EDITORIALA: KATALUNIA, EGIAREN ORDUA

Bost urte bete dira Kataluniako gizartea (ANCk sustatuta) independentzia nazionala ozen eta masiboki eskatzen hasi zenetik: 2012ko Diada ordura arteko inoizko jendetsuena izan zen (milioi bat lagun baino gehiago Bartzelonako kaleetan), eta “Independentzia” oihua beste eslogan guztiei gailendu zitzaien. Lurrikara hark soka luzea ekarri zuen, eta ordura arteko alderdi autonomista nagusia (Convergència Democràtica de Catalunya) egun gutxitan independentista bihurtu zen.

Herriolatuak bultzatuta, Kataluniako Gobernua burujabetzaren aldeko urratsak ematen hasi zen: 2013ko urtarrilean bere Parlamentuak Kataluniako erabakitze eskubidea eta burujabetzaren aldeko aldarrikapena onartu zituen. 2014ko azaroan erreferendum bat antolatu zuen, eta harrezkero katalan agintariek jarrera independentista argia hartu dute, aurtengo urriaren 1erako autodeterminazio erreferenduma proposatu arte. Espainiako Gobernuaren jokaera, espero zenez, guztiz hertsia izan da, eta indarkeriarik gabeko prozesu demokratiko eredugarri baten aurrean mehatxuen hizkuntza besterik ez du erabili. Bere ahuleziaren erakusgarria.

Nazioa denez, Kataluniari dagokio Herri orori dagokion autodeterminazio eskubidea, NBEk onartutako eskubide demokratikoa (Euskal Herriari ere badagokiona noski). Kataluniako Gobernuak eta bere aliatuek, bertako Parlamentuan gehiengoa dutenek, eskubide hori orain gauzatzea erabaki dute, estatuarekin erreferendum horren baldintzak negoziatzen alferrik saiatu ondoren. Legezkotasun espainiarraren eta zilegitasun demokratikoaren artean, katalanen hautua bigarren horren aldekoa izan da, legeak gizartearen zerbitzurako izan behar duela , eta ez alderantziz, ongi ulertu dutelako.

Fase erabakigarrian sartzen ari da Kataluniako autodeterminazio prozesua. Kartzelara joateko prest dagoela berretsi du Puigdemont presidenteak. Trenen talka saihestu ezina da. Bide judiziala eta zigortzailea da espainiar gobernuak eta Espainiako alderdi politiko gehienek proposatzen duten irtenbide bakarra katalanen eskaera demokratikoei aurre egiteko. Hain itxia eta fanatikoa da haien inperialismoa, ezen ez dira ohartzen katalan gobernuaren kide guztiak espetxeratuta ere ez dutela ezer geldituko, gizarte zibila -klase politikotik harago- baita prozesu horren protagonista nagusia.

Eta Euskal Herrian zer? Prozesu eredugarri baten lekuko pasiboak izaten ari gara alde batetik, orokorrean euskal gizartearen jarrera oso epela izan delako, eta beste aldetik, euskal klase politikoak ez du katalanak laguntzeko gogo handirik erakutsi orain arte. Gure kontzientzia nazional eskasaren beste sintoma bat da, hamaikagarrena.

NAZIOGINTZA-ren ustez sei dira Kataluniako autodeterminazio prozesuak ematen dizkigun ikasgai nagusiak, geureganatu beharko genituzkeen irakaspenak, geure bide propioa egin aurretik:

1.- Gizarte zibilaren mobilizazioaren garrantzia prozesu independentista bat abiatzeko.

2.- Herri mugimendu sendo baten beharra, anitza eta zeharkakoa (ANC), jendearen ilusioa eta motibazioa pizteko gaitasuna duena.

3.- Alderdi politiko abertzaleen arteko elkarlana, ezker/eskuin liskarretatik eta hauteskunde kalkuluetatik harago Aberria dagoela garbi ulertzearen ondorioa.

4- Agintari politikoen lidergoa eta kemena (bereziki, Generalitateko presidentearena) espainiar legalitatearen aurretik Kataluniako herriaren borondate demokratikoa dagoela ulertu duenarena, eta hori defendatzeko azken ondorioetaraino joateko prest dagoenarena.

5- Herri kontzientzia bat egotea, kontzientzia nazionala, autodeterminazio eskubidea egikaritzeko akuilu nagusi izango dena.

6.- Maximalismoen gainetik (Països Catalans) pragmatismo politikoaren aldeko hautua (Katalunia) egin izana. Nazio beraren lurraldeek erritmo bera ez dutela onartzea, eta -etorkizuneko helburuei uko egin gabe- egingarria den tokian prozesu independentista abiatzea