CARLES PUIGDEMONT: INDEPENDENTZIA ALDARRIKATU EZ IZANAREN DAMUA

Pako Sudupe

2020-09-22, ZUZEU.

2017ko urriaren 10ean, artean urriaren 1eko erreferendum arrakastatsuaren aparrean, Espainiako gobernuak 155. artikulu zoritxarrekoa prestatu gabe zeukala, zergatik ez ote zuen independentzia aldarrikatu? Damu bakar horixe du Puigdemontek. Eta etorkizunari begira konbentzimendu irmo bat: Espainiako estatuarekin konfrontazio demokratikorik izan gabe, autodeterminazio erreferendumik ez dela izango eta, beraz, independentziarik ere ez. Eta independentziarik gabe, Katalunia nazioa ez da izango, erregioa bai, baina nazioa ez; hala dio berriki argitaraturiko La lluita a l´exili deritzan liburuan, M´explico liburuaren jarraipenean.

Berak dioenez, Puigdemont sartu zen politikan katalanen hizkuntza defendatzeko, eta Espainiak eta Frantziak ez dute katalan hizkuntza defendatzen; onest omen da hala aitortzea. Katalan hizkuntzari buruzko bi erreferentzia baino ez daude liburu berri honetan, eta aurrekoan ere apenas. Bata, horixe, politikan katalanen hizkuntza defendatzeko sartu zelakoa -eta ezin da gutxietsi aitorpen horren balioa-, eta bestea, Bruselan, 2019-03-4an, Plataforma per la Llenguak Europako Parlamentuan antolaturiko “The Catalan Language: 10 Million European Voices” zeritzan erakusketan parte hartu zuela jakinarazteko (228 or.).

Espainiako botere faktikoekin daramaten borrroka gogor honen buruan eta baitan, hizkuntzarena oso isildua edo isilarazia dute, komeni ez delakoan, hain segur. Hala ere, bere zailtasunekin, noski, nik uste Kataluniako errepublika independentean lortuko luketela katalana asko baino lehen gailenaraztea; hots, batak bestea ekarri ahalko lukeela, epe ertainera edo! Gurean, zailagoa geneukake!

Jakina denez, duela hiru urteko urriaaren amaieran, erbestera jotzea erabaki zuen Puigdemontek. Beste kontseilari batzuek ere hala egin zuten (Belgika, Suitza, Erresuma Batua), eta Junqueras lehendakariordeak Katalunian gelditzea erabaki zuen, beste kontseilari batzuek bezala, eta Katalunian geldituak kartzelan daude, salbuespena salbu. Ez zen estrategia bateraturik egon govern-eko kontseilarien artean. Nork asmatu zuen: erbestera jo zutenek ala etxean gelditurik, espetxeratuak dituztenek?

La lluita a l´exili liburuan kontatzen du zer gorabehera bizi izan dituen Espainiako justizia politizatuak emandako hiru euroaginduri aurre egiteko, eta nola lortu duen, azkenik, Europan askatasunez ibiltzeko eskubidea eta Espainiako sistema auzitan jartzea: nola da posible Europan libre ibiltzea -ez da denbora asko Ipar Katalunian izan zela, mugatik hamar bat kilometrora, hots, Frantziako estatuan-, eta, aldiz, Espainiako estatuan hanka bat jarriz gero, atxilotu eta kartzelatzeko agindua egotea indarrean? Frantziako estatua Kataluniako errepublika askearen aurka dago Espainiakoa bezainbeste, baina errespetatzen ditu Europako estandar demokratikoak eta Espainiak ez.

Hedabide espainiarrek zabalduagatik Puigdemonten erbestea urrezkoa dela, ez du bizimodu samurra izan. Danimarkan hitzaldia egitetik itzulian, Alemanian atxilotu eta 16 egun igaro zituen kartzelan. Orduantxe hasi zen garbi gelditzen Alemaniako justizia, eta, esan liteke Europakoa, eta Espainiakoa, zorionez, biga zirela. Libre atera zen Alemaniako justiziaren eskuetatik, eta Belgikan ere bai. Azkenean, lortu du Europan libre ibiltzeko eskubidea, askotxo kostatu bazaio ere. Baina ez da batere samurra izan.

Hitzaldi asko egin ditu Europan. Behin baino gehiagotan izan da Londresen, Berlinen edo Hamburgon, edota Zurich edo Genevan, eta Danimarkan eta Finlandian. Esaterako, Londresen, 2018-12-13an, Frontline Club delakoan, hirurogeita hamar bat nazioarteko kazetariren aurrean egindakoan, Esloveniaren independentziarako prozesua goraipatu zuen eta serbiar bidea gaitzetsi. Puigdemont bera egon zen Eslovenian independentziaren aldarrikapenaren ondotik, eta han herri baketsu bat ikusi zuen demokraziarekin konprometitua eta yugoslaviar armadak bidegabeki erasotua. Esloveniako herriak baketsuki autodeterminazio eskubidea gauzatu zuen, eta etsenplu eman zigun. Serbiak ez.

Espainiako estatuari galdetu behar zaio ea prest dagoen biolentziari uko egiteko, baldin eta Kataluniak alde bakarretik independentzia aldarrikatzen badu, edota autodeterminazio eskubidea gauzatze aldera egin behar duela iruditzen zaiona egiten badu? Bada garaia Espainiako gobernuari entzuteko biolentzia erabiltzeari uko egingo diola katalanek estatu independentea sortzeko duten nahia gudukatzeko (168 or.).

