EDITORIALA: HERRIEN EUROPA ETA M-26KO HAUTESKUNDEAK

Maiatzaren 26a da hitzordua Europako Parlamentuaren eserlekuak aukeratzeko. Eta esan gabe doa gurea bezalako estaturik gabeko nazioentzat funtsezkoa dela parlamentu horretan ahotsa izatea, ez soilik gure egunerokoari eragiten dioten gauza asko bertan erabakitzen direlako, baita burujabetzako prozesu bat abian jartzeko ezinbestekoa delako Europan aliatu sendoak izatea ere, Kataluniako prozesuak agerian jarri duenez.

Europako Legebiltzarrean europarlamentariak multzo politiko ezberdinetan biltzen dira. Une honetan, zortzi multzo politiko daude legebiltzar horretan. Zortzien artean, bakarra da estaturik gabeko herrien eskubide nazionalak defendatzen dituena: Berdeak-Europako Aliantza Askea (EFA). Multzo horretan integratuta dauden alderdien artean Kataluniako ERC, Galiziako BNG, Eskoziako SNP, Flandriako N-VA, Galesko PLAID CYMRU, Korsikako PARTITU DI A NAZIONE CORSA eta beste estaturik gabeko nazioen alderdi abertzaleak aipa daitezke. Europako Aliantza Askeak estaturik gabeko herrien autodeterminazio­‑eskubidea (oinarrizko Herri-eskubide nagusia) eta gainontzeko eskubide nazionalak tinko defendatzen ditu, estatuen Europaren aurrean.

Deitoragarria deritzogu Europako Aliantza Askea izeneko multzoan azken urteotan euskal europarlamentari abertzalerik ez egotea. Izan ere, Bruselako Legebiltzar horretan dauden hemengo bi parlamentari abertzale bakarrek (EAJko Izaskun Bilbaok eta EH BILDUko Josu Juaristik) beste talde politiko batzuetan dihardute: europarlamentari jeltzalea ALDE talde liberalean (Alliance of Liberals and Democrats for Europe), CIUDADANOS eta UPyD alderdi espainiar nazionalistekin batera, elkarren ondoan eserita; eta Juaristi jauna GUE/NGL taldean (European United Left-Nordic Green Left), IZQUIERDA UNIDA eta PODEMOS-en talde berean, hots, ezker espainolisten ondoan. Esanguratsua bezain tristea.

NAZIOGINTZAren ustez boto-emaile abertzale batek nekez uler dezake Euskal Herriko pertsona guztien interesen alde (beraz, interes nazionalen alde) lan egin behar duten euskal europarlamentariak katalan, eskoziar, korsikar, galestar, galiziar edo flandriar abertzaleekin batera ez jardutea Parlamentuan; izan ere, horiek baitira gure aliatu naturalak, ez CIUDADANOSek edo PODEMOSek ordezkatzen dituzten talde politikoak.

Horregatik, dei berezia egiten diegu tribuna honen bidez, EAJ zein EH BILDUri, gai honetaz hausnarketa egiteko eta Europako Legebiltzarreko hurrengo legealdian euren ordezkariak Berdeak-Europako Aliantza Askea multzoan sartzeko. Uste osoa dugulako multzo parlamentario horretatik gure Herriaren eskubide nazionalak hobeto defendatuko dituztela. Katalanek, eskoziarrek edo flandriarrek aukera horren alde egiten badute… guk zergatik ez? Ala beste interes batzuk lehenesten ari dira interes nazionalen aurretik?