari garen elebitasun-politika temati honek eskizofreniara garamatzala, eta goizago edo beranduago hautu bat egin beharko dugula.

Hizkuntzak, bizidunak, —autopsia egin ahal zaienez, hil egiten diren seinale— diren heinean, elikatu, babestu, defendatu, erabili egin behar dira, euren lege propioak dituzte bizirauteko eta lege horiek maiz ez datoz bat konstituzioek eta estatutuek inposatzen dituztenekin. Ez da egia, beraz, hizkuntzak hil egiten direla berezko heriotzez, hitz egiteari uko egiten diotenek erailtzen dute hizkuntza. Gure kasuan, begi-bistakoa da indarrean ditugun legeak eta gure intentzio on guziek ez dutela bermatzen euskararen biziraupena.

Amaitzeko, Koldo Izagirreren liburuaren irakurketak galdera hau pausatzera narama:

Gure hizkuntzaren (balizko) heriotzaren aurrean, fatalismoan eroritako lekuko soil bilakatu behar ote dugu euskaldunok?