Karmelo Landa
2021-02-14an, ARGIA.
Ez gatoz hutsetik, ez gara hautsa. Euskaldunok badugu gure nazioa ondo sustraitu eta finkatzeko moduko oinarri zientifiko eta teorikoa, zorionean. Maisu bikainak izan ditugu XX. mendean zehar, nazioaren arkitektura eta diseinua modu miragarrian gauzatu dituztenak. Gaur mahai gainera ekarri behar ditugu haien ekarpenak, horren beharrean gara.
Nazio baten bizkarrezurra hizkuntza bada, hortik hasi nahian abiatu zen prestu Salamancaraino 1958 hartan Koldo Mitxelena, euskarari lehen katedra unibertsitarioa eman eta, urteetara, ezinbestekoa genuen koine dialektos edo euskara bateratuaren oinarriak prestatzera. Hogei urte lehenago frankisten heriotza zigorretik txiripaz libratu zen Mitxelena bera, orduko argaltasun estremoaz baliatuz (euskararen orduko egoeraren sinbolo), gerora euskara batuaren giharra izango zena. Txillardegik Parisko Sorbona lehen eta Ameriketako Estatu Batuetan Los Angeleseko UCLA gero hartu zituen ikas gunetzat, eta herrira itzultzean, funts teoriko osoz ondorioztatu zuen Euskara, eta are Euskal Herria bera, Estatu propioa izan beharrean dagoela ezinbestean, bizi nahi badu. Joxe Azurmendi, Arantzazun gihartu ondoren ere, Alemaniako Renanian, Münster hiriko unibertsitatean bihurtu zen goi mailako filosofo eta pentsalari. Euskal pentsamenduari arrazoia eman dio eta pentsamendu espainiarra hitz elkarketa bera zuzenean oximorona ez baldin bada, behintzat oso ahula eta kontraesanez josia badela frogatu du, supremazismo funts gabeaz eta faltsifikazio sasifilosofikoz hondatua. Gabriel Arestik ez zuen etxetik aldegin beharrik izan, Euskal Herriko metropoliak, Bilbok, eskaini ziolako aukera bai teorikoa bai praktikoa euskal nazioaren eraikuntzan, klase sozialen arteko talka bizi ondoren, Anton eta Gillen proiektu berean batu behar direla ondorioztatzeko.
Euskal nazioaren arkitektura modu zientifiko eta akademiko, etiko eta estetiko akabatuan eskaini ziguten. Modu politikora ekartzea behar genuen, behar dugu. Ez genuen horretan asmatu etxegileok. Zergatik?
Sugeen modura, frankismoak muda egin zuen trantsiziora, lehengo azala abandonatuz. Suge berrituaren begiradak liluratu ditu garai batean antifrankismoan kokatzen ziren antolakunde politiko zenbait, eta sozialismo espainiarrak zein abertzaletasun tradizional euskaldunak Espainiako Estatua bihurtu dute kanpaleku, etxe berria (dela errepublika, dela independentzia) baztertuz. Abertzaletasun berriak arriskatu zuen luzaro gurean, pentsatuz indarra izan zitekeela erditze mingarri baina eragingarri baten baldintza, eta doluz zein damuz aitortu behar izan du Estatu ilun hori are indartsuagoa dela eta indar mota ilunenak ere konplexurik gabe erabiltzen dituela, dela estatu terrorismoa, dela tortura sistematikoa, dela kartzela arbitrarioa, bere desarrazoia inposatzeko, ezer negoziatu gabe. Ezin baitiote arrazoi demokratikoari biderik eman, ondorioz Estatuaren beraren desegiteari atea zabaldu gabe.
Zer egin orain, orduan? Nazioaren arkitektoek eman diguten diseinua hor dugu eskuragarri, eta honen nagusitasun teoriko zein demokratikoa ukaezinak dira gaur egun. Euskaldunok arrazoia dugu, katalanek arrazoi demokratikoa bere alde duten bezala independentziaren bidean. Baina diseinu hori gauzatzeko etxegile egokiak behar ditugu. Independentziarako bidea trazatu egin behar dugu, zehaztasunez, eta bidea egin egungo sistema politikoaren sareetan endredatu gabe. Bidean jarri Kataluniako independentisten modura, Eskozian eta Irlandan, adibidez, bide beretsua egiten ari diren etxegileen antzera. Independentziarako bide propioa Euskal Herrian. Ez sinbolikoa, ez itxura ematekoa. Etxe propioa lortzeko modukoa.