EDITORIALA: EZ DIRA 90, JUNCKER JAUNA

 

Ezjakintasun handia dago Europan (baita Euskal Herrian ere) gure kontinentearen estaturik gabeko nazioez. Gure irakurleek dakitenez, arlo horri garrantzi berezia ematen dio NAZIOGINTZAk, euskaldunon artean (baita abertzaleon artean ere) gurea bezalako nazioen egoera (Gales, Korsika, Flandria, Katalunia, Galizia, Eskozia, Faroe Uharteak, Hego Tirol,…) oso ezezaguna zaigulako. Herrien Europan sinesten dugunez, ezinbestekoa deritzogu nazio bidelagun horiekin harremanak garatzea, funtsean haien helburuak eta gureak (geure identitateari eutsi eta geure burujabetasuna eskuratu) berdinak direlako.

Horregatik, hain zuzen, hainbeste jakingura pizten du gurean Kataluniako aferak. Eta horregatik ere mintzen gaitu Europar Batasunak afera honetaz hartu duen jarrera hertsiak, Espainiako gobernuaren tesien alde lerrokatuz eta Kataluniako autodeterminazio­‑eskubidea ukatuz. Deitoragarria.

Jarrera oldarkorrena Europar Batzordeko presidentearena izan da, Juncker jaunarena. Nazionalismo guztien kontra dagoela ozen esan ostean (ez estatuen nazionalismoen aurka, jakina, estaturik gabeko Herriena baizik) garbi azaldu du estatuen kezka nagusia: “Kataluniak independentzia lortuko balu Europako beste lurralde batzuek gauza bera egin nahiko lukete”, eta berak ez duela nahi “90 estatu gehiago izango lituzkeen Europa”.

90 estatu berri? Benetan hainbeste estaturik gabeko nazio al daude ba Europan? Harritzen gaitu Juncker jaunaren ezjakintasunak, maila berean jartzen baititu eskualdeak eta nazioak….: Katalunia eta Extremadura, Euskal Herria eta Toscana, Eskozia eta Renania, edo Flandria eta Normandia. Bera bezalako arduradun politiko batek jakin beharko luke nazio bat zer den, eta ezagutu Europako estatuez gain beste errealitate linguistiko, kultural eta identitarioak ere badaudela gure kontinentean, folklore hutsetik harago….

Ez dira 90, Juncker jauna. Herrien Europa ezagutzen dugunok badakigu Kataluniaz gain, asko jota, beste 10-15 lurralde direla identitate sendo baten jabe, eta burujabetza‑nahia irmoa dutela. Nazio horiek ere badira (bagara) Europa, gure nortasun kolektiboa dugu, eta eskubide nazionalak ere bai, estatu askok sarritan errespetatzen ez dituztenak: eskubide linguistikoak, kulturalak eta politikoak, autodeterminazio‑eskubidea barne. Guk amesten dugun Europa eskubide horien babeslea da eta inondik inora ere ez eskubide horien ukatzailea. Eta Europa demokratiko eta justuago horren alde lanean jarraituko dugu Euskal Herritik NAZIOGINTZA taldean, beste nazio bidelagun horiekin batera.