EDITORIALA: EAE-KO HAUTESKUNDEAK: NAZIOGINTZAREN ESKAERAK ETA PROPOSAMENAK

Trebiñu gabeko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Legebiltzarrerako hauteskundeak izango dira datorren uztailaren 12an. Eta hautestontziekin hitzordu garrantzitsu hori aintzakotzat hartuz, tribuna honetatik ezinbestekotzat jotzen ditugun eskaerak egin nahi dizkiegu euskal alderdi abertzaleei.

Lehenengo eskaera, eta garrantzitsuena, hauteskunde-kanpaina honetan agenda nazionala kontuan hartzea (euskara, autodeterminazioa, lurraldetasuna, kirol-selekzio nazionalak, demografia, …). Guk ez dugu gutxiesten bestelako gai sozialen garrantzia, inondik inora ere (are gutxiago koronabirusaren krisi latzaren ostean), baina ezin dugu alderdi espainiarren amua irentsi (“vamos a ocuparnos de los temas que de verdad preocupan a los ciudadanos, y no de la autodeterminación….”) eta euskal gai nazionalak zokoratu; burujabe ez garen Herri kolonizatuok estrategia suizida jarraituko genuke geure egoeraren abstrakzioa egingo bagenu; hau da, desagertzeko arriskuan dagoen nazioa garela ahaztuko bagenu. Albaceten edo Burgosen errepikatzen diren lelo politiko berberak erabiliko dituzte alderdi espainiarrek EAEko hauteskunde-kanpainan; gauza bera egin behar al dute hemengo alderdi abertzaleek?

Atalez atal zehaztuko ditugu gai horiek:

1.-) Euskara: euskararen arloan jauzi kualitatibo bat emateko garaia iritsi da. 1982ko Euskararen Legea dagoeneko zaharkituta dago: euskal gizarteak aldaketa handiak egin ditu eta egoera soziolinguistikoa ez da duela ia 40 urte izan zena. Horregatik euskarari erabateko lehentasuna emango dion Lege berri bat premiazkoa da, besteak beste, irakaskuntzan eta administrazio publikoan lana euskaraz egitea ahalbidetuko duen Lege berria. Alde batetik, euskararen erabilera soziala helburu estrategikotzat joko duen lege berria behar da eta bestetik, EAE-ko bi hizkuntza ofizialak modu unibertsalean (kide orok) ezagutu beharrekoak direla arautuko duena. Eta lege berria gauzatu bitartean, euskara erabili une eta toki guztietan. Esaterako: Zein legek debekatzen die politikari abertzaleei une honetan edo azken urteotan Eusko Legebiltzarrean euskara sistematikoki eta hizkuntza nagusi gisa erabiltzea?

ETBri dagokionez, ezinbestekoa da ETB1 katearen aldeko apustu irmoa egitea, baliabide gehiago emanez eta programazio erakargarriagoa eskainiz, gaur egun daukan audientzia eskasetik ateratzeko eta euskaldungoari ikusentzunezko tresna duin bat eskura jartzeko. Eta ETBko lau kateetatik hiru bederen euskaraz izatea, eta laugarrenak erdaldunei ere euskal kulturaren edukiak sistematikoki eskaintzea.

2.-) Autodeterminazioa: Gasteizko Eusko Legebiltzarrak bitan (1990ean eta 2014an) Euskal Herriaren autodeterminazio-eskubidea aldarrikatu zuen gehiengo osoz, baina gaur arte inork ez du ganorazko ezer proposatu aldarrikapen sinboliko horretatik harago joateko, hots, asmo hura egikaritzeko. Gure ustez, alderdi abertzaleei hauteskunde-kanpainan autodeterminazioaz eta independentziaz hitz egitea dagokie, eta ez soilik Aberri Egunean. Hor ditugu Quebec eta Eskoziako adibideak: Alderdi Quebectarrak autodeterminazio-erreferendum bat egiteko konpromisoa hartu zuen 1994ko hauteskundeetan Quebecen, eta hauteskundeak irabazi ondoren erreferenduma antolatu zuen. Gauza bera egin zuen Eskozian SNPk 2011n: Eskoziako Gobernura iristen bazen, autodeterminazio-erreferendum bat antolatuko zuela. Gehiengo osoa lortu zuen SNPk programa politiko horrekin, eta autodeterminazio-erreferenduma antolatu zen Eskozian 2014an. Bestalde, autodeterminazioa, NBEk hainbat itunetan aipatzen duen eskubide unibertsala den heinean, ez du inork baimendu behar, Giza zein Herrien duintasunari lotua baitago eta estatuen tresneria juridiko guztien gainetik dago. Bada, hauteskunde giro honetan, alderdi abertzaleei gogoratu egin nahi diegu autodeterminazio-eskubidea Kanadako Konstituzioak onartu ez arren, Quebec-ek, halere, bi aldiz gauzatu zuela; Kataluniak bezala, 2017ko urriaren 1ean.

Gure alderdietako batek proposatuko al du uztailaren 12ko hauteskundeetan gehiengo osoa lortzen badu urratsak emango dituela autodeterminazio-eskubidea egikaritzeko? Eusko Legebiltzarrak berak autodeterminazio-eskubidea bitan gehiengo osoz aldarrikatu zuen eskubide hori inork proposatuko al du praktikara eramatea? Espainiako estatuak ez duela autodeterminazio-eskubidea onartzen erantzungo digute zuhurrenek, baina bere Konstituzioaren 10. eta 96. artikuluek hori ahalbidetu egiten dute (ikus hemen: http://www.naziogintza.eus/inperialisten-gezurrak-eta-desobedientziak/).

3.-) Kirol-selekzio nazionalak: bada garaia herritarrengan hain zabalduta dagoen eskakizuna, hots, gure kirol-selekzioen aitortza ofiziala, Jaurlaritzak aurrera eraman dezan, urrats praktikoak emanez eta nazioartean Euskal Herriaren markarekin lehiatu nahi duten taldeei eta federazioei bere laguntza osoa bermatuz. Argi dago gaur egunean kirol-selekzioek berebiziko garrantzia dutela nazioen ikusgarritasunean, eta gure selekzioek Euskal Herriko enbaxadore lan hori bete dezakete neurri handi batean.

4.-) Lurraldetasuna: Trebiñu gabeko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Jaurlaritzak, lehentasunezko harremanak garatu behar ditu Nafarroako Gobernuarekin eta Lapurdik, Nafarroa Behereak eta Zuberoak osatzen duten Euskal Herriko Hirigune Elkargoarekin, erakunde mistoak sortzeko. Eta Trebiñuko eta Turtziozko auziak bideratu, askotan ahazten baitzaigu EAE barruan ere lurraldetasun-arazo zaurgarria daukagula. Ezin ahaztu bi enklabe horietako herritar gehienek Euskal Herriko parte izateko aukeratu nahi dutela erreferendumaren bitartez.

5.-) Demografia: jaiotze-tasa apalak gainditzeko demografiaren aldeko apustua abiatzeari behar-beharrezkoa deritzogu, bikote gazteak lagundu eta politika sozialen bitartez seme-alabak izan ditzaten (etxebizitza sozialak, familia- eta lanbide-bizitzak uztartzeko erraztasunak, soldata duinak…). Erronka demografikoa itzela da, eta gure ustez, orain arte euskal alderdi abertzaleek ez diote inondik inora serioski heldu gai honi.

Alderdi abertzaleak eta agintaritza bera ere, diasporako euskaldunak ere kontuan hartzen hasi beharko lukete, geure hizkuntza eta kulturari atzerrian eutsi dietenei edota ezerezetik abiatuta hartan murgildu direnei, Euskal Herriratzeko bideak irekiz.

Euskal Nazioaren garapenarekin lotutako lehen eskaera honek bigarren eskakizunera garamatza: aurreikuspen denen arabera inongo alderdi politikok ez du gehiengo osoa eskuratuko hauteskundeen ostean eta aliantzak eta itunak, beraz, saihestezinak izango dira. Bada, egoera horretan, herritarrek inkestetan maiz lehenetsi duten koalizioaren edo hurbilketaren alde azaltzen gara gu ere ezbairik gabe: EAJ eta EH-BILDUren arteko koalizio edo hurbilketa abertzalearen alde, alegia. Joko politikoan zilegi den hauteskunde-lehia baztertu gabe, bi indar abertzaleen arteko harremana ez gaiztotzea pausu garrantzitsutzat joko genuke, alderdi unionistei edo estatalistei (espainiar nazionalistei) aurre egin ahal izateko.

Horrenbestez, bi indar politiko horiei zera eskatzen diegu: publikoki azal dezatela beren iritzia idatzi honetan aurkeztu ditugun eskakizunei buruz, ziur baikaude, horiek bete ezean abertzale eta independentista asko umezurtz sentituko garela. Azken berrogei urteetako formulak agortuta daude eta etsipenera garamatzate. Proposamen politiko itxaropentsuak behar ditugu, jauzi kualitatibo bat eskatzen dugu. Konpromiso zehatzak ausardiaz eta koherentziaz hartzeko garaia heldu da Euskal Nazioa izenak dituen hitzak edukiz betetzeko.