EDITORIALA: ABIAN

NAZIOGINTZA gogoeta taldean mugitzen garenok aspalditik gaude kezkaturik euskal naziogintzak pairatzen duen itzalaldi informatiboarekin eta Euskal abertzaletasunak Euskal Nazioaren eraikuntzan jokatu behar zuen zereginarekin. Hutsuneak ikusten genituen eta hutsune horiek bete behar zirela pentsatzen genuen. Orain bidea egiten hasi gara: NAZIOGINTZA egitasmoa martxan jarri dugu.

Euskal Herriaren naziotasuna indartu eta Euskal Estatuaren aldeko urratsak eman nahi dituen taldea da NAZIOGINTZA. Eta ikusten ari zareten web orrialde hau bere bozgorailua eta nazioa eta estatua lotzen dituen proposamenen erakusleihoa izango da aurrerantzean.

Independentismoa eta abertzaletasuna batu egiten ditugu: independentismoa ikuspuntu abertzaletik landuko dugu, eta abertzaletasuna ikuspuntu independentistatik. Abertzaletasun autonomista arbuiatzen dugun modu berean, euskal identitaterik gabeko independentismoa ere baztertu egiten dugu. Nazioa eta Estatua, biak behar ditu Euskal Herriak, eta biek leku zabala izango dute NAZIOGINTZAn.

NAZIOGINTZAk kontzientzia nazionala hedatzea du helburu. Era berean euskal abertzaletasunari buruzko hausnarketa egin nahi du. Gure identitatearen zutabeak (hizkuntza eta kultura, bereziki) olatu globalizatzailearen aurrean sendotu eta indartu behar ditugu, Herri bezala bizirik jarraituko badugu. NAZIOGINTZA, gogoeta taldea izateaz gain, Herri mugimendu zabal baten sorrera bultzatzeko xedearekin ere jaiotzen da. Hori dela eta, gure egitasmoarekin bat egiten duten euskaldunei dei egiten diegu gure taldean parte hartzera. Horretarako nahikoa izango da web orrialde honetan aurkituko den formularioa betetzea eta guri helaraztea

Herrien Europan sinesten dugu. Europa zaleak gara, jakina, baina gure iritziz Europako egitura politikoa ez da estatuetan oinarritu behar, gaur egun bezala, Herrietan edo Nazioetan baizik. Horrenbestez, gure testuinguru geopolitikoko nazioen gaurkotasun-albisteak leku berezia izanen dute NAZIOGINTZAn. Gure taldea ohiko komunikabideetan tokia ez duten Europako Herrien ahotsa ere izango da. Harreman-sare zabala osatuko dugu gurea bezalako Europako Nazioekin (Katalunia, Eskozia, Gales, Flandria, Korsika, Galizia, Bretainia, Hego Tirol, Frisia…), eta elkarren arteko ezagutza eta kooperazioa bultzatuko dugu, haien xedeak eta gureak -funtsean- antzekoak direlako.

Abian gaude. Bide luzea dugu aurrean, helmugara iritsi arte. Eta zuekin guztiokin, irakurleak, egin nahi dugu ibilbidea. Euskal Herriak etorkizunean Euskal Herria izaten jarrai dezan. Bere biziraupenerako ezinbestekoa duen Estatua izan dezan. Bere hizkuntza, kultura, identitatea eta nortasun kolektiboa manten ditzan. Herri aske eta bizien multzoan egon dadin.