Apirilaren 21ean Trebiñu gabeko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako herritarrok berriz erabaki beharko dugu EAEko Legebiltzar berriaren osaketa. Inkesta guztien arabera Legebiltzar horrek gehiengo abertzale zabala izango du (gogoratu, gaur egun eserlekuen %70 abertzalea dela). Autodeterminazioaren aldeko indar politikoak berriz nagusi izango dira ,antza, Gasteizko parlamentuan. Borondate politikoa balego, beraz, posible izango litzateke prozesu subiranista bat abian jartzea Euskal Herriko Mendebaldean. Beste Lizarra-Garazi bat ituntzea. Hori egingo al dute EAJk eta EH BILDUk?
Gure ustez, koherentzia exijitzeko garaia da. Klabe nazionalean lan egiteko garaia. Euskal alderdi abertzaleek haien helburu teorikoetara egokitu beharko lukete beren praxi politikoa. Alderdi feminista bati berdintasunean aurrera egiteko politikak burutzeko exijitu behar zaion bezalaxe, edo alderdi ekologista bati legebiltzarrean ingurumen-politika ausartak lantzea, beren burua subiranistatzat duten alderdiei autodeterminazioaren aldeko urrats kualitatiboak ematea eskatu behar zaie.
Naziogintza Taldeak Trebiñu gabeko Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako legebiltzarrerako hauteskundeen aurrean bere ohiko eskaera egin nahi die EAJ-ri zein EH BILDU-ri: agenda nazionala ere lantzea. Gai sozialei eta gizarte-politikei inongo garrantzirik kendu gabe (zerbitzu publikoak, lan-politikak, etxebizitza, ongizatea…) gai nazionalak ere landu behar dira kanpainan zehar (euskara, lurraldetasuna, autodeterminazioa…). Hori ez egiteak gaurko marko politikoa ontzat ematea suposatuko luke, jarrera autonomista bat hartzea eta estaturik gabeko nazio zapaldua garela ahaztea.
Etsigarria izango litzateke abertzale eta independentista guztiontzat hauteskunde-kanpainan berriz entzutea Cuencako edo Albaceteko kanpainetan aipatzen diren gai berberak. Agenda nazionalak ere presentzia izan beharko luke kanpaina honetan, alderdi abertzaleen proposamenetan.
“Pazientzia estrategikoa” eskatzen zuen duela gutxi ezker abertzaleko buruzagi batek. Kontua da pazientzia eta konformismoaren arteko muga oso lausoa dela. Ez da bidezkoa abertzaleoi pazientzia eskatzea gure nazioa asimilazio prozesu bortitz batean sartuta dagoenean. Ospitale bateko ZIUn dagoen gaixoari ezin zaio pazientziaren izenean tratamendua atzeratu.
Guk zortzi proposamen labur eta zehatzak aurkezten dizkiegu EAJ-ri zein EH BILDU-ri, naziogintza arlokoak, hurrengo legegintzaldian landu ditzaten. Alderdi horiekin bildu gara eta eskuz eman dizkiegu. Hauexek dira:
1.- Hizkuntza Lege berria abian jartzea, 1982koa ordezkatuko duena. Lege honek, besteak beste, tratamendu berezia eman beharko die arnasguneei, euskara hutsez bizitzeko aukera emanez hizkuntza-arau berrien bitartez.
2.- Eusko Legebiltzarrean euskaraz hitz egin beti. Euskarari erabateko atxikimendua erakutsi bertan. Kontraesan nabarmena baita Europako parlamentuan euskararen ofizialtasuna eskatzea eta etxean espainierari hainbeste toki ematea. Gauza bera egin Espainiako parlamentuan ere.
3.- Bizitzen ari garen euskararen aurkako eraso-kanpaina sakon aztertu, lan pedagogiko bat garatu herritarrak sentsibilizatzeko euskararen alde eta hizkuntza planifikazio serio bat martxan jarri baliabide juridiko eraginkorrak aplikatuz. Hizkuntzen eskaintza-berdintasuna legez ezarri eta erabat babestu, bilndatu, behar da, inork urratzeko biderik izan ez dezan eta herritarrak nonahi euskara erabili ahal izan dezan.
4.- Lurraldetasunari dagokionez:
4.1) Trebiñuko auzia desblokeatu. Hurrengo legegintzaldian erreferendum lotesle bat egiteko oinarriak jarri. Gauza bera Villaverde Turtziozi dagokionez.
4.2) Nafarroako Gobernuarekin hitzarmen politikoa sinatu, bi komunitateen arteko erakunde politiko bat sortzeko, elkarlana bultzatuko duena hainbat arlotan: kulturan eta hizkuntzan, ekonomian, fiskalitatean, azpiegituretan, etab. Lehenengo urrats gisa Hego Euskal Herriko bateratze osorako.
4.3) Euskal Hirigune Elkargoarekin elkarlana sustatu eta hitzarmenak sinatzera iritsi. Bi estatuek ezartzen dizkiguten oztopoak gainditzeko konpromisoa hartu (esaterako, Iparraldeko ikasleek EHUn ikasteko dituzten zailtasunak ezabatuz).
5.- Estatus Politiko Berria hurrengo legegintzaldian onartu. Estatus politiko horrek puntu hauek, besteak beste, jaso behar ditu:
5.1) Euskal nazioaren autodeterminazio-eskubidea eta bera gauzatzeko mekanismoak.
5.2) Botere judizial propioa EAErako.
5.3) Kirol-arloan, euskal selekzio nazionalak nazioartean lehiatzeko baliabideak lortu
6.- Euskal Herri osorako Ikus Entzunezkoen Kontseilua eratu, nazio mailako adituek osatua, EITB erakunde publikoa zein gainontzeko euskal ikus-entzunezkoen lana orientatu, fiskalizatu eta garatzeko ardura izango duena, beti ere euskara nazio-hizkuntzaren eta euskal kulturaren garapen egokirako lana egingo duena. Alderdi eta erakundeekiko era independentean eta legitimazio osoz beteko ditu bere eginkizunak, eta haren erabakiak lotesleak kontsideratuko dira. Eta hartarako behar diren diru-kopuruak jarri euskarazko kateentzat, espainierazkoenak sendo murriztuz.
7.- Hauteskundeen ondorengo legegintzaldian, gai nazionaletan euskal alderdi abertzaleen arteko elkarlana lehenetsi. Alderdi bakoitzak arlo sozialerako dituen proposamenetatik harago, arlo nazionalean (euskara, aitortza nazionala, lurraldetasuna, autodeterminazio-eskubidea…) elkarrekin lan egin, gehiengo osoak ematen duen abaguneari etekin politikoa atera ahal izateko. Lizarra-Garaziko eredua erreferente politikotzat hartu.
Aurreko proposamena gauzatzeko begi-bistakoa da ezin dela aliatu nagusitzat hartu euskal agenda nazionalaren aurka dagoen ezein alderdi. Orain arteko praktika horrek ondo baino hobeto erakutsi digu Espainian asimilatzera garamatzala halabeharrez, gure helburuetatik geroz eta gehiago urrunduz.
8.- Zazpigarren proposamenarekin lotua, autodeterminazioa gauzatu ahal izateko eta Euskal Errepublika epe ertainean lortzeko (burujabetza baita EAJko zein EH BILDUko helburua, haien estatutuen arabera) bide-orri bat prestatu, eragile zibilen ekarpenak ere jasoko dituena. Helburu zehatzek planifikazio zehatza eskatzen dutelako.