Jose Mari Pastor
2019-03-2an, BERRIA.
Basque Culinary Centerreko komunikazio-kudeatzaile berriak ez du euskaraz jakin beharko. Lan horretarako aukeratuko duten lagunari espainieraz eta ingelesez ezinbestean jakitea baizik ez zaio eskatuko, hizkuntza ezagutzei dagokienez. Euskara menperatzea ez da derrigorrezkoa izango, iragarkian agertu denez: «Ezinbestekoa da ingelesa eta espainiera jakitea (maila berean). Euskara jakitea kontuan hartuko da». Euskal sukaldaritza goi mailakoa da, zoragarria. Euskal hizkuntza, ez. Euskara ez da beharrezkoa Euskal Herrian komunikatzeko. Long live Basque gastronomy! Fuck Basque language!
Badirudi PPk bozei begira azaldutako egitasmoarekin bat datorrela Basque Culinary Center, baina eremu pribatuan. Arlo publikoan behar egiteko espainiera ez diren hizkuntza koofizialak derrigorrezkoak izango ez direla agindu dute frankisten ondorengoek. Antzera mintzatu da BCC: euskara baloratu egingo da. Ingelesez eta espainieraz hitz egiten jakin behar da Basque Culinary Centerren lan egiteko. Euskaraz? Bullshit! Euskaldunak? Fuck!
Kontu larria da. Mespretxua euskarari eta euskaldunoi. Euskal Herrian prestigio handiko erakunde bateko komunikazio-arduradunak euskaraz jakitea beharrezkoa ez dela adierazi dute. Euskara munduan ibiltzeko mintzaira ez dela iradoki dute. Euskal Herrian komunikatzeko ere ez duela balio, alegia. Horrela, mezu subliminala bidali zaio euskaldunari: zure hizkuntza bigarren mailakoa da. Eta mezu agerikoa erdaldun erdaltzaleari: euskaraz jakitea ez da derrigorrezkoa. Lasai, hemen espainiera eta ingelesa besterik ez dugu inposatzen.
Zeinen modernoak! Jatetxe dotore batzuen modukoak dira. Lehen espainol hutsez zuten menua. Orain, espainieraz eta ingelesez. Gure dirua merezi dute? Ez. Eta komeni da jakinaraztea. Ez da nahikoa soilik bi erdaratan idatzitako menua duen jatetxean ez sartzea. Boikot aktiboagoa eraginkorragoa da, leku horietako arduradunak kontura daitezen: karta espainieraz eta ingelesez bai, baina euskaraz ez dutela jabetzen garenean, hau esatea: «Barkatu, baina menua euskaraz izan arte ez naiz hona itzuliko. Kanpoko turistei errespetu handiagoa diezu barruko herritarrei baino. Agur». Hilean halako dozena bat bisita izango balituzte, zer pentsatua emango lieke.
Bada garaia ustezko aniztasun kulturalaren talibanei errespetua eskatzeko. Ustezko aniztasuna, bai: zer aniztasun kultural mota dugu hemengo hizkuntza baztertzen duena, itxurazko kosmopolitismo baten izenean? Zer esango lukete BCCen komunikazio-kudeatzailea izateko euskara eta ingelesa beharrezkoak balira eta espainiera soilik baloratuko balitz? Katalana baztertzen duten talibanen denda, jatetxe eta tabernei isunak jartzeko arauak onartu zituzten Katalunian. Hemen, euskara baztertzen dutenak saritzen ditugu. Noiz arte?
Diru edo babes publikoa jaso behar dute euskara hala iraintzen dutenek? Zergatik? Ez al zaie ezer eskatu behar, kode etiko linguistiko moduko bat, komunitate euskalduna errespetatzera eramango dituena? Euskaldunok baztertzen gaituzten proiektuek sustengu publikoa izan behar dute? Zer diote euskara hala diskriminatzeari buruz BCC fundazioaren patronatuan dauden euskal erakundeek? Zer dio Eusko Jaurlaritzak? Zer dio Gipuzkoako Foru Aldundiak? Eta Donostiako Udalak?
Chris Rock showman eta aktoreak No sex in the champagne room kanta probokatzailea atera zuen, duela urte batzuk. Strip-tease lokaletara doazen adurti inozoei barre egiten zien. Xanpaina edaten den atzeko gelara doaz, baina han botila atera eta dirua gastatu besterik ez dute egiten. BCCko atzeko gelan xanpaina dago euskaldun inozoentzat, baita sexua ere, baina sexu iraingarria: Golden rain, lluvia dorada edo urrezko euria (baloratu egingo da euskaraz egiten dizuten edo ez). Eta, gainera, ohea geuk jartzen dugu, geure instituzioen babesa izaten segitzen dutelako. Basque Culinary Center? Erdaldunentzat, bai. Euskaldunontzat izen egokiago bat bururatzen zait: Basque Fuckinary Center.