Joan den urriaren 16an ETB1en “Irrikitown” programaren hasiera ikusi genuen, bi eszena, “Vaya semanita” eta abertzaleen aurkako antzeko programak egiten dituen taldeak burutua. Programa arratsaldeko 21:20an izan zen eta, denok dakigunez, ETBk eta programa horiek egiten dituzten enpresak eta aktoreak diru publikoaz hornitzen dira.
Bada, lehenengo eszenan ikurrina eta Euskadi hitza duen txanoa daraman aktore bat agertzen da, Santo Tomas jaiaren giroan murgilduta; bera da eszenaren protagonista. Ohi bezala festa honetan, aktoreak txistorra jaten du, baina modu zikinean edo inolako heziketarik ez duen giza-zerri moduan. Ondoren taberna bateko barran agertzen da protagonista, neska baten ondoan; ez du inolako sentiberatasunik agertzen harremanetan; korroskadak botatzen dizkio nazka keinuak egiten dituen neskari eta, are larriagoa, eskua sartzen dio neskari gona azpitik, sexu eraso argi bat burutuz. Amaitzeko protagonista parkeko banku batean agertzen da erabat mozkortuta, beste bi lagunen ondoan.
Bigarren eszena ohe gainekoa da eta bertan euskaldun abertzale bat sexu-harremanetan ez-gauza gisa agertzen da, inpotente. Hala ere “Gora eta gora” ereserkia entzunda zakila altxatzen zaio. Ez du arrakasta lortzen, ordea, berehalako eiakulazioa egiten du eta neska lagunak bertan behera uzten ditu harremanak.
Eta gure galdera honako hau da: zer gertatuko litzateke protagonistak Espainiako bandera eramango balu? Zer eszena batean espainiar bat heziketarik gabea, zerrien pare, bortxatzaile eta mozkorra aurkeztuko balitz? Duela hilabete batzuk liskar bat egon zen, batez ere Espainian, eta zigor penalak ere eskatu ziren ETBko programa batean espainiarrei buruz “barrez” aritu zirelako. Eta ETBk aipatu programa bertan behera utzi zuen berehala. Orduko programa horretan ez zuten adierazi, ordea, espainiarrak heziketarik gabeak, mozkorrak, zerriak, inpotente eta bortxatzaileak zirenik.
Euskaldunon kontura barre egitea atsegin dute “Irrikitown”, “Vaya semanita” “Ocho apellidos vascos” eta talde horietako zuzendariek eta gidoilariek. Katalunian, arrakasta gehien duen umorezko programa “Polonia” izenekoa da. Bertan, ez katalanen kontura, baizik eta Rajoyren kontura, Guardia Zibilaren kontura edo politiko espainiarren kontura egiten dute barre. Bertan kontzientzia nazionala dutelako eta auto-gorrotoa ez dutelako sustatzen.
Amaitzeko, gure politikoak bizikidetza eta errespetuari buruz ari dira etengabe. Bada, haiek finantzatzen dute ETB eta haiek dira halako programen erantzule. Hau al da haien elkarkidetza eta errespetua? Noiz arte erabiliko da gure dirua gure sentimenduak eta gure kultura gutxiesteko eta laidoztatzeko?