2019ko otsailaren 12an, Berlinen izan zen, gonbidatu berezi gisa “Cinema for Peace” zinemaldiaren ohorezko galan. Veronika Nikulshina (Pussy Riot punk rock taldeko kidea) eta Piotr Verzilov ekintzaile errusiarrek “Europako errepresaliatu ezagunen eta aitortuen” gisa aurkeztu zuten. Madrilen biharamunean hastekoa zen epaiketa bidegabeaz mintzatu zen: “Gure presoek galdegin didate geldirik ez egoteko egunotan, Waterloon ez gelditzeko, baizik eta epaiketaren bozeramaile izateko eta kausa nazioartekotzen jarraitzeko, eta hala egiten dut. (…) Mundu guztiak ikusi behar du”. Nahiko adibide dira. Ez da geldirik egon Belgikan, baizik eta katalanek beren etorkizun politikoa erabakitzeko duten eskubidea aldarrikatzen eman du denbora Europako hiriburu nagusietan hitzaldiak eginez.

Eta katalan alderdiekiko harremanei dagokienez?, nola konpondu da, esaterako, Espainiako justiziak sedizioa eta diru publikoaren erabilera bidegabea leporaturik 13 urteko espetxe zigorrera eta inhabilitaziora kondenatu duen Oriol Junquerasekin? Harik eta Le Figaro frantses egunkariak Junquerasi egindako elkarrizketa argitaratu arte ahalegindu zen ongi konpontzen, baina elkarrizketa hura ezin jasanezkoa gertatu zitzaion, eta moztu egin zuen alderdi independentisten batasuna galdegiteari eta gogoz kontra hauteskunde lehiari ekin zion, eta ez zaio gaizki joan. 2019ko maiatzeko bozetan, Junts-Lliures per Europa izeneko hautagaitzarekin, Puigdemont, Comín eta Ponsatí buru zirela, Espainiako estatuan miliotik gora boto lortu zituzten, Katalunian 987.149 boto. Beraz, eurodiputatua da.

Zer esan zion Junquerasek Le Figarori? Bera Katalunian gelditu zela herritarren alderako erantzukizunagatik, jakinik segur aski espetxea ekarriko ziola. Sokrates, Seneka eta Ciceronek ere izan zuten ihes egiteko aukera eta uko egin zioten. Asko hunkitzen zuen filosofo horiek izandako erantzukizun zibiko eta etiko hark. Puigdemonten jokaerari buruz, adierazgarriro, hitz erdirik ez.

Ikaragarri mindu zen Puigdemont. Justu, aurreraxeago, Puigdemont eta Junqueras elkarrekin artikulu bateratu bat argitaratzekotan ziren The Guardian egunkarian, Puigdemonten ekimenez, eta zer da-eta, frantses egunkariari erantzukizun etikoagatik gelditu zela, eta Puigdemonten jarrerari buruz, deus ez. ERCko Marta Rovira eta CUPeko Anna Gabriel Suitzan daude erbesteratuak; ez bakarrik Puigdemont eta haren sokakoak.

Gisa da Puigdemontek bere hautua defendatzea, erbestean espetxean baino lan gehiago egin daitekeela eta hala ari dela argudiatzea -govern guztia Belgikan egon balitz, askoz gogorragoa izango zela Espainiako estatuari egindako presioa, pentsatzen du-, eta, alderantziz, Junquerasek aldeztea espetxean egonik, katalan herriagatik sufritzen, gehiago egiten ari dela, baina distantzia batetik begiraturik, eta ikuspegi independentistatik, aitortu beharra dago ERCren une honetako jokabideak ez daramatzala autodeterminazio eskubidea gauzatzera baizik eta, onenean, EAEn daukagun moduko egoerara.

ERCk bere jokaera itunzalea defendatzeko darabilen argudio nagusietakoa edo nagusia da oinarri independentista zabaldu beharra dagoela, hots, %48 ez dela nahikoa. Lovainako unibertsitate katolikoan, 2018-11-28an egindako hitzaldian, galdeturik 2017ko urriaren 1ak legitimitaterik bazuen?, honela erantzun zuen Puigdemontek: azken astuburuan Suitzan egin diren hiru erreferendumetatik batek ere ez du lortu %50eko partaidetza. Brexita Erresuma Batuko populazio osoaren %37,4k bozkatu zuen. Eta Espainian, Europako Konstituzioari buruzko erreferrendumean %40,3k hartu zuen parte eta bakarrik %31k bozkatu zuen alde, eta NATOn sartzea ere espainiarren %31k erabaki zuen.

Oso garbi dauka Puigdemontek Kataluniako errolda osoaren %55 independentista izanik ere, Espainiak ez lukeela Kataluniaren independentzia onartuko -bere hausnarketa bat hauxe da: Rajoyrekin, edo are Sanchezekin ere, ezin duzu hitz egin ere aberriaren batasunaren inexistentzia posiblearen ideiaz. Haientzat zerutiarra da Espainiaren batasuna, sakratua. Errazagoa lizateke Aita Santuarekin Jainkoaren inexistentziaz mintzatzea-.

Damu da 2017ko urriaren 10ean, alde bakarreko independentzia aldarrikapena egin ez izanagatik, baina, bere ustean, Espainiak ere gaizki jokatu zuen katalanek eskainitako elkarrizketarako leihoa itxita, zeren horregatik saihestezina da hirugarren alde bat egotea Espainiarekiko zeinahi negoziaziotan, ez direlako fidagarriak, engainatu egin zituztelako hain zuzen. Pandemiak gauza guztiak baldintzatu baditu ere, proçesa hor da latente, alderdi independentista nagusiak bateratu ezinik direla. Espainiako gobernuaren ezetzak eta behin eta berriroko engainuak elkar ditzake hain segur, eta beldurrak beldur, era batera edo bestera independentziarako bideari berriro ekin!