Igor Odriozola
2021-05-12an, ZUZEU.
Euskaldunok oso autoestimu baxua daukagu. Azkenaldian, Paul Bilbao Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiari entzuna diot herri honetan gertatzen den paradoxa bat dela elebakarrak elebidunari leporatzen diola bera dela euskararen egoeraren erantzulea. Horren erakusgarri dira «el euskera está así porque no se habla» edo «si no lo habláis ni los propios euskaldunes» moduko esaldiak, eta euskalgintzan bertan, pixkanaka-pixkanaka, diskurtso hori barneratzen ari ei gara.
Niri ere oso ezagunak egiten zaizkit halako esaldiak, eta iruditzen zait, modu horretara eta beste batzuetara, erdaldun horiek baliogabetu egin nahi dituztela gure diskurtso euskaltzaleak, euskararen egoeran euskara ikasi ez dutenen ardura saihestuz eta, gainera, euskaldunoi egotziz. Jokaldi biribila.
Baina erdaldunen ardura…? Zergatik hitz egiten dugu hain gutxi Euskal Herriko erdaldunek euskararen egoeran duten ardurari buruz? Zergatik isiltzen gara zuzen ala zeharka erdaraz egitera behartuz gure hizkuntza-eskubideak urratzen dituztela baina berdin diela ikusten dugunean? Zergatik onartzen diegu esatea Euskal Herriko eskoletan euskaraz irakastea derrigortzea dela eta ez dutela ikasteko ahaleginik egin nahi? Zergatik interpelatzen gaituzte, etengabe, eta gure lekua zein den gogorarazten? Eta guk, aldiz, seduzitu egin behar ditugu…?
Euskaraz egitea, gaur egun, hautu politikoa da. Egoera deserosoak sortzen ditu, maiz, euskara erabiltzeak, eta egoera horien erantzule, gainera, geu egiten gaituzte. Izan ere, zergatik tematzen gara euskaraz egiten, erdaraz mundu guztiak ulertzen gaituenean…! Zergatik egiten ditugu nabarmenkeria horiek…!
Irene Arrarats Berriako euskara arduradun eta feministak dioen bezala, euskara ikasteko aukera izan eta ez ikastea ere hautu politikoa da, erdal kulturaren aldekoa. Naturalizatuta dagoena erdara erabiltzea denez (hizkuntza gailena eta ez-markatua delako), ematen du ez dagoela politizatua; baina erdara erabiltzearen oinarrian dagoen jarrera, jakina, badago.
Idurre Eskisabelek, azaroan egindako Euskara eta feminismoa bidelagun jardunaldien lehendabiziko saioan, euskaldunon interpelatu beharraren garrantzia aipatzen du; alegia, erdaldunari esatea: “zeu zara ez didazuna uzten ni naizen hau izaten”. Feminismoak oso modu eraginkorrean erabili du interpelazioa, eta auzi demokratiko eta unibertsal bihurtu du, eremu publikoan nahiz pribatuan gauzatuz. Eskisabelek dioenez, euskaltzaletasunaren ikuspegitik ere egin beharko lirateke interpelazioak, nahiz oso ondo pentsatuta noiz, nola…
Oraindik sakon lantzeke dagoen gaia da euskaraz ikasi nahi izan ez duten erdaldunak interpelatzearena, eta heldu beharko diogu noizbait horri ere. Euskal Herriko leku askotan, ez da erraza euskaraz bizitzea, eta borroka etengabean ibili behar izaten gara errealitatearen eta gure euskaltzaletasun-kontzientziaren artean. Batzuetan, estres linguistikoari aurre egiteko indartsu sentitzen gara; beste batzuetan, aldiz, ez gara ahalegin handirik egiteko umoreko egoten, eta zuzenean erdarara jotzen dugu gatazkak saiheste aldera. Baina egoera batean zein bestean, euskaldunok beti dugu gatazka. Erdaldunekin, giro erdaldun batean euskaraz egin izanagatik; eta geure buruarekin, euskaraz egin ez izanagatik.