Joxe Manuel Odriozola
2018-10-25ean, BERRIA.
Corpus plangintzaren eta estatus plangintzaren arteko harremanak ulertzeko eta irudikatzeko ideiak eta asmoak askotan ez dira batere egokiak. Are gehiago, corpus plangintzari sarri askotan eman nahi zaion ia erabateko autonomiarekin geure buruak engainatu nahi izaten ditugu. Iritzi batzuk entzunda badirudi berezko dinamika soziolinguistikoa daukala hizkuntzaren estandarizazioak. Era horretan, euskararen normalizazioa eta normatibizazioa, euskara batuaren aurrerapena eta ustezko euskararen normalizazio soziala, nahasten ditugu.
Corpus plangintzak estatus plangintzarekiko daukan orotariko morrontza ezkutatu nahi hori nahi gabeko kontua ote da beti? Edota Fishmanen esapide bat baliatuz, «inozente etnikoaren» estrategia ideologiko bat dago atzean? Alegia, euskararen estatus plangintzaren emaitza euskararen corpusaren aurrerapenarekin parekatuz, euskalduntze-politika bide onetik doala iradoki nahia-edo? Jakina, «inozente etnikoaren» rola pertsona eta eragile askok bete dezake gurean. Oinarrizko euskaltzale militanteak bete dezake rol hori corpusaren (euskararen batasuna) eta estatusaren (hizkuntza politika) artean dagoen aldea zorrotz hautematen ez badu. Edo botere autonomikoaren ordezkari politiko batek interes handia eduki dezake euskararen aldeko hizkuntza politikaren porrota euskara batuaren alorrean egindako aurrerapenez estaltzeko.
Jakina denez, corpus plangintzak autonomia erlatiboa dauka bere baitan mamitzen dituen egitasmoak obratzeko. Berezko jardueraren jabe da neurri ohargarri batean. Hori da Euskaltzaindiaren zeregina. Zuzenago edo okerrago, aurreratuago edo atzeratuago ibiliko da euskara estandarraren formulazio eta arautze lana. Nolanahi ere, hizkuntzaren estatus sozial eta politikoarekiko corpusak daukan mendeko izaera ez da inoiz iraungitzen.
Corpus plangintzaren autonomia erlatiboa baldin bada, noiz hezurmamitzen da euskara batua modu eraginkorrean? Gure ustez, euskal gizarteak zentzu nazional eta izari soziologiko zabal eta hegemonikoan bere egiten duenean. Bitartean zer dira euskara batuaren arau eta formulazioak? Hezurdura huts; mamitu gabeko arau eta aholkuak. Euskara batuak ez du ondo bidean legokiokeen eraginkortasunik bereganatzen estatus plangintzaren (glotopolitika) bidez euskararen legitimazio soziala lortu arte, hau da, nazio hizkuntzaren funtzioak modu emankorrean obratu arte. Obrak mintzo dira euskara batuaren uztan ere.
Euskararen estandarizazioaren eta modernizazioaren azken hitza estatus politikak dauka, ez corpusak. Zeren eta corpusaren proiektua ezin da burura eraman harik eta politika normalizatzaileari esker hizkuntza estandarra (euskara batua) sozialki normalizazio bidean ezarri arte. Horregatik, corpusaren normalizazioak estatusaren normalizazioa du eskakizun eta baldintza. Gainera, hizkuntzaren funtzio nazionalak modu hegemonikoan mamitzen ez dituen bitartean, ezin da esan corpusaren prozesua burutua dagoenik. Besterik da funtzio etnokultural (erregional) batzuk betetzen dituen hizkuntzaren corpusa ia biribildua dagoela uste izatea. Euskararen kasua, hain zuzen, azken kasu hauxe da. Oraingoz, ezinbestez, daukagun euskara batuaren eredua euskalduntasun etnokulturalaren (erregionalaren) araberakoa da. Euskarak gaur egun ez du funtzionatzen gizarte eta kultura nazionalaren logika sozialean.
Beraz, estatus sozialaren araberakoa izango da euskara batuaren konfigurazioa. Euskara noizbait hizkuntza nazionalari dagozkion funtzioen arabera normalizatzen bada, euskara batuaren proiektua eraginkorra izango da. Aldiz, euskara komunitate etnoerregional baten logika sozialean erabiltzen badugu, euskara batuaren eragina ez da duingarria izango euskaldunontzat. Bataren (estatus politikaren) porrotak ezinbestez bestearen (euskara batua) atarramentu txarra dakar. Ildo horretan ulertu behar genuke euskara batuari euskaldun batzuek egozten dioten artifizialtasunaren auzia. Pentsatzen jarrita, nola ez da ba izango «artifiziala» erabilera soziala legitimatu eta normalizatu gabe daukan hizkuntza eredu bat? Euskara batuaren legitimazio soziala, hortaz, ez datza bere baitan, corpusean alegia, betetzen dituen funtzio komunikatibo eta estatus politikoaren izaeran baizik. Bere herria bere hizkuntzan alfabetatzeko gai ez den botere autonomikoak bizi gaitu.
Euskararen batasunari buruzko bi ikusmolde aldera ditzakegu orain arte esandakoa argitze aldera. Alde batetik, Aita Villasanteren proposamena; eta, bestetik, Txillardegirena.
Euskararen auziaz (1988) liburutik hartuta daude Villasanteren ideia hauek: «Beharrezko ote da, euskara salbatzeko, gauza denetan hizkuntza hau erdararen parean jartzea eta honek bete ohi dituen zeregin guztiak euskarara aldatzea? Hori ere ez, agian. […] Sarri-askotan planteaketa erradikalen zale izan ohi gara; edo dena edo deus ez. Batzuek nahi lukete gaztelania Euskaditik errotikan erauzi eta haren ordez euskara landatu, eta eremu, langintza, sail, zeregin eta premia guztietan euskara soilki erabili. Baina honelako asmo eta plangintzek beldur naiz ez ote duten porrot eginen. Ez dezagun, arren, zentzua gal. Estrategia burutsu baten bidez beharko dugu euskararen bizitzea segurean jarri, ameskerietan eta abentura eroetan ibili gabe».
Txillardegiren ikusmoldea jasotzen duen aipua beste hauxe duzue: «Gure asmoa euskara batuaren beharra azpimarratu genuenean, neri dagokidanez esango nuke 55-56an hasi zela hori, ba ikusten genuen gure herrian behar genuela Hizkuntza Nazional bat. Guk ikusi dugu, nik behintzat beti ikusi dut euskararen arazoa, oraindik ere bai, guztiz proiektu nazional bati lotuta. Ez badago nazio proiekturik euskara batua, eta euskara piztutzea eta gauza horiek ez dute inongo sentidurik» (1988).
Villasanteren proposamena ez da duingarria euskaldunontzat, euskalduntasun etnokulturalera (erregionalera) kondenatzen gaitu, eskubidez dagozkigun funtzio komunikatibo hegemoniko nazionalak ukatuz-edo. Gure iritziaz, funtzio komunikatibo hegemoniko nazionalean errotua ez dagoen hizkuntzak eraikitzen duen komunitatea mendeko komunitate etniko erregionala izaten da. Beste era batean esanda, euskararen erabilerak gaur daukan estatus politikarekin ezin du kultura nazional modernorik bermatu. Ezin du hizkuntza batu normalizaturik legitimatu eta taxutu sozialki.
Aldiz, Txillardegiren aldarria besterik da. Txillardegik euskara batua nahi du euskaldunon nortasun eta askatasun nazionala bermatzeko. Nazio proiekturik gabeko euskara batuak ez du «inongo sentidurik» Txillardegirentzat