Naziogintza egiteko modu asko daude. Euskal kultura eta kultura horren egileak goraipatzea da horietako bat. Izan ere, bere kultura goraipatzen ez duen Herria hilzorian dago, asimilazioaren fase aurreratu batean eta desnazionalizazioaren zurrunbilo bortitzean itota.
Bernart Etxeparek, euskal literaturaren aitzindariak, ez zuen orain arte inongo oroitarririk bere sorterrian, Behe Nafarroako Sarasketa herrian. Zaila egiten zaigu imajinatzea Cervantesek Alcalá de Henaresen edo Molièrek Parisen haien figurak gogorarazten dituzten monumentuak ez edukitzea. Eta Etxeparek ohore bera merezi zuelakoan ginen. Bera euskal literatura klasikoaren idazlerik gorena ez izan arren, gure literaturari bidea ireki zion aitzindaria izan zen, Leizarragak, Axularrek edo Etxeberrik geroago garatuko zuten euskal literatura, alegia.
Naziogintza Taldean pentsatu genuen premiazkoa zela Bernart Etxepareri merezi zuen aitorpena egitea, bere sorterrian. Bere herrikideek ez ezik, Euskal Herri osoko euskaldunek eta euskaltzaleek Sarasketako seme kuttunaren berri izan zezaten herri xarmangarri hori bisitatzerakoan. Horren karietara, bere omenezko monumentu bat Herriko Etxearen aurrean altxatzea bururatu zitzaigun. Ideia hori bideratzeko, harremanetan jarri ginen Duzunaritze-Sarasketako Herriko Etxearekin, Hergarai Bizi taldearekin, Ipar Euskal Herriko Euskal Kultur Erakundearekin eta Euskaltzaindiarekin. Gure asmoaren berri eman genien, eta hasiera-hasieratik harrera ezin hobea eman zioten denek egitasmo horri. Hainbat bilera egin ondoren, Duzunaritze-Sarasketako Herriko Etxeak ekimena aurrera eramateko ardura hartu zuen, eta Piarres Erdozaintzi-Etxart, bertako artisauari, Etxepareren omenez harrizko estatua bat egiteko manua eman zion.
Aurtengo irailaren 17an, ekitaldi jendetsu batean, omenaldia eskaini genion Etxepareri Duzunaritze-Sarasketan. Alde batetik, plaka bat jarri zen bere jaiotetxean, “Etxeparea” izenekoan. Eta bestetik, 2,30 metroko harrizko estatua inauguratu zen, Herriko Etxearen aitzinean. Bere sorterriak ez ezik, Euskal Herri osoak ere, euskal literaturaren aitzindariarekin zuen zorra kitatu zuen modu horretan.
Euskara goraipatu zuen Etxeparek. Euskaldun izateko harrotasuna piztu nahi izan zuen bere liburuaren bidez, berak aitortu zuenez. Gure auto-estimu kolektiboa hain ahulduta dagoen garai hauetan funtsezkoa da euskal gogoa berpiztea eta gure unibertso sinbolikoa indartzea.
Bere kultura goraipatzen ez duen Herria hilda baitago.
Hona hemen hainbat euskal komunikabidetan gure ekitaldiaz agertu zen informazioa:
-NAIZ komunikabide digitalean: https://www.naiz.eus/eu/agenda/evento/bernat-etxeparek-eskultura-izango-du-duzunaritze-sarasketan
-ENBATA astekarian: https://eu.enbata.info/artikuluak/hommage-a-bernat-etxepare-a-duzunaritze-sarasketa/
-DEIA egunkarian: https://www.deia.eus/opinion/zirrikituetatik-begira/2023/09/18/duzunaritze-sarasketan-7270778.html
-KAZETA komunikabide digitalean: https://www.kazeta.eus/eu/info_kz/20230918/bernart-etxepare-emozioz-beteta-omendu-dute-duzunaritzen
Argazki-erreportajea: