Euskal abertzaletasun modernoak 125 urte bete ditu aurten. 1893 urrun hartan, Sabin Aranak bere Larrazabalgo diskurtso ospetsua luzatu zion lagun talde bati, euskal abertzaletasunaren abiapuntua izango zena. Aranaren hitzaldi haren muina, gune nagusia, gero arrakasta handia izango zuena, bikaina zen: euskaldunok ez gara ez espainolak, ezta frantsesak ere, eta independentzia politikoa erdiestea izan behar zuen mugimendu politiko berriaren xedea.
Ideia nagusia oso ona bazen ere, ez zuen asmatu Aranak bere formulazioan. Jakina denez, gure Nazioaren oinarria arrazan eta erlijioan finkatu zuen, hizkuntza bigarren mailan utziz. Flandria edo Kataluniaren eredua jarraitu beharrean, hizkuntzan oinarritutako abertzaletasunarena, alegia, Irlandako eredua lehenetsi zuen Sabinek, hizkuntza eremu sinbolikoen eremuan kokatuz, ikurren eremuan, ez bere diskurtso abertzalearen muinean. Ondorioak aski ezagunak dira: euskal abertzaletasuna, euskal gizartean eragin handia izan arren, ez da gai izan higadura linguistikoari aurre egiteko, eta hiztunak eta presentzia nabarmen galdu ditu euskarak azken 125 urteotan.
XX. mendeko 1950eko hamarkadan EKIN mugimenduko gazte abertzale batzuek, ikuspuntu berritzaile bat sartu zuten euskal nazionalismoaren diskurtsoan: arraza eta erlijioari ez zieten balio berezirik eman, eta hizkuntza jo zuten gure nazio-ezaugarri nagusitzat. Ikuspuntu berritzaile horrek poliki-poliki bidea egin zuen, abertzaletasun modernoaren oinarri ideologikoetan nagusitu arte. Ezker abertzalean ez ezik, eskuin abertzalean ere inork gutxik aipatzen ditu gaur egun arraza eta erlijioa, eta hizkuntzak duela 125 urte izan ez zuen protagonismoa hartu du, maila teorikoan bederen.
Beste gauza bat da alderdi abertzaleen praxi linguistikoa. Alderdi eta herri-mugimendu abertzale gehienek ez baitiote ematen gaur egun erabateko lehentasuna euskarari. Eta Joxe Manuel Odriozolak maisuki azaltzen duenez, euren diskurtsoan euskararen dimentsio etnikoa gailentzen zaio dimentsio nazionalari. Euskarari dagokionez zuhurtasun handiegiz jokatzen dute alderdi politiko abertzaleek; izan ere, beldur handia diote botoak galtzeari gure hizkuntzaren aldeko jarrera zorrotzak hartzen baldin badituzte. Era berean, independentzia lortu arte euskararen auziari ez zaiola aparteko garrantzirik eman behar diote beste batzuek, euskara independentzia eskuratzeko zama edo oztopoa bailitzan.
NAZIOGINTZA taldean ez gara botoen gatibu; ez dugu gure iritzia mugatzen duen inongo morrontzarik. Horrenbestez, abertzaletasun berri baten beharra ozen aldarrikatu nahi dugu. Euskara diskurtso eta praxi politikoen eta funtzionalen muinean jarriko duen abertzaletasun berria, koherentziaz jokatuko duena, Herrigintzaren tresna nagusia gure hizkuntza dela ulertzen duena, espainiarrengandik eta frantsesengandik bereizten gaituena. Euskarari dimentsio nazionala eta praktikoa, jantzia eta maila oneko erabilerakoa (eta ez etnikoa) emango dizkion abertzaletasun berria, gaur egungo egoera diglosikoari lehenbailehen eguneroko praktikarekin amaiera emango diona. Eta gure identitate kolektiboaren zutabe nagusia euskara dela konplexurik gabe aldarrikatuko duena eta hori funtzionamenduarekin frogatuko duena, identitateaz edo nortasunaz hitz egitea ia-ia debekatuta dagoen garai hauetan…. (baita hainbat eremu abertzaletan ere).
Euskararen Herria da gure Nazioa, euskarak izena eta izana ematen baitizkio Euskal Herriari. Euskararen Herriak euskaraz bizi behar du, bestela ez da izango Euskararen Herria. Eta Euskararen Herria aitortzen duen orok, herri horretakoa izan nahi badu, euskaraz bizitzera iritsi behar du arlo guztietan. Hori da hain zuzen ere askori atzera eragiten diona, euskaraz bizitzeko behar bezala prestatuta ez egotea, baina borondate, gogo eta ikaste kontua denez, horretarako, hizkuntza ondo ikasi eta eta ondo erabiltzera iritsi behar da eta hori izan behar du euskaldun sentitzen garen guztion lehen eginkizuna, eta ondorioz, baita abertzale omen diren talde guztiena ere: EUSKARAZ OSORO BIZITZERA IRISTEA. Horregatik, euskarari toki guztietan erabateko lehentasuna ematen ez dion euskal nazionalismoari iruzur hutsa deritzogu, alkoholik gabeko patxaranaren antzekoa. NAZIOGINTZA taldean Euskal Herriaren etorkizuna euskararen etorkizunari zeharo lotuta dakusagu: hizkuntza sendotzen badugu, Nazioa ere sendotuko dugu. Hori da gure ustez abertzaletasunak jarraitu behar duen ildoa euskal nazioaren etorkizuna bermatzeko eta burujabetzaren bidean urrats esanguratsuak emateko.
Premiazkoa deritzogu euskal abertzaletasunean gogoeta sakon bat burutzea gai honetaz, eta gure taldea prest dago hausnarketa horretan parte aktiboki hartzeko.