XABIER LAKARRA BEROITZ.
Argudio praktiko eta ekonomikoez gain, abertzaleok euskal estatua gure nazioaren biziraupena bermatzeko eta gure hizkuntzaren egoera diglosikoari amaiera emateko tresna gisa ere ikusten dugu. Izan ere, euskal errepublikak bestelako estatus juridikoa eta bestelako erabilera praktiko-administratibo eta publikoa eman beharko lizkioke euskarari, lehentasunezko hizkuntza bihurtuz. “Estatu batekin ez dakit euskara salbatuko den, baina estaturik gabe, ziur ezetz” zioen Txillardegik. Estatua ezinbestekoa zaigu, bistan da, Herri bezala globalizazioaren olatuan ez desagertzeko.
Kataluniako errepublikaren konstituzioa idazterakoan hizkuntzaren gaiak hautsak harrotu zituen, eta independentisten arteko talkak ez ziren samurrak izan. Zein izango litzateke katalan estatuaren hizkuntza ofiziala? Katalana soilik? Katalana eta espainiera?
Independizatu diren Europako nazioetan nolakoa izan da berezko hizkuntzaren bilakaera? Ona kasu gehienetan, salbuespenak badaude ere. Egunen batean gertuko eredu batzuk analizatu beharko ditugu, gurea ezartzeko orduan ez tronpatzeko… Artikulu honetan, hasteko, bi kasu antagonikoen azterketa egingo dut: Estoniakoa eta Irlandakoa.
ESTONIA, HIZKUNTZAREN DEFENTSA IRMOA
Estonia 1991ean independizatu zen SESBetik. Une hartan, populazioaren herena errusiar hiztuna zen eta ez zekien estonieraz. Hori ez zen oztopoa izan, baina, errepublika berriaren hizkuntza ofizial bakarra estoniera izendatzeko.
Estonia Errusiaren eta gero SESBen menpe egon zen urte luzeetan. Desnazionalizazio eta errepresio latza sufritu zuen Stalinen garaian. Stalin genozidak milaka estoniar fusilatu eta beste hainbeste Siberiako kontzentrazio-guneetara bidali zituen. Horretaz gain, inperialista guztien antzera, Stalinek populazio-mugimenduak ere erabili zituen estoniarren kultura, hizkuntza eta identitatea suntsitzeko: berak eta bere ondorengoek 400.000 errusiar bidali zituzten milioi bat biztanle eskas zituen errepublika baltiko horretara. Errepresioa eta desnazionalizazioa, euskaldunok oso ondo ezagutu dugun binomioa, gurean beste diktadore batek -Franco- zorrotz aplikatu zuena.
Gaur egungo Estonian oraindik badaude etorkin errusiarrak eta euren ondorengoak estonieraz ez dakitenak. Eta, okerragoa dena, estonieraz ikasi nahi ez dutenak. Hori gutxi ez eta Estoniako gobernuaren politika linguistikoak ozen salatzen dituzte, “baztertzaileak” eta “asimilazionistak” direlakoan.
Kontuan hartu behar da sobietarren aroan estoniarrak eskoletan errusiera ikastera behartuta zeudela, eta ondorioz bertan bizi zen errusiarren gehiengoak ez zuen bertako hizkuntza ikasi. Gaur egun ere ez dira gutxi Estonian errusiar jatorrizko herritarrak, eta haien ondorengoak, estonieraz ulertzen ez dutenak (estoniera eta errusieraren arteko distantzia linguistikoa handia baita). Bertako nazionalitatea lortzeko, estonierazko azterketa bat gainditu behar dute errusiar hiztunek. Gainditu ezean, ez dute nazionalitatea eskuratzen.
Politika honen bitartez euren kultura eta hizkuntza tinko defendatzen dute estoniarrek. Politika honen aurka daudenak, jakina, Errusiako inperialismoaren alde lerrokatzen dira, inork ezin baitu esan estoniar gobernuaren politikak irekiak ez direnik: ez dira politika etnikoak, nazionalak baizik. Edozein herritarrek, dena dela bere jatorria, nazionalitatea lor dezake bertako hizkuntzaren ezagutza frogatzen badu. Hizkuntza ez baita Estonian “asimilazioaren” tresna, integrazioarena baizik; hots, gizartea kohesionatzeko tresna.
Eta Estoniako agintarien politika linguistikoak “faxistatzat” hartzen dituztenei (tartean, hainbat euskalduni) gogoratu beharko litzaieke estoniera hiztun gutxiko hizkuntza dela, oso hiztun gutxikoa errusieraren aldean, eta askoz hiztun gehiagoko hizkuntzak dituzten estatu gehienek (Frantziak eta Espainiak, besteak beste) antzeko hizkuntza azterketak ezartzen dituztela nazionalitatea eskuratzeko. Estoniarrek ez dute ezer berezirik asmatu, beraz.
Txillardegik aspaldi aipatu zigun: Estoniako legerian ez dago elebitasunik. Elebitasuna gizartean dago: bertako nazio-hizkuntza, gehi errusiera. Eta elebitasun hori batez ere bertakoen artean dago, etorkin asko errusiar elebakarrak direlako. Betiko leloa.
IRLANDAN HIZKUNTZA KONTUETAN UTZIKERIA NAGUSI
Irlandako 26 konderrik independentzia politikoa 1922an lortu zuten. Independentzia politikoa diot, independentzia linguistiko eta kulturala Irlandak oraindik ez duelako eskuratu, nagusiki anglofonoa baita.
Irlandako estatua ez da 100 urteetan gai izan bertako hizkuntzaren higadura soziolinguistikoa eteteko: 1922an, sortu zenean, irlandarren %15 inguruk gaelikoa zuen ama-hizkuntza; gaur egun, %2ak soilik. Bistan da, ikuspuntu soziolinguistikotik, Irlanda huts egindako estatua dela.
Hizkuntzarena gai folklorikoa izan da, eta da, Dublingo gobernu guztientzat. Alderdi politiko guztiak teorian gaelikoaren alde egon arren, praktikan utzikeria linguistikoa nagusitzen baita gehienetan.
Datuak beldurgarriak dira, latzak eta izutzeko modukoak: Irlanda aske osoan, ikasle guztien %6ak soilik ikasten du murgiltze-ereduan. Ez dago gaelikoz idatzitako egunkaririk. Telebista kanal bakarra dago gaelikoz (TG4), ingelesari ere leku zabala ematen diona. Dublingo parlamentuan gaelikoaren erabilera guztiz sinbolikoa da: %3a. Irlandar administrazioak ingelesez funtzionatzen du, etab.
Oraindik gogoratzen dut lagun kazetari batek aspaldi aipatu zidan pasadizoa: Fine Gael alderdiaren egoitzara joanik hizkuntza-politikako arduradun batekin hitz egitera, bertako batek, lehor, zera ihardetsi zion: “Hemen ez dugu hizkuntza-politika egiten, hemen politikan besterik ez dugu jarduten”
Independentzia lorturik, irlandar gehienek uste zuten estatu berriarekin irlandera berreskuratzeko neurriak hartuko zirela, baina errepublikako “guraso” horiek balio sinbolikoa besterik ez zioten eman gaelikoari, ez balio praktikoa. 1937ko Konstituzioan nazio-hizkuntzatzat jotzen da gaelikoa, baina ez hizkuntza ofizial bakartzat: “Irlandera, hizkuntza nazionala denez, lehenengo hizkuntza ofiziala da“. Goreneko lekua eta hitz politak bai, baina praktikan beste hizkuntza ofizialari -ingelesari- ateak parez pare ireki zizkioten Irlandako konstituzioa idatzi zutenek.
Funtsean, Irlandako akatsa izan da bere identitate propioa ez duela hizkuntzaren ardatzean eraiki (Estonian bezala), erlijioaren inguruan baizik. Herri zapaltzailetik bereizteko, nazio zapalduek faktore diferentzialen beharra dute, euren identitate propioa sendotzeko. Irlandarren kasuan, euren katolizismoa zen ingeles inperialistengandik (anglikanoak eta protestanteak) bereizten zituena.
Naziotasunaren zutabean ez dute inoiz politikari irlandarrek -salbuespenak salbuespen- hizkuntza jarri, eta horrek ondorio gaiztoak ekarri ditu: gaur egun, Irlandako errepublikaren 26 konderritan herritarren gehiengoak ez du berezko hizkuntza gehiegi baloratzen, eta kontzientzia linguistikoa oso ahula da. Asko dira azken boladan irlanderaren derrigortasuna Irlandako eskoletan kendu nahi dutenak (ikasgai bezala irakasten da gaelikoa), eta baita murgiltze-ereduari buruz iritzi ezkorrak dituztenak…. Panorama latza hizkuntzaren biziraupena bermatzeko.
Gogora ekarriko dugu berriz Txillardegi, berak oso ondo deskribatu zuelako Irlandako egoera linguistikoa: “hipokresia gailentzen da Dublingo gobernuaren jarreran hizkuntza nazional deitzen duten horrekiko. Erabakita dute gaelikoari balio sinbolikoa besterik ez ematea: izendapenak, bilera agurrak, etab. Hots, jarrera guztiz folklorikoa”
ETA GUREAN?
Biharko Euskal Errepublikan hizkuntzaren gaia eta euskarari emango zaion tratamendua tentuz aztertu beharko dira, asko baita jokoan dagoena. Estoniakoa eta Irlandakoa muturreko adibideak dira, eta ziur aski ez bata eta ez bestea ere ezingo dira Euskal Herrian aplikatu, gure egoera soziolinguistikoa bi horietatik ezberdina delako. Gurean arreta jarri behar da euskararen alde egiten diren arau eta legeen inguruan, baina batez ere arreta jarri behar da erabileran eta erabileraren bitartez gertatzen diren ereduen inguruan, legeak eta praktikak kontrajarriak izan daitezkeelako. Horrenbestez, eredu linguistiko propioa asmatu beharko dugu. Izan dadila artikulu hau ekarpen xume bat eredu bat eta anti-eredu bat ezagutzeko.
Eranskina: Gatazka linguistikoa Estonian (ARGIA aldizkariaren dokumentala):