ESPAINIA BARRUAN, EZIN

Karmelo Landa

2019-12-8an, ARGIA.

Zer dela eta lagundu behar dugu euskaldunok eta katalanek Espainian “gobernu  progresista” bat osa dezaten? Gobernu espainiarra (edozein koloretakoa) osatzen laguntzen duenak Espainiako Estatua osatzen laguntzen du. Ez dago gauza kaltegarriagorik Kataluniarentzat edota Euskal Herriarentzat Espainia osatua baino. Espainia Francorekin, haren aurretik eta haren ondoren, euskaldunon eta katalanen aurkako proiektua delako. Ez dago Espainia barruan estatu plurinazionalik eraikitzerik, Espainia bera delako beste nazioen ukazioan oinarritzen den ultranazioa. Hori ez dute sekula negoziatuko, hori inposatu egiten dute beti.

“Euri gortina batek ixten du gure kalendarioa”, zioen Joxe Azurmendik. Euriak ez digu uzten, nonbait, paisaia erreala ikusten. Itsutu egiten gara, gortina horren atzetik zer ote dagoen asmatu ezinik

Euskaldunok geure historia luzean eta geure azken esperientziatik ikasi ez badugu, nahikoa dugu Katalunia aldera begiratzea, une honetan ere Espainia zer den eta nola jokatzen duen ikusteko, eta hortik zer espero daitekeen konturatzeko. Adibide baterako, hauxe: azken denboretan bizi izandako guztiaren ondoren, horrek guztiak utzi dituen hondarrak neurtu nahian, azterketa zabala egin berri du estatu osoan Centre d’Estudis d’Opinió erakundeak, eta emaitzak guztiz esanguratsuak dira: Andaluzian, Madrilen, Extremaduran, Kantabrian edo Asturiasen… guztiz zuzen eta egoki ikusten dute politikari katalanen kartzelaratzea; ez dute Katalunian erreferendumik onartzen, Espainia nazio bakarra eta banaezina delako, eta abar. Beraz, Madrilen gobernuan legokeen balizko “progresista” batek horrela nahiko balu ere –eta berau hipotesi fiktizioa da–, ezingo luke planteatu ere egin. Espainian mendeetan sortu duten  oinarri, substratu eta muin ideologikoa hor agertu den hori delako. Hori ukitzen baduzu, akabo Espainia bera.

Katalunian zein Euskal Herrian, independentzia ez da kapritxoa. Nortasun propioa dugun nazio moduan existitzeko ezinbesteko baldintza da. Izan ala ez izan. Beti egin zait harrigarria gure arteko batzuek “Espainia barruan eroso bizi” aukera  adieraztea. Ezinezkoa baita. Benetan euskaldun sentitzen den inork esan dezake gaur egun eta hemen “ni espainola naiz” eta eroso sentitu? Hasteko, euskaldunak eta katalanak “espainola naiz” esatera behartu egiten gaituzte egunero, hitzez eta idatziz, guk nahi ala ez. Izango da, bai, erosotasun mota baten truke nortasuna saltzeko prest dagoenik, eta ez dut adibiderik jarri behar.

Izango da gurean fede oneko euskaldun zintzorik pentsatzen duenik estatus berria adostu daitekeela berton, gure artean, eta gero Madrilera joan, hori indartsu negoziatzera. Baina bistakoa da esperantza horrek zenbat irauten duen hemen: Madriletik “balizko gobernu progresistak” buruzagi jeltzaleengana keinu bat luzatzen duen unean, akabo estatus berrirako aliantza.

Zer, orduan? Subiranisten aliantzak bai, Katalunian zein Euskal Herrian, baina independentziara daraman bidea ondo diseinatuta. Euskal errepublikaren diseinu demokratikoa, integratzailea eta aglutinantea, modernoa eta ez-baztertzailea behar dugu. Bai, baina euskal errepublikarena, gero. Independentea, estatu propioan eratua. Bestela, ipuinetan ari gara. Ezin baita irudikatu Euskal Errepublika, Monarkia parlamentario espainiar horren barruan, ene ustez. Has gaitezen, bada, Monarkia horren gobernuak lagundu ordez, gure Errepublikarako bide zehatzak zabaltzen. Bada garaia.