Azken asteotan, berria eta isolatua ez izanagatik, sona handi samarra hartu duen albiste batek astindu ditu gure begi-belarriak. Orion sustrai sakonak dituen Arraunketa Elkartean aritzen diren kirolari gazteek erdaraz jasotzen dituzte arraunketan aritzeko jarraibideak eta aholkuak beren entrenamenduetan. Hori ondo dakite Orion arraunketa hurbiletik bizi dutenek, eta idazki hau ez da oraingo albiste baten fruitu, Euskal Herriaren gizartea, oro har, eta arnasguneak, bereziki, astintzen dituen errealitate oso kezkagarri baten emaitza baizik: erdararen eta erdaldun elebakarren sarrera masiboa orain arte euskaldunak izan diren giroetan.
Ez dira hamarkada gutxi, gure Herriak apustu sendo bat egin zuela bere nortasunaren iraupen eta etorkizunaren alde, beharrezko egiturak jarriz belaunaldi berriek, hala ikastolen nola beste kultur elkarteen bidez, euskal hizkuntzaren eta kulturaren erabilerari zein haien transmisioari eusteko. Kirol-arloa biziki garrantzitsua da gazteen garapen afektiboan, eta hor dago, hain zuzen ere, hizkuntzari atxikirik jarraitzeko gakoetako bat. Kirolak, gainera, lehen mailako erreferentzia sinbolikoa eta balio integratzailea du haren inguruan biltzen den jendartearentzat.
Orioko Arraunketa Elkarte horretan, erdal entrenatzaile bat jarriz, zapuztu egin da euskararen balio integratzailea, baina ez soilik Orion, tamalez gauza bera gertatzen baita beste hainbat herri euskaldunetako arraun-elkarteetan. Euskaldunak arroztu egin dira, espainiar erdal atxikimendua sustatu egiten da, eta lotsarik gabe ereiten jarraitzen da desnazionalizazioaren hazia, gazteek lehen eskutik puri-purian bizi dutena. Argi dugu: ez da oso eredugarria bizitza-erdia euskaldunen artean kirolean ibili den pertsona bat erdaraz azalpenak ematen jartzea arraunketan, eta dagokion Euskal Herriko hizkuntza ez jakitea, eta bai guztiz galgarria. Gure hizkuntzan bizi nahi duen Herria gara, euskaldun eta euskaltzale ugariren lan eta nekez, ilusio eta pozez eraikia eta eraikitzeko bidean. Alde horretatik, bat egiten dugu osoki Bilboko jaietako pregoian Itziar Ituñok kemenez beterik ildo beretik egin zuen aldarriarekin.
Ez, ez da integratzailea Orioko Arraunketa Elkartean (eta Orio bezalako beste herri euskaldunetan ere) entrenatzaile erdalduna jartzea, desintegratzailea baizik, eta Herri honek hainbeste izerdiz eta nekez bizirik irauteko eta integrazio asmoz eraikitzeko egindako apustuaren justu kontrako noranzkoan doa. Hala ere ez da nahikoa entrenatzailea eta patroia euskaldunak izatea, ikusi baititugu patroiak aginduak erdaraz ematen, taldean arraunlari erdaldunen bat dagoenaren aitzakian. Oinarrizko euskara baino ez da behar patroiaren aginduak eta azalpenak ulertzeko, eta arraun-elkarteek gutxiengo hori derrigorrez eskatu beharko liekete arraunlari erdaldunei. Arraun elkarte batek zer errespetu dio bere buruari eta herriari arraunlari guztiak erdaraz mintzatzen jartzen baditu, erdaldun batzuei betekizun erraz hori ez ezartzeagatik?
Bada, dei egiten diegu herriko eta elkarteko eragileei gai honetan benetako erabaki integratzaile baten alde indar egin dezaten, herri-nortasuna errespetatuz. Bide batez, bihoakie gure babes eta sostengu osoa Orioko euskaltzaleei, gehiago edo gutxiago zapuzturik ikusi baitituzte euskal herrigintzan zituzten aurreikuspenak eta ilusioak